“Euskararen ardatza sendo badugu, ez dugu beldurrik izan behar beste hizkuntzak erabiltzeko”

Baleike 2017ko ots. 23a, 12:10

Maialen Lujanbio bertsolariak euskararen balioaz eta beste hizkuntzen zubigintza lanez jardun zuen Konpasaren orratza euskaratik zirkuluak marrazteko izenburua jarri zion hitzaldian, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan. Bertsolaritza euskara hutsean izateagatik horrek ematen dion balio erantsia ere azpimarratu zuen.

Jende asko inguratu zen atzo arratsaldean Alondegira. Euskararen gaia filosofia eta poesiaren ikuspuntutik emango zuela esanez hasi zuen hitzaldia Maialen Lujanbiok. Bertsolaritza hartu zuen abiapuntu. Bere iritziz, bertsolaritzak orokorrean, eta bertso eskolek partikularrean, gazte nahiz helduak euskarara erakartzea ahalbidetu dute.

Jakin badakigu gizarte eleaniztunean bizi garela, eta oso zaila dela euskararen balioa gizarte honen jardunera ekartzea. Baina euskarak eremu eta bide jakin batzuetara zabaltzen gaitu, eta horietako bat bertsolaritza da. “Bertsoek esaterako, balioa eman die euskarari. Zergatik? Soilik euskaraz direlako eta ez dutelako konparagarririk inguruko hizkuntzetan. Bertsolaritzak estrategia bat eraman du aurrera eta asmatu du. Jardun autozentratua da, bere logika baten arabera egiten du bidea, eta bere bokazioa zabaltzea baino sustraitzea eta sakontzea da” esan zuen.

Hizkuntzen arteko zubigintza

Nazioarteko bat-bateko kantuaren topaketa hartu zuen adibide Maialenek. Bertan, hainbat herrialdetan bat-batekotasuna lantzen duten pertsonak elkartu ziren. Bakoitzak bere hizkuntzan jardun zuen, elkarren pare. Oholtzatik jaitsi ondoren baina, gaztelaniara edo ingelesera jo zuten elkarrekin hitz egiteko. “Hizkuntza hegemonikoen bitartez sortu zen gure arteko harremana, komunikazioa” aipatu zuen.

Hizkuntz eskubidea babestu beharra dagoela gogorarazi zuen, batez ere hizkuntza gutxituen kasuan. “Zortea da eleaniztunak izatea. Gure buruari aitortu behar diogu. Ardatza euskaran jartzea ez da nork bere zilborrari begira jartzea. Ardatza sendo badugu, ez dugu beldurrik izan behar beste hizkuntzak erabiltzeko” adierazi zuen.

Ama hizkuntza azala da, haragia, gorputza. Ez da muda aldagarri bat. Hezkuntza mailan esaterako D ereduak bakarrik sortzen ditu pertsona eleaniztunak, baina ardatza non jarri behar den ongi jakin behar da. Izan ere arazoa gertatzen da zubigintza moduan erabiltzen den hizkuntza nagusi hori, zubi beharrean, bizileku bihurtzen denean. “Ardatza finkoa ez bada, ez du indarrik eta komunikaziorako bidea lehenetsiko da. Komunikazio nahia zilegia da, naturalena, ederrena. Baina botere jokoak hor daude” azpimarratu zuen.

Errazkeriara joaten gara askotan, hala. Komunikazioaren mesedetan, hizkuntza hegemonikoen aldeko hautua egiten dugu. Hizkuntza gutxitua izanda, euskaldunak txikiak sentitzen gara askotan. “Ardatza finko izanda ere, konpasa ireki beharrean itxi egiten dugu. Konplexurik gabe bizitzen jakin behar dugu”.

Exigenteak izan behar dugu geure buruarekin, eta geure buruarekiko sinesmena izan. Autokonfiantza da giltzarria. “Munduko onenak izateko konplexurik gabe lan egin behar dugu. Eleaniztunak izaten jarraituko dugu, doble lan izango dugu eta doble onak izan beharko dugu, baina zortea dugula pentsatuz. Ardatzari finko eta tinko eutsiz”.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide