Lehena hitza hartzen, EAJ ordezkari Luke Uribe Etxeberria izan zen. Honek, EAJk hasieratik Gure Esku Dagoren dinamika «oso positibotzat» jo zutela azaldu zuen. Izan ere, Etxeberriaren hitzetan dinamika «inklusibo eta apolitikoa» da, ez baitu kontuan hartzen jendearen afiliazio politikoa edota bakoitzaren alderdia ezberdinen arteko elkarlana sustatzerako orduan. Azkenik, Zumaian ospatuko den galdeketen gisakoak gizartea zatikatzen dutela esaten dutenei mezua utzi nahi izan zien EAJko legebiltzarkideak bere lehen hitzartzean: «Demokraziak ez du herri bat zatitzen, alderantziz, indartu egiten du».
Bigarrenik, Marian Beitialarrangoitiak hartu zuen hitza. Bere lehen aipamena, asteotan Espainian Alderdi Popularrak izandako ustelkeria kasuak gogoratzeko izan ziren. «Espainiak uzten digun faktura PPren ustekeria edota Sanjurjo faxistari eginiko omenaldiak dira, honetatik askatzeko bide onena ordea, gure herriari erabaki eskubidea aitortzea», adierazi zuen Madrilgo gortetan diputatu den Beitialarrangoitiak. Argi utzi nahi izan zuen, bere alderdiak sostengu osoa adieraziko diola maiatzaren 7ko herri galdeketari, baina alderdi bezala, beti errespetatuko dutela Gure Esku Dagoren autonomia.
Azkena hitza hartzen Podemos – Ahal Duguko ordezkari Juantxo Iturria izan zen. Honek galdeketa «demokratiko eta positibotzat» jo zuen baita ere, baina herritarrek lurraldetasun gaiaren inguruan soilik ez, gai sozioekonomikoetan erabakitzeko eskubidea ere badutela gogoratu zuen. Podemosek halako herri ekimen bat sostengatzeko arazorik ez duela argudiatu zuen, Iturriaren ustez lau urtetik behin hauteskundeetan botoa ematea soilik ez baita nahikoa.
Ondoren, eztabaida irekia piztu zen hiru ordezkari politikoen artean. EAJko ordezkariak gai sozioekonomikoen inguruko galdeketei erabakitze eskubide izendapena ukatu baitzen. EH Bildu eta Podemoseko ordezkariek ordea, burujabetza «herritarrek gai guztien inguruan erabaki ahal izatea» zela argudiatu zuten. Bestalde, Etxeberriak eta Beitialarrangoitiak argi utzi zuten beren baiezko botoa euskal Estatuari, Iturriak ordea, Euskal Herrian erreferendum ofizial bat ospatzen den egunean, Podemos Euskadik emango zuen erantzunaren inguruan eztabaida irekiko zutela adierazi zuen.
Alderdien arteko ohiko ika-mikak alde batera utzita, hirurek egin zieten dei bertaratuei eta gainerako zumaiar guztiei maiatzaren 7an izango duten galdeketan parte hartzera.