Kirolari eta kirolzale amorratu da Ainhoa Azurmendi (Hernani, 1978). Psikologia ikasketak amaitu zituenean, genero berdintasunari buruzko master batek eman zion emakumeak kirolean pairatzen duen diskriminazioa aztertzeko aukera. Orduz geroztik, erabat espezializatu da gaian, eta ikuspegi ezberdinetatik landu du. Amaitzen ari den doktore tesiak ere zerikusi zuzena du gaiarekin: zergatik hain emakume gutxi entrenatzaile edo epaile? “Garbi dago gizonezkoei oraindik kosta egiten zaiela emakumearen autoritatea onartzea, are gehiego kirolean”.
Emakumea eta kirola aipatzen direnean, “mito asko” daudela dio Azurmendik. “Askotan esaten da emakumeari ez zaiola gustatzen lehiatzea. Hori ez da horrela. Denetarik dago, mutiletan bezala”. Psikologiaren ikuspegitik, ordea, ezberdintasunik aurkitu du gizonen eta emakumeen artean: “Mutilei zer egin behar duten esan, eta esplikaziorik eskatu gabe egingo dute; emakumeei esan behar zaie zer egin behar duten, eta, gainera, zergatik”.
Oraindik ere emakumeek oztopo gehiago dauzkate kirola egiteko gizonezkoek baino. Baina noiz eta nola hasten da desoreka hori?
Nire ustez, umetokian gaudenetik. Zergatik galdetzen dugu hainbeste neska edo mutila izango den? Gero koloreen kontua dator. Bereizketa horrek bizitza osoa markatzen digu. Koloreek estereotipo batzuekin lotzen gaituzte. Kolore beroak eta epelak, sentimenduekin, graziarekin, elegantziarekin lotu dira, emakumeek txikitatik berez omen dauzkagun ezaugarriekin; arlo pribatuko rolak daude ezugarri horiei lotuta: umezaintza eta abar… Gizonen kasuan, kolore hotzagoak, arrazionaltasuna, zorroztasuna, objektibotasuna eta kontrola adierazten dutenak, eta fisikoaren aldetik abiadura, indarra, potentzia… Eta ezaugarri horiei lotuta arlo publikoko rolak: ardura produktiboak, botere guneak eta abar. Txikitatik, koloreen bitartez, hasten gara bidea markatzen. Haurrei ezartzen zaien kontrol maila ere ezberdina da mutilak edo neskak izan.
Mutila bada, baloia oparitzen zaio; neskari, berriz, panpina...
Txikitan mutikoari baloia ematen badiogu eta neskatoari ez, hor ari gara lehen desoreka sortzen. Mutikoak psikomotrizitatea askoz gehiago landuko du baloiaren atzetik, eta tresna horiekin askoz erosoago sentituko da. Sei urteko neskato bati baloia botatzen badiozu, bere erreakzioa da eskuekin kolpetik babestea. Gainera, mutilei aitortzen zaie “mugitzeko beharra”, baina neskei ez, eta neskak berdin-berdin gaude mugitzeko eginak. Jolasetan ere segituan bereizten dugu.
Beraz, hasiera-hasieratik ari gara neskato horrek kirolean aritzeko izango dituen aukerak baldintzatzen, etxetik bertatik. Eskolan zer topatuko du?
Lehen begiradan, eskolan ez dirudi neskak oztoporik duenik kirola berdintasunean egiteko. Baina arazoak egon badaude. Nahiz eta curriculumean hezkidetza sartuta egon, 2014ko ikerketek diote heziketa fisikoko irakasleek ere ez dakitela berdintasunean hezten. Askok ez dute ikasi hori nola landu behar den. Kirolak aukeratzean ere oraindik nabarmenak dira estereotipoak, nahiz eta hor ere aurrerapausoak eman diren. Herriz herri begiratzen hasten bagara, aukeratzeko orduan zerikusi handia du ondoren neskato edo mutiko horrek izango duen eskaintzak, zer kirol izango dituen aukeran kirol federatuan, zein diren erreferentziazko kirolak, eskaintzaren kalitatea...
Beraz, eskola kirolean, ez dago bereizketarik eskaintzan, baina inguruneak oraindik egiten ditu bereizketak...
Adibidez, errazago onartzen zaio neska bati kirola uztea, edo partida batera ez joatea, mina duelako edo hilekoa duelako, edo familiarekin bazkaria duelako... Txikitatik erakutsi behar zaie neskei eta mutilei kirola ikasketekin uztartzea ona dela, talde kirola egitean bizitzarako gauza asko ikasten ditugula: talde pertenentzia, lidergoa, erabakiak hartzea, haserreak bideratzea, konpromisoa... Balio horiek ez zaizkigu erakusten. Askotan gertatzen da, eta ez da Zumaiaren kasua, mutilek aukera dutela, adibidez, futbolean txikitatik klubeko parte izateko, eta klubeko kamisetarekin jokatzen dute; neskek ez dute aukera hori eta eskolako kamisetarekin jokatzen dute. Horrelako detaileak gertatzen dira oraindik.
Eta gurasoek berdin tratatzen al dituzte seme-alabak kirola egiteko orduan?
Ez, normalean neskak ahulago direla kontsideratzen dute. Mutilari errazago uzten zaio euripean partida jokatzen neskari baino; hori neuk ikusi dut.
Eskola kiroletik kirol federatura pasatzean, gauzak are gehiago zailtzen zaizkie emakumeei, ezta?
Orokorrean, kirol federatua tradizioz izan da gizonek gizonentzat egina. Egiturak eta funtzionatzeko moduak oso maskulinoak izan dira beti. Orduan, eskolatik klub batera salto egitean, aldaketa handia sumatzen dute neskek. Eta ohartzen dira beraiek bigarren mailakoak direla, mutilek dutela lehentasuna. Hori sumatzen dute ingurunean.
Zertan sumatzen dute diskriminazioa?
Adibidez, baliabideak banatzean. Falta direnean entrenatzaileak, normalean nesken taldeetan falta dira; entrenatzaile onenak mutilekin egoten dira eta maila gorenetan –berez, haurrekin egon beharko lukete, hasten ari direnei ondo erakusteko–. Hori oso barneratuta dago. Ordutegi okerrenak (jokatzeko eta entrenatzeko), material okerrena, bidaiak baldintza okerragoetan... Hori, kirola orohar aztertuta, horrela da oraindik.
Eta, gainera, erreferenteak falta zaizkie...
Kirolari ezagun gehienak gizonezkoak dira, entrenatzaileak, epaileak... Ia denak gizonezkoak. Erreferenteak behar dituzte neskek. Adibidez, Zumaian neska arraunlariek lortu dutena oso garrantzitsua da herriko neskentzat, ikusten dutelako arrauna ere badagokiela. Profesionala izatea zaila da mutila izanda ere, baina kirol egituretan askoz errazago egiten du bidea gizonezkoak, entrenatzaile, klubeko zuzendaritzan, federazioan ,epaile... Emakumeak ez ditu aukera horiek ikusten.
Emakumeek nerabezaroan gorputzean dituzten aldaketen ba al dute eraginik?
Emakumearen gorputzari lotutako mitoak ere ez dira falta: hilekoa dela, bularrak direla... Hori guztia ez da naturaltasunez tratatzen eta orduan kezkak eta beldurrak sortzen dira emakumeengan, eta batzuek lotsagatik kirola utzi egiten dute. Baina aldaketa horiek, berez, ez dira arazo kirola egiteko.
Eta aipatutako guztiak zer ondorio ditu?
Hori dena ikusita, oso ohikoa da kadete mailan hasi eta 14-15 urte betetzean kirola uztea. Barneratzen dute kirola ez dela bizitza osoan egingo duten zerbait. Gurasoen aldetik ere, neskei gehiago adierazten zaie aurrena ikasketak daudela eta gero, denbora badute, kirola. Azkenean, mezu asko dira neska hori kirola lagatzera bultzatzen dutenak.
Hala ere, oztopoak oztopo, kirolean aurrera egin duen neskak zer oztopo dauzka profesionaltasunaren koska gainditzeko?
Senior mailan oso emakume gutxi daude federatuta. Goi mailako kirolarien artean egin genuen ikerketa batean ikusi genuen mutilek gehienetan fitxaketagatik aldatzen dutela kluba; neskek, berriz, beste arrazoi batzuk zirela medio: entrenatzailearekin gustura ez egotea, lagunak joan izana... Neskek, orohar, ez dute kiroletik bizitzeko espektatibarik, eta, horren ondorioz, beste kontu batzuk baloratzen dituzte gehiago.
Mutilen aldean, oso gutxi izango dira kiroletik bizi diren emakumeak, ezta?
Emakumeek oso barneratuta daukate hobe dutela karrera bat ikastea, bizitza profesionala ez dutelako egingo kirolarekin. Eta hori datuetan ikusten da. Lehen aipatutako ikerketan ikusi genuen nesken % 50ek zuela goi mailako ikasketaren bat; mutilen artean, bakar batek ere ez. Kirola beste lanbide batekin uztartzen duten emakumeen ehunekoa bikoitza da mutilen aldean. Emakumeen kezka izaten da kirol ibilbidea gehiegi luzatuz gero, lan merkatutik kanpo gera daitezkeela.
Eta horri gehitu behar zaio amatasunaren kontua...
Dudarik gabe, goi mailako emakume kirolarien artean ardura eta kezka handienetako bat da amatasuna. Nola programatu, zer egin, amatasunaren ondoren zer... Duela gutxi arte amatasunarekin amaitzen zen emakumearen kirol ibilbidea. Orain, zorionez, hainbatek erakutsi dute amatasuna ez dela muga kirolean jarraitzeko. Kasu askotan, indartsuago bueltatzen dira, eta lesio kronikoak sendatzen zaizkie haurdunaldiari esker.
Eta emakumeek kirola bere osotasunean gozatzeko aukera izan dezaten, zer egin behar da? Nondik hasi?
Hasteko, garrantzitsuena da kirolarekin gozatzen txikitatik erakustea, norberak nahi duen moduan eta askatasunez, bizitza guztian bilatuko dituzun sentsazio horiek txikitatik esperimentatzea. Horretarako hezitzaileak prestatu behar dira. Gero, aukera berberak eman behar zaizkio haurrari neska edo mutila izan, bestela txikitatik ari zara bere gaitasunak garatzeko daukan potentziala mugatzen. Eta eskaintza ere aldatu egin behar da, formula berriak landu.
Jar dezakezu adibide konkreturen bat?
Esate baterako, azken urteotan Gipuzkoan lau programa egin dira emakumeei zuzenduta, arraunean, surfean, piraguan eta pilotan. Sekulako arrakasta izan dute. Emakume arraunlari programa hiru hilabetez egin zen eta parte hartu zuten 40 emakumek, 15 eta 50 urte artekoak. Zarauzko arraun elkarteak egin zuen, Orion. Zergatik arrakasta? Hasteko, sekula ez dutelako izan probatzeko aukerarik. Horrez gain, eskaintza bereziki beraientzat pentsatua dagoelako, mutilekin borrokan ibili gabe materiala dela edo ez dela... Piraguarekin berdin. Kontxan egin zen, bost egunez. Jendez gainezka. Emakumea surflari programarekin beste horrenbeste. Konturatzen bazara, naturarekin zerikusia duten kirolak dira. Gure sozializazioan ez dugu hori hainbeste esperimentatu eta sentsazio berriak dira. Azken finean, emakumeentzat propio pentsatutako kalitatezko eskaintza landuz gero, arrakasta izango du.
Eta egituretan, klubetan, zer egin beharko litzateke?
Klub askok urrats handiak egin dituzte berdintasunaren bidean, hori ukaezina da. Baina badaude klub batzuk emakumearen kirolaren aldeko apustua egin dutenak, soilik emakumeengan pentsatutako eskaintza landu dutenak. Eta horiek sekulako arrakasta ari dira izaten.
Esate baterako?
Adibidez, Gasteizko Araski, saskibaloian. Lauzpabost urtean 25-30 talde izatera iritsi dira, denak emakumeenak. Arabako eskola kirola Gipuzkoakoa baino apalagoa da, baina sekulako hazkuntza izan dute. Zergatik? Propio emakumeei zuzendutako eskaintza dutelako. Seniorrak joaten dira neska gazteenen entrenamenduetara, haiek erreferenteak izan ditzaten. Sekulako lana egin dute klub modura eta harmailak bete egiten dira. Eta emakumeen kluba da. Sortu ere emakume batek sortu zuen. Eta hor alde handia dago. Emakumeak boterea hartu du. Espazioa berea da.
Ibilbide osoa egin dugu, emakumea jaio denetik goi mailara iritsi den arte. Zer gertatzen da emakume horrek klubeko kirola lagatzen duenean?
Askotan, kirola egiten jarraitu nahi du, baina kiroldegietan aurkitzen duen eskaintzak zerikusi gutxi du aurrez bizi izan duenarekin. Talde kirola egin duenak, taldearen inguruan eraikitzen diren balio horien falta sumatuko du, sozializazioa galtzen da. Kiroldegikoa gehiago lotzen da estetikarekin, sasoia mantentzearekin. Mutilek errazago jarraitzen dute koadrilan bildu eta noizean behin partidak jokatzen, kirolaz lehen bezala gozatzen. Kiroldegietan eskaintza hori falta da: eskubaloi edo saskibaloi partida halako egunean, halako orduan eta izena emateko aukera, adibidez. Edo pala, mendia edo dena delakoa.
Eta hor badago beste tranpa bat. Kirola taldean egin edo bakarka, alde handia dago etxeko lanekin bateragarri egiteko orduan. Gizonezkoak konpromisoa du taldearekin, emakumeak ez. Beraz, emakumeak errazago utziko du kirola etxeko lanari heltzeko.
Askotan azpimarratzen da aldea dagoela gizonezkoen eta emakumeen kirolaren artean, gizonezkoek marka hobeak lortzen dituztela, ikusgarriago dela...
Konforme, baina emakumeak oso denbora gutxi darama kirol askotan, baldintza eskasagoetan... Hobetzeko tartea askoz handiagoa da emakumearen kasuan, potentzial handiagoa du. Kalitatezko eskaintza batekin lantzen denean, jauzia sekulakoa da.
Eta zer irudituko litzaizuke, adibidez, traineruak emakumeen ezaugarri fisikoetara egokitzea, edo saskibaloiko uztaia pixka bat beherago jartzea? Hau da, gizonezkoen neurrietarako diseinatutako kirola emakumeen ezaugarrietara egokitzea.
Uste dut halako planteamenduei ez zaiela beldurrik izan behar. Aztertu egin behar da kasu bakoitza. Traineruak pentsatuta daude gizonen neurri eta pisurako. Ontziak egokituko balira, emaitza hobeak lortuko lirateke agian. Eskubaloian, adibidez, egin da azterketa hori baloiaren neurriarekin. Aztertu eta probatzearen aldekoa naiz.
Berdintasunaren bidean urratsak egin diren arren, oraindik asko falta da. Non aurki ditzakegu eredu onak?
Emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak gizarteko arazo estrukturala da, eta leku guztietan gertatzen da. Hori esanda, kirolean badaude oso aurretik doazen herrialdeak. Adibide oso onak dira Kanada, Australia eta Erresuma Batua. Oso aurretik doaz politiketan, ikerketan, diskurtsoan. Hemen plangintza falta da, helburuak, bideak... Hori gertatzen da hezkidetzatik hasita hezkuntzan. Egiturak aldatzea kosta egiten da, eta kirola gizartearen ispilu da, baina kiroletik ere eragin daitezke aldaketak.