Hizkuntzen aberastasuna

Baleike 2017ko ots. 28a, 11:17

2012az geroztik Zumaiako Udaleko Euskara Sailak antolatzen duen ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloaren azken aurreko hitzaldia izango da bihar 18:30ean, Alondegian. Badihardu Euskara elkarteko kide den Idoia Etxeberria izango da gonbidatua eta 101l proiektua zer den kontatzeaz gain, egun Zumaian hitz egiten diren hizkuntzen inguruko azterketaren berri emango du.

Badiharduren proiekturik nagusiena Euskal Herriko Ahotsak izeneko egitasmoa da. Ahozko ondarea jasotzeko helburua du, eta horretarako, bereziki, adineko pertsonak elkarrizketatzen dituzte, tokian tokiko euskara jasoz eta garai bateko bizimodua nolakoa zen ezagutuz. “Egitasmo honetatik abiatuta pentsatu genuen polita izan zitekeela beste hizkuntzak jasotzea. Horrela sortu zen 101l proiektua” adierazi du Idoia Etxeberriak.

101l proiektua 2015eko maiatzean Olatu Talka egitasmoaren barnean hasi zuten. Hala, Donostian bizi ziren atzerritarrei elkarrizketak egiten hasi ziren eta hizkuntza asko jaso zituztela konturatu ziren. “Proiektuarekin jarraitzea posible zela ikusi genuen, eta gainera Donostia 2016tik diru laguntza bat jaso genuen, hain zuzen, herri epaimahaiak ematen zuena. Ondorioz, eta batez ere iazko urtean, Donostian ibili ginen elkarrizketak egiten” aipatu du. Era berean Zumaiako Udalaren deia jaso zuten, eta Donostian egiten ari ziren bezala, Zumaiako hizkuntz aniztasuna ikertzeko eskaera egin zieten.

Gutxienez 33 hizkuntza

Iazko urria amaiera eta azaroa hasiera artean burutu ziren elkarrizketak Zumaian. Guztira 27 elkarrizketa egin ziren. Horietatik 14 emakumezkoak izan ziren, eta 13 gizonezkoak. “Elkarrizketak bi zati ditu. Lehenengoan elkarrizketatuari bere esperientziaz galdetzen zaio: nolatan etorri den Euskal Herrira, integrazioari buruz, hizkuntzak ikasteko prozesuari buruz, zer botatzen duen faltan jatorrizko herrialdetik, zer gustatzen zaion hemendik, zer iritzi duten euskaldunei eta Euskal Herriari buruz... Horretaz gain, bere jatorrizko hizkuntzaren inguruan datuak jasotzen ditugu. Adibidez, non hitz egiten den, zenbat hiztun dituen…” kontatu du Idoiak.

Elkarrizketaren bigarren zatian hiztegia lantzen da. Helburua jatorrizko hizkuntzaren hiztegia jasotzea da. “Kasu honetan guk oinarrizko 20 hitz esaten dizkiegu, eta beraiek itzuli egiten dituzte beraien hizkuntzan. Honi esker, euskarazko hitzak hainbat hizkuntzetan gordetzea lortzen dugu” aipatu du. “Honetaz gain beraien hizkuntzan gustuko hitz bat edo esaldi bat esateko eta zer esanahi duen esatea diegu. Bukatzeko, eta animatzen badira, beraien hizkuntzan noski, kantu bat abestea esaten diegu. Ez badute nahi, poema edo esaera zaharren bat esatea eskatzen zaie” jarraitu du.

Elkarrizketa denak bi hizkuntzetan egin dira. Euskaraz eta beraien jatorrizko hizkuntzan, edo gaztelaniaz eta beraien jatorrizko hizkuntzan. 27 elkarrizketatik zazpi bat egin dira euskaraz. “Kasu batzuetan bazeuden pertsonak nahiago zutenak elkarrizketa gazteleraz egin, nahiz eta euskaraz dezente ulertu. Baina aipatu behar dut euskararekiko jarrera oso ona dutela orokorrean. Batzuk oso gutxi dakite baina jarrera ona dute” gaineratu du.

Zumaian guztira 33 bat hizkuntza hitz egiten direla ondorioztatu da. Burutu diren elkarrizketa horietatik 27 hizkuntza atera dira, eta euskara eta gaztelania gehituta 29 daude. “Beste bi hizkuntza ere identifikatu genituen baina ez zen posible izan pertsona horiek elkarrizketatzea. Hizkuntza bat poloniera zen, eta bestea Manbara” aipatu du. Hauetaz gain, asturiera eta galiziera ere hitz egiten dira Zumaian. “Beraz, gutxienez 33 hizkuntza hitz egiten dira, baina beno, egongo dira agian guk ez ditugunak lokalizatu” esan du. Hizkuntza gehienak europarrak dira. “Afrikarrak ere dezente daude, bederatzi uste dut. Senegaldarren artean bakarrik bost hizkuntza ezberdin atera dira, adibidez” azpimarratu du.

Biharko saioan elkarrizketa guzti hauek laburtzen dituen 35 minutu inguruko ikus-entzunezkoa aurkeztuko da, baina elkarrizketa guztiak 101l-ren webgunean ikusteko aukera dago, online eta lizentzia librearekin. “Ordu asko ditugu grabatuta eta horiekin webgunea osatu dugu. Orrialdeak hainbat atal ditu. Elkarrizketak atalean adibidez, pertsonei elkarrizketak egin ahala, hurrenkera horretan, azaltzen dira bideoak. Hasierako gehienak Donostian egindakoak dira beraz, baina bukaeran Zumaiakoak daude” kontatu du. Bideoak landuta daude, eta pertsona bakoitzak adierazitako pasarte interesgarrienak ikus-entzun daitezke. Gaiak atalean berriz, protagonisten iritziak gaien arabera sailkatu dituzte. “Zumaian egindako grabaketa guztien ondoren, webean 480 bideo baino gehiago sartu genituen. Sailkapenik egin ezean oso zaila izango zen zerbait aurkitzea. Beraz, eredu hau egitea adostu genuen”.

Idoiarentzat oso esperientzia polita eta interesgarria izan da. “Asko ikasten da. Gainera konturatzen zara zer gutxi dakigun bizilagunari buruz. Horretaz gain aniztasun hau oso ezkutuan dagoela ondorioztatu dut. Ez guretzat bakarrik, beraientzat ere bai. Ez dira kontziente zein anitza den gizartea. Azkenean denok bizi gara bakoitza bere munduan, bere gauzekin, bere bizitzarekin, bere egunerokotasunean murgilduta” amaitu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide