Istorio honetako galtzaileak: inguruko baserritarrak

Baleike 2017ko abuztuaren 4a

Debako zentral nuklearra Mendata inguruan eraikitzekoa zen, eta horretarako lurzoru zabala behar zen. Inguruko baserritarrak izan ziren kaltetu nagusiak. Iberduerok hainbat baserri erosi zituen, abiatu zuen salerosketa estrategiari jarraituz. Engainua eta ezjakintasuna izan ziren bide horren gidariak. Desjabetzearen beldurra sartu zioten hainbat baserritarri, eta horrek baserriak eta lurrak merke saltzea eragin zien.

Hala, Iberduerok zortzi baserri hauek erosi zituen: Iturritza, Mendata, Uzkangagoikoa, Uzkangazpikoa, Sakoneta, Arantzabekoa, Arantzagoikoa eta Uztartza. Azken horretan bizi zen Xabin Urbieta, bere guraso, emazte eta lau seme-alabekin batera. Juan Kruz Urbieta eta Juliana Txurrukaren maiorazkoa zen Xabin, eta hori zela eta jarraitu zuen bizitzen baserrian.

Uztartza saldu aurretik, Mendata eta Arantzagoikoa saldu zituztela gogoratzen du Urbietak. “Horregatik jakin genuen zentral nuklearra egin nahi zutela gure etxe ondoan”, aipatu du. “Segurola etorri zen baserrira. Iberdueroko ingeniari edo arduradun bat. Gizon euskalduna, jatorra, dotorea, altua zen. Baserria erosiko zigula aipatu zigun. Baserria eta gure lurrak”, jarraitu du. Hain zuzen, inguruko hektarea gehien zituen baserrietako bat zen Uztartza, guztira 200.000 metro koadro. “Dena erosiko zigula esan zigun”.

Aitarekin egin zuen tratua Segurolak. “Gure aita amorratzen zegoen saltzeko. Beste baserritarrek dirua hartu zutela jakindakoan, berak ere hori nahi izan zuen. Dirua hartzea zen kuestioa. Diruak jendea engainatzen du eta hori gertatu zen”, adierazi du.

12 milioi pezeta eman zizkieten baserria eta lurrengatik. Ordurako diru dezente zen. “Aitak orduan 70 urte inguru izango zituen. Baserritarren erretiroa zuen, eta diru hori hartu ondoren, bizitzeko nahikoa bazuen. Baina ni baserritik bizi nintzen, eta zer egin behar nuen baserria saldu ondoren? Nora joan? Non lan egin? Nola atera familia aurrera?”, esan du.

Segurolak agindu zion zentral nuklearrean lana emango ziola, baina Xabinek ez zuen ezer ere jakin nahi izan. Seme-alabak hartu eta Zumaiara joan ziren bizitzera. Emaztea Endañeta baserrikoa du, eta hark Zumaia ongi ezagutzen zuen. Familia aurrera ateratzeko lanera joan behar, eta Egurkon hasi zen lanean. Hor hartu zuen erretiroa 18-20 urteren ondoren.

“1975eko urtarrilaren 6an etorri ginen Zumaiara, gauez. Anaia gazteak ekarri gintuen kotxean. Emaztea eta hiru seme-alabarekin etorri ginen. Seme zaharrena baserrian gelditu zen. Debara joaten zen eskolara eta azkenengo ikasturtean zegoenez, han amaitu nahi zituen ikasketak. Nire gurasoekin gelditu zen, ikasturtea bukatu arte”, kontatu du. Gero, semea Zumaiara etorri zen, eta gurasoak Zarautzera joan ziren bizitzera. Baserria abandonatua gelditu zen. Handik urte batzuetara guztiz bota zuten.

Beraiek handik alde egiterako, zentrala eraikitzeko lan txiki batzuk egiten hasi zirela gogoratzen da. “Arantza aldera kamioiak azaldu ziren eta hormigoia botatzen ere hasi ziren. Uzkanga eta Sakoneta artean ere presa egiten hasi ziren, baita gure etxea eta Azti artean ere. Muestrak hartzen ere ibili ziren”.

Penaz gogoratzen du orduko garai hura. Gustura bizi zen han eta goizetik gauera bizimodua aldatu beharra izan zuen. “Behi pinta gorriak nituen, kategoriakoak, ardi mordoa eta idi parea. Goiak behea jota gelditu nintzen”, azpimarratu du. Ikaragarri gogorra egin zitzaion handik alde egitea. Bizi izan duen esperientziarik txarrenetako bat. “Kostatu zitzaidan Zumaiara ohitzea, bai, dezente. Hasieran kalera ez nintzen asko ateratzen. Tailerrean lan egin, eta handik Foronda inguruan nuen baratzera joaten nintzen. Baserriari lotuta egoteko modu bat zen”, nabarmendu du.

Iberduerok erositako terreno eta baserri horiek, ondoren, Diputazioak erosi zituen. 108.250.000 pezeta (650.000 euro) ordaindu zituen. Gaur egun, Diputazioak bi baserri bakarrik itzuli dizkie, ordainduta, lehengo jabeei: Sakoneta eta Uzkangazpikoa. Beste guztietatik, jada ez dira existitzen Iturritza, Mendata, Arantzabekoa eta Uztartza. Arantzagoikoa baserriak zutik jarraitzen du, baina ez da inor bizi. Beraz, bi uzkangetan (Uzkangazpikoan eta Uzkangagoikoan) eta Sakonetan bizi da norbait.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide