Moilaberriko panela
Itsas kiroldegiaren ondoan, bidegorriaren bazterrean, egurrezko panel bat jarri zuten mutu duela egun asko eta orain bete dute edukiz: “Txakolinaren ibilbidea” dio orain, eta sustatzaile ugari dauzka (eskualdeko udalak, Mankomunitatea…). Ez diot helduko panel horren beharrari edo edukiari (mamiari, Euskal Herriko mapa jarri beharrean EAEko mapa jartzeari…), beste nonbaiten jarri nahi dudalako fokua: eskuinaldean ageri den testuan. Bi zutabetan dago idatzita, ezkerraldean euskaraz, eskuinaldean gaztelaniaz, oso irizpide egokiekin, ezkerretik hasten garelako normalean irakurtzen. Baina gaztelaniazko letraren kolorea ilunagoa da, beltzagoa, euskarazkoa baino, eta nabarmenagoa da irakurtzeko; tituluan ere, hondo ilunaren gainean, nabarmenago dago kolore zuriz idatzitakoa, gaztelaniazkoa, euskarazkoa baino. Nora joango zaigu begia, zer irakurriko dugu lehenengo? Gaztelaniazkoa. Alferrikakoa da kokalekuaren bidez euskarazko testua nabarmentzeko ahalegina, kolorearekin ere asmatu ezean.
Aranzadiren erakusketa, Alondegian
Txalotu beharra dago Aranzadi egiten ari den lana, eta erakusketan oso ondo adierazita dago panelen bidez, baina hor ere ez dut jarri nahi fokua, erabilitako hizkuntza-irizpidean baizik. Panelak euskaraz eta gaztelaniaz daude, oso ondo, baina beti lehenengo gaztelaniaz eta gero euskaraz. Zergatik? Zer irizpideren arabera? Testua horrela erakutsita, zer irakurriko dugu lehenengo? Gaztelaniazkoa. Eta euskaldunok gaztelaniaz ere badakigunez, nondik hasiko gara irakurtzen? Gaztelaniazkotik. Eta maite dugulako, militantziagatik edo dena delakoagatik, agian, bilatuko dugu euskarazko testua eskuinaldean edo azpialdean (batzuetan oso behean, belaunen paretik gertuago burutik baino).
Bi adibide dira, erakusteko euskaraz egotea ez dela nahikoa. Bi hizkuntzak ezin dira berdin tratatu, ezinezkoa da, lehentasuna eman behar zaio bati edo besteari, eta hori lortzen da, besteak beste, kokalekuarekin (ezker-eskuin, goi-behe) eta letraren tamainarekin, kolorearekin, estiloarekin... Tamalez, gurean gaztelania eta euskara ez daude egoera berean, euskarak gaztelaniak baino gehiago behar du eta ez da bidezkoa gaztelaniari lehentasuna ematea.