Arrisku Nuklearraren kontrako Zumaiako Komisioa

Baleike 2017ko abuztuaren 4a

Zentral nuklearra ez eraikitzeko mugimendurik garrantzitsuena Deban izan zen. Bertan sortu zen Arrisku Nuklearraren aurkako Batzordeak eraman zuen herri mugimenduaren gidaritza urte haietan, baina inguruko herrietan ere sortu ziren hainbat komisio. Hain zuzen, Zumaiako taldea izan zen, Debakoaz aparte, lehenengoa. Jesus Olaizolaren gidaritzapean, bospasei lagunek osatu zuten Arrisku Nuklearraren kontrako Zumaiako Komisioa, eta besteak beste, hauek aritu ziren: Ignacio Sasiain, Felix Idigoras, Javier Del Pilar, Javier Carballo, Juan Ignacio Mendia apaiza, Iñaxio Manterola…

“Ez naiz gogoratzen nola elkartu ginen. Nik neuk energia nuklearrari buruz zerbait irakurria nuen lehenagotik. Deban zentral bat eraiki behar zutela jakin genuenean, Aranzadik emandako hitzaldi bat izan zen Donostian, 2-3 hilabetera. Joan egin nintzen. Han entzundakoak bultzatu ninduen zentrala eraikitzearen kontrako borroka horretan sartzera. Oso arduratuta nengoen, eta galdetzen nion neure buruari: ‘Inori ez zaio axola gai hau? Zentraletik 2 kilometrora biziko naiz? ’”, kontatu du Del Pilarrek.

“Olaizola izan zen herria alerta jarri zuena. Kimikari-fisikaria zen eta maisu aritzen zen, klaseak ematen, Maria eta Josen eta Zarauzko Antonianoetan. Nire irakaslea zen”, jarraitu du Manterolak. “Komisio horretan egoteaz gain, Olaizolak erlazio handia zuen medikuekin, farmazeutikoekin… Herri batzuetara hitzaldiak ematera ere atera zen bere esperientzia azaltzera”, gaineratu du Carballok.

Komisioaren helburua Zumaiako herritarrak kontzientziatzea zen. Baina nolakoa izan zen herriaren erantzuna? “Kontrako iritzien artean ere bi pentsamolde zeuden: zentral nuklearraren kontra zeudenak, eta zentrala Deban egitearen alde ez zeudenak. Gero, hirugarren masa bat zegoen. Horiek ez ziren arduratu ere egin”, kontatu du Carballok. “Garrantzitsua hirugarren masa hori zen. Jende asko alde zegoen, eta ez naiz Zumaiako herriari buruz ari, orokorrean baizik. Arzallusek esaten zuen ez bazen zentralik egiten kobazuloetara bueltatuko ginela. Askok aurrerabidea ikusten zuten, eta guk, beraien ustez, progreso hori oztopatzen genuen”, gehitu du Manterolak.

Komisioaren eginkizunak

Bilboko Ingeniaritza Eskolan bazen fisika nuklearreko katedradun bat, prestigio handikoa, Juan Carlos Zabalo izenekoa. Ventajas e inconvenientes de las centrales en la costa vasca izenburua zuen gutun bat idatzi zuen. Bertan, teknologia nuklearraren segurtasunaz mintzatu zen, eta erabateko argudio positiboak plazaratu zituen. “Gizon hark hori esaten bazuen, zer pentsatuko zuen gizarteak? Fisiko nuklear garrantzitsua zen, eta gure lana ezerezean uzten zuen askorentzat. Garai haietan ezin zen pentsatu ere egin horrelako jendeari kontra egitea”, adierazi du Carballok.

Hori dela eta, Debako Batzordearen lana, hasieran, eta Aranzadirena, jarraian, garrantzitsuak izan ziren iritzi publikoa aldatzeko. Zumaiako Komisioaren eginkizuna, Debako Batzordearen lanari jarraipena ematea izan zen. Hala, 1974ko abuztuan, hitzaldi bat antolatu zuten Aita Marin. “Zer gertatzen zen kontatu nahi genion herriari”, adierazi dute. Debako Batzordeko Carmelo Urdangarin eta Patxi Aldabaldetreku etorri ziren hitzaldia ematera. Arrakastatsua izan zen, leporaino bete zen zinea.

Hitzaldiaz gain, txosten bat atera zuten Komisioko partaideek. Deba´ko atomika-etxea dala-ta izenburupean, zentrala izateak sor zitzakeen kalteen berri ematen zuten. Txosten hori etxez etxe banatu zuten. “Paper horiek egitera Apaizetxera joaten ginen”, gogoratu du Idigorasek. Izan ere, Komisioko partaide zen Juan Ignacio Mendia apaiza. Orduan ez zegoen fotokopiagailurik. Dokumentua etxeetan banatzeko diptiko gisa egin zuten eta kopiak multikopista izeneko tresna batekin egiten ziren. “Multikopista bat Don Teodoro Bikuña parrokoak zuen, eta gu Mendiaren bidez joaten ginen harengana kopiak ateratzera. Beste inon ezin zen eduki tresna hori; bestela, Guardia Zibilak jasotzen zuen”, gogoratu du Carballok. “Garai hartan, mugimendu guztiak elizaren anparoan egiten ziren. Gure bilerak ere Padres de Familian egiten genituen, Aita Mari zinean”, jarraitu du Manterolak.

Tentuz jokatu beharra

Olaizola izan zen Zumaiako Komisioaren liderra. “Gaiari buruz zerbait zekiena bera zen, eta gu informatzen hasi ginen. Hark esan zigun Deban jarri behar zuten erreaktorea Westinghouse bat zela. Ameriketako eredua zen, han ordurako ilegala zena. Zirkuitu irekiko sistema zuen. Itsasotik ura hartu, hoztu eta berriro itsasora botatzen zuen. Baina, horretaz gain, arazoa zen izugarrizko zentral pila egin behar zituztela kilometro gutxian, eta megawatt asko elkartuko zirela euskal kostaldean”, kontatu du Manterolak.

Olaizola bera ere hitzaldiak ematen ibiltzen zen. Badu Idigorasek anekdota bat. “Olaizolak Urretxun konferentzia bat eman eta etxera bueltan ginela, guardia zibilaren kontrol batekin topo egin genuen. Dokumentazioa ateratzeko eskatu ziguten. Zein zen ohartu zirenean, 'Perdone usted, sigan esan eta aurrera egin genuen”, kontatu du. Olaizola, Gerra Zibilean armadan ibilia zen, eta teniente izandakoa zen.

Garai hartan, Zumaiako korrespontsala zen Carballo El Diario Vascon. Gogoratzen du Debako Batzordeko bi kidek Zumaian hitzaldi eman zutenean herritarrez jantzitako bi guardia zibil ere han egon zirela. “Pentsa zer garai ziren…, tentuz jokatu beharra izaten genuen. Behin, guardia zibil batek deitu zidan galdezka ea zergatik publikatu nuen gai horri buruzko zerbait egunkarian. Nik El Diario Vascon bertan zentsura nuela aipatu nion. Bidaltzen nuen guztia irakurri eta errepasatzen zuten. Joakin Ormaetxea zen publikatu edo ez baimentzen zuena; beraz, nik ez nuela zerikusirik esan nion”, azaldu du.

Detenituak izateko beldur pixka batekin lan egin zuten Komisioko kideek. “Beldur-beldurra ez, baina arduratsu eta errespetuz jokatzen genuen. Gainera, udalen eta Aranzadiren babesa lortuta, nahiko lasai izan ginen. Gure egoera eta eginkizuna ez zen inoiz ilegala izan”, aitortu du Del Pilarrek.

Komisioaren eginkizuna 1976. urte inguruan gelditu zen. “Gure helburua lortu genuen, eta gustura gelditu ginen egindako lanarekin. Inguruko udal asko zentralaren aurka agertu ziren, baina horrek ez zuen baldintzatu jendea kontu horiez ohartzea. Nik uste dut guk dezenteko iraultza egin genuela, informazioa leku guztietara banatu genuelako eta mugitu egin ginelako”, amaitu du Del Pilarrek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide