Urteak daramatza ZIIZ taldeak Zumaiako industria ondarea ikertzen. Bildutako dokumentazio guztia aztertu eta antolatu dute, eta hainbat ekimen gauzatu dituzte informazio hori guztia gizarteratzeko: erakusketak, ziiz.eus webgunea... Baina taldearen helburua beti izan da eduki hauei guztiei egoitza fisiko bat aurkitzea, Zumaiak industriarekin izan duen eta duen loturak hainbeste merezi duelakoan.
Aukerak aztertu ondoren, iaz eskaera zehatza egin zion ZIIZek Zumaiako Udalari: Moilaberriko estazioan kokatzea industria ondarearen zentroa. Eraikina hutsik dago eta lotura zuzena du gaiarekin, garraiorako estazioa izan baitzen bere garaian (gero anbulatorio ere izan zen).
Joan den hilabetean, gutun baten bidez, Udal Gobernuaren erantzun falta salatu zuen ZIIZek. Baina badirudi gaiak egin duela bere bidea, biharko plenoan PSE-EEk mozioa aurkeztuko baitu, ZIIZen eskaera babestuz. EHBilduk ere bat egiten du ZIIZen proposamenarekin. Udal Gobernuak oraingoz ez du erantzunik eman, baina biharko plenoan nahikoak dira PSE-EE eta EHBilduren aldeko botoak mozioak aurrera egin dezan.
PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek prentsa ohar bidez egin ditu publiko mozioaren nondik norakoak. "Zumaiak ondare industrial oso garrantzitsua dauka, eta ezin dugu galtzen utzi; ondare hori pieza ezinbestekoa da herriaren industrializazioa eta bere ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren bilakaera ulertzeko", dio oharrak.
ZIIZek egindako lana ere goraipatzen du Marañonek: "Zorte handia daukagu herrian holako talde bat daukagulako; jakintza anitzeko taldea da, bertako industria oso ondo ezagutzen dute, eta adituak dira dokumentazioaren tratamenduan. Urte hauetan lan handia egin dute eta ezin dugu galtzen utzi; lagundu egin behar diegu, proiektua osoagoa izan dadin".
Eta horretarako espazio fisiko baten premia defenditzen du: "Ezinbesteko da egoitza fisiko bat izatea, industria ondarearen zentro bat sortzeko. Eta horretarako aukera bikaina da Moilaberriko Estazioa, bere kokapenagatik, ezaugarriengatik eta historiagatik". Estazioaren balio arkitektonikoak azpimarratzen ditu Marañonek, eta industriarekin daukan lotura zuzena. Gainera, "gaur egun eskura dagoen eraikin bakarra" dela deritzo, ez duelako beste erabilerarik.
Turismo bulegoa ere bertan
Industria ondarearen zentroaz gain, eraikinaren beheko solairuan turismo bulegoa kokatzea proposatuko du PSE-EEk biharko mozioan. Turismo bulegoak bultzada bat behar du, garai berrietara egokitu behar da, eta uste dugu oso interesgarria dela eraikin berean beheko solairuan kokatzea".