Bost bide, bere geltoki eta ordutegiekin; bost bide, herriko haurrak eskolara seguru joateko, helduen zaintzarik gabe. Bost bide, azken finean, herria erosoago, seguruago eta bizigarriago izan dadin, baita haurrentzat ere. Hori da gurasoak, bi eskolak eta Udala lantzen ari diren proiektuaren lehen emaitza.
Herriko auzo eta gune nagusiak kontuan hartuta, oinezkoen bost ibilbide nagusi diseinatu dituzte, horien gainean proiektua lantzen hasteko. Bide bakoitzak bere geltokiak izango ditu, eta geltoki bakoitzak bere ordutegia. Haurrak geltokietan bilduko dira eta, zehaztutako ordua iristean, elkarrekin abiatuko dira eskolarantz. Tarteko geltokietan haur gehiago batuko zaizkie eta, horrela, multzoka, haurrak elkarrekin joango dira eskolara. Sistema bospasei urtetik gorakoentzat dago pentsatua eta, hasieran txikienek helduen laguntza beharko dutela aurreikusi duten arren –bidea eta sistema ikasi eta konfiantza hartu arte–, helburua da haurrak bidea heldurik gabe egiteko gai izatea.
Betiko kezka, irtenbide berritzailea
Eskolako sarrera eta irteera orduetan kotxeek eragiten duten arriskua izan da aspalditik gurasoen kezka nagusietako bat. Zumaiako Herri Eskolako gurasoek, esate baterako, urteak daramatzate Udalari udaltzain gehiago eskatzen bideak zaintzeko, baina Udalak ez du nahikoa baliabiderik sarrera-irteera guztiak zaintzeko.
Arazoari beste irtenbide bat aurkitu nahian, duela bi urte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako diru-laguntza programa baten berri izan zuten Herri Eskolako gurasoek. Haurren osasuna, autonomia eta segurtasuna garatzeko ekimenak laguntzen ditu programak, eta bere baitan hartzen ditu eskolara joateko bide seguruak lantzeko ekimenak. 2015-2016 ikasturtean, egoeraren diagnostikoa egiteko diru-laguntza lortu zuten Zumaiako Herri Eskolako gurasoek eta ekimenera batzeko proposamena luzatu zieten Maria eta Joseko gurasoei, bi eskolei eta Udalari, gaiak herri mailako lanketa eskatzen zuela ikusita. Projekta Urbes enpresako arkitektoen laguntzarekin, iaz aztertu zuten ikasleak nola joaten diren eskolara eta zer arrisku dauden.
Diagnostikoaren ondorio nagusiak
Diagnostikoaren arabera, ikasle gehienak oinez joaten dira eskolara, gutxi dira egunero kotxez eramaten dituztenak. Baina, oinez joaten direnetatik, askok helduek lagunduta egiten dute bidea, bai behintzat 9-10 urte bete arte. Eta azterketaren bigarren ondorioa da eskola atariak direla arrisku gune larrienak, kotxearekin ia atearen pareraino iristeko joera dagoelako. Haurrak eta kotxeak espazio berean nahasten dira eta horrela sortzen dira arrisku egoerak –susto bat baino gehiago gertatu da–. Beraz, iazko lanak garbi utzi zuek neurriak bi norabidetan hartu behar direla: alde batetik, bide seguruak diseinatu eta antolatu behar dira, haurrek helduen zaintzarik gabe bidea arriskurik gabe egin dezaten; bestetik, eskola sarrerak leku seguru bihurtu behar dira. Bi lan horiek dira, hain zuzen ere, 2016-2017 ikasturtean landu direnak.
Oraingoz, ibilbideak diseinatu dira, geltokiak zehaztu dira eta ordutegiak ezarri ere bai. Baina oraindik adosteko dago hori guztia nola bisualizatuko den, bideak nola markatuko diren, geltokien seinaleak nola jarriko diren. Hori guztia Udalarekin landu behar da alde guztiek osatu duten mahai teknikoan. Gainera, bideak definitiboki zehaztu baino lehen, probatu egingo dira ekainaren 19ko astean, iritziak jasotzeko. Bideak, geltokiak eta ordutegiak mapa interaktiboan dauzkazue, eta iritzia eman daiteke helbide honetara idatzita: zumaiakoeskolabideak@gmail.com.
Eskola atarietako arazoa
Eskola bideez bideez gain, beste neurri batzuk ere proposatu dituzte, batik bat, eskola atarietan gertatzen diren arrisku egoerak saiheste aldera. Arrisku horiek ekiditeko, hirigintza mailan hartu beharreko zenbait neurri arin landu dituzte, bi helburu nagusirekin: kotxeak polikiago ibiltzea eskola inguruko errepideetan, eta kotxeak eskola atarietaraino ez gerturatzeko neurriak. Neurri hauek ere mahai teknikoan aztertuko dituzte, Udalaren ardura baita hirigintzako neurriak hartzea.