Seigarren urtea da irteera hau antolatzen duzula.
2011. urtean egin zen lehena eta harrezkero urtero egin da. Gehienetan udazkenean egin izan dugu, baina bakarren bat uztailean egin genuen. Alde handia dago; egunak luzeagoak dira, baina bero handia egiten du eta landaretza ere handiagoa da. Bestela irailetik azarora bitartean egin izan dugu urtero.
Eta nola sortu zitzaizun irteera hau egiteko ideia?
Batez ere liburuagatik. Zumaia, izena eta izana liburuak Zumaiako mugei buruzko atala du. Zumaiak muga egiten du Itziar-Debarekin, muga egiten du Aizarnazabalekin, Zestoarekin eta Getariarekin. Muga horiek aztertzen aritu nintzen, toponimoak ere badaudelako. Konturatu nintzen aukera zegoela ibilbide bat egiteko, ez mugalerroen gainetik, baina bai bideetatik. Hasieran bi egunetan egitea pentsatu nuen, bi larunbatetan jarraian. Luzea da (32 kilometro inguru dira), baina egun batean egiteko aukera zegoela ikusita, halaxe atera zen. Lehenengo urtean jendea gustura atera zen, ni ere bai, eta ordutik urtero egin dugu.
Urtetik urtera mugarri gehiago aurkitzen dituzue. Zenbat mugarri dauden ba al dakizu?
Sistematikoki ez gara bilaka ibili. Pasa garen bakoitzan bila ibili gara eta noizean behin berriak aurkitu ditugu. Gaur egun 30 inguru ezagutzen ditugu, baina gehiago daudela seguru. Urtetik urtera gehiago azaltzen dira edo deskubritzen ditugu. Badaude aztertu ez ditugun parajeak, adibidez, Beduatik Ibañarrietara doana. Autopista egiterakoan lurrak mugitu zituzten eta ez dugu begiratu ere egin. Eta badaude beste lur batzuk ez ditugunak bereziki aztertu, Meagatik autopistara jaisten dena, adibidez.
Zer garaikoak dira mugarri hauek?
Denetik dago. Nik uste zaharrena Pikotekoa izango dela, 1391. urtekoa dena. Oso mugarri desberdinak daude, batzuk formarik gabekoak dira, beste batzuk zuzenagoak diren. Tailatutako harriak ere badaude: alde batean Zumaiaren Z jartzen du eta bestean Zestoako C, adibidez. Jartzen du zer aldetara den herri bat eta nora bestea. Zaharrenek ez dute halakorik, ez zelako jartzen edo ez zelako beharrezkoa. Gero, Diputazioko akta batzuk daude non jartzen den nolako mugarria dagoen, hainbat zentimetrokoa, harri mota, etab. Mugarri batzuk hareharrikoak dira, besteak kareharrikoak, eta baita burdinezkoak ere. Muga hauek ez dituzte mugarriek bakarrik ezartzen; errekek ere muga egiten dute. Adibidez, Aizarnazabal eta Zumaia arteko muga erreka da.
Zentzu horretan harrigarria da oraindik ez dagoela zehaztuta Getaria eta Zumaia arteko mugak non dauden...
Berez Foru Aldundiak, herri batek eskatzen duenean, mugak zalantzan dituzten bi herrietako ordezkariak bildu eta terrenoa arakatzen du. Mugarriz mugarri ibiltzen dira eta ondoren akta sinatzen dute. Badakit Getariak ez zuela ontzat eman eta ez zuela sinatu. Badakigu mugarriak non dauden. Laia etxearen alboan dago bat eta marra zuzena bota Santiago ondoan dago bestea. Santiagoko hondartzaren zati bat Getariakoa da. Gero, badaude mugituta dauden mugarriak: Jadarreko zuloan, Gautxorin, mugarria tokiz mugituta dago. Urteak dira hala dagoela. Hara joan, neurtu, eta mugarria bere lekuan jarri beharko litzateke.
Nola planteatzen dituzu irteera hauek? Puntu bakoitzeko historia ere kontatzen al duzu?
Hori dena etortzen den jendearen arabera doa. Ikusten badut interesa dagoela, dakidana kontatzeko inongo arazorik ez dut. San Telmo kale aurrean elkartzen gara eta saiatzen gara taldea bere osotasunean mantentzen. Algorrira bitartean ondo joaten gara, baina behin haitzetan sartzen garenean taldea sakabanatu daiteke. Eguna aukeratzeko lehen baldintza mareak izaten dira. Urte batean gaizki kalkulatu nuen eta itsasgora zegoen. Menditik joan behar izan genuen eta Elorriagan jaitsi ginen harraldera. Haitzetatik joatea polita da askok ez dutelako ezagutzen. Algorritik Palankamugarriraino joaten gara (1895eko mugarria), handik igo eta bueltarekin jarraitzen dugu.
Egoera fisiko onean egotea beharrezkoa al da?
Denek ezin dute haitzetan ibili eta aldapak igotzeko zailtasunak dituztenak ere badaude. Baina ez da baldintza berezirik behar. Jende batek San Lorente arteko bidea egin izan du eta hurrengo urtean handik abiatzen dira ibilbidea amaitzeko. Zatika egiten dituzte. Ez da behin hasi ezkero bueltarik ez duen ibilbidea. Edozein unetan utzi daiteke. Gogorrena goiza izaten da, Elkanora bidean. Gero handik 16:30ak aldera ateratzen gara eta aldapa behera Zumaiara etortzen gara.
Pasa den urtean Yoseba Alonsok esan zizun irteeran jasotzen ez ziren mugarri gehiago zegoela.
Bai, egon ginen eta ikusi nituen. Hark esandako batzuk oraindik ezagutu gabe ditut. Olaberriko pertsona bat da eta herrietako mugarriak lokalizatzera dedikatzen da. Mugarrien inguruko lan batzuk egiten ditu eta Zumaiaren ingurukoa ere eginda dauka. Orain bi urte ikusi genuen mugarri batzuren goiko partea margotuta zegoela, gorri kolorez pintatuta. Bera zen. Ikusi genuen ez ginela bakarrak. Gonbidatu dut etortzera, ea posible duen. Nik uste nuen nire zaletasuna zela hau, baina ikusten dut jendeari ere gustatzen zaiola. Mugarrien inguruan historia ere badago: zergatik diren desberdinak, inguru bakoitzeko kontakizunak, etab. Perretxikoen bila zoazenean mota batekoa aurkitzean emozionatu zaitezken bezala, mugarriekin berdina gertatzen da. Palankamugarri, adibidez, harraldean dago eta Zumaia eta Deba arteko muga ezartzen du. Beti goialdean ibili nintzen mugarri horren bila. Pasatzen nintzen bakoitzean begira aritzen nintzen, baina ez zegoen goian: harraldean zegoen, baina zabalgunearen erdian. Burdinezko palanka bat da. Ez dakit hasierako bera den, ez dut inon irakurri aldatu dutenik, baina hainbeste olaturekin zaila iruditzen zait hasierakoa izatea. Askotan ondotik pasatzen gara eta ez gara konturatzen han daudenik. Andikan, adibidez, bide alboan dago hareharrizko mugarri polit bat.
Aurretik izena eman behar al da?
Egunean bertan azalduta ere ez dago arazorik. Komeni izaten da aurrez izena ematea bazkaria enkargatzeko Elkanon. Izena emateko imanol@azkue.eus helbidera mezua bidali beharko da.