Flysch Trail lasterketaren ajeak oraindik jarraitzen du, eta igandean erabili ziren material eta tresnen bilketan harrapatu dugu Txiki Gorostola. “Oraindik ez da amaitu gure lana”, esan du irribarretsu. Sanpedroetako danborradaren omendua izango da aurten, eta hasieran izendapena gustura hartu ez bazuen ere, behin hausnartuta, pozik eta ilusioz aurkitzen da. “Ramon Rivasek, danborradako lehendakariak, aipatu zidan omenaldiarena, eta egia esan sorpresaz hartu nuen. Hasiera hartan bakean uzteko esan nion”, gogoratu du. Flysch lasterketaren antolakuntzan buru belarri aurkitzen zen, eta omenaldian pentsatzeko denborarik ere ez zuen. “Bigarren aldi batean harrapatu zidan eta gauza serioa zela eta pentsatzeko esan zidan. Halaxe, emaztearekin hitz egin, hausnartu, eta baiezkoa eman nion”, kontatu du.
Arratsaldeko 20:00etan igoko du bihar bandera udaletxean eta oraindik asimilatu gabe dagoela aitortu du. “Denborarik ere ez dut izan. Igandean izan zen Flyscharen lasterketa baina oraindik gauzak gordetzen gabiltza. Badakit hala ere bihar arratsalderako urduri jarriko naizela”, esan du. Gauza bakar batek ematen dio beldurra eta bere gerria da. “Azken egunetan lan handia izan dugu, eta gorputza tentsioan daukat. Beldurra ematen dit lasaitu eta gerriko mina jartzea, baina espero dut dena ondo ateratzea”, adierazi du.
Kirolaren alde lanean
Umetatik izan da kirol zalea Gorostola. Gaztetan pilotan, arraunean eta futbolean ibili zen batik bat, eta bolondres gisa hainbat ekitalditan parte hartzen zuen. 2005ean, aldiz, ardura gehiago hartzeko erabakia hartu, eta Itxas Gain piraguako taldearen gidaritza hartu zuen. “2012 arte egon naiz bertan eta oso urte onak pasatu ditut. Oso harro nago han egindako lanaz eta klub hori zuzentzeaz. Talde berezia da, beste maila bat dauka, eta elkar laguntza izan da horren oinarria. Herriko beste taldeentzako adibide bat da. Ikusi egin behar da belaunaldi ezberdinetako jendea nola elkar laguntzen diren”, azpimarratu du. Lagun asko egin zituen garai hartan, eta sentimendu asko ditu oraindik ere. “Orduko abenturak, proiektuak eta abar gogoratzen ditudanean hotzikara eta guzti etortzen zait”.
2009an berriz, mendi lasterketa bat egiteko burutazioa izan zuten Gorostolak eta herriko beste batzuk. Halaxe sortu zuten Flysch Kirol Elkartea, eta ondoren, Flysch Trail lasterketa. “Iñigo, Bosco, Fran eta laurok elkartu ginen eta mendi lasterketa bat egiteko ideia atera zen. Hala, ekitaldia antolatzeko prestaketekin hasi ginen. Nire ardura batez ere bolondresak aurkitzea izan zen. Nik gauza on bat daukat, eta da zumaiarrekin ongi eramaten naizela, edozeinekin, hala pentsatzen dut behintzat”, esan du. Bere helburua zumaiar guztiak batera lan egiten izan zen, hitz egiten ez zirenak ere elkarrekin ekitaldi hartarako batzea. “Erronka bat izan zen, eta nire lana pertsona guzti horiek taldetan jartzea izan zen. Lasterketa bukatu zenean guztiok bazkaltzera joan ginen, eta pertsonen artean zeuden harremanak leuntzea lortu genuen”, gogoratu du. “Lasterketa honetan herri guztiaren parte hartzea dago, eta oso pozik eta harro gaude jasotzen dugun erantzunarengatik. Orain ari naiz konturatzen zer talde eta zer jende dagoen herrian eta zenbat lan egiten duten, ez ni bakarrik”, jarraitu du.
Azken urtearen atarian
2014an Zumaiako Futbol Taldearen zuzendaritza hartu zuen, “beste beroaldi bat izan zen”, esan du barrez. Lau urteko konpromezua hartu zuen futbol taldearekin, eta irailean hasiko den denboraldia izango da azkena. “Zaila da talde hori eramatea, Itxas Gainekin alderatuta, zeharo ezberdina da. Jende gehiago dago, ezaugarriak ere ezberdinak dira…”, esan du. Jokalari eta entrenatzaile gabezia, taldeak ezin osatzeak… beste arazo batzuekin topatu da urte hauetan. “Baina horretan ari gara lanean eta gure helburua talde nagusia preferentetik ohorezko mailara igotzea da. Jubenilak bere mailan jarraitzea, eta kadeteak ere ohorezko mailara igotzea. Pentsatzen dut Zumaiako herriak maila horietan ibiltzeko jendea duela”.
Hurrengo urtean beraz, futbol taldean duen konpromezuarekin amaituko du, eta baita Flysch Traileko taldearekin duena ere. “Hamar urteko ardura hartu nuen, eta hurrengo urtean X. edizioa izango da, beraz, guztiarekin amaituko dut. Hala ere ni beti egongo naiz laguntzeko prest, jarraituko dut eginkizun horretan baina ez orain arte bezala. Gorputzak nahikoa dela esan dit. Penarekin utziko dut baina oso gustura nago egindako guztiarekin eta zumaiarra izateaz. Ez nuke urte guzti hauetako ezer aldatuko, ezta herritarrak ere. Hauei eskertu nahi diet bereziki egin duten guztia”, adierazi du. Hain zuzen, belaunaldi aldaketaren beharra ere azpimarratu du Gorostolak. “Azkenean kirol eta beste ekitaldietan betiko jendea egoten da, eta gazteen beharra dago. Erantzukizunak hartzen erakutsi behar zaie, beraiekin hitz egin behar dugu, eta aldaketa eman poliki-poliki. Bestela, ekitaldiak desagertzen hasiko dira eta pena bat izango da. Beraz, honek izan behar du herriaren erronka”, nabarmendu du.