Energia nuklearra, zer kostutan?

Oier Zeberio 2017ko abuztuaren 4a

Energia nuklearraren garapenarenarekin batera gertatu diren fenomenoak dira istripu nuklearrak. Milioika bizitza kaltetzeko eta estatuen biziraupena kolokan jartzeko indarra duten fenomenoak dira. Eragiten duten kutsaduraz gain, oso dinamika politiko eta sozial bereziak sortzeko gaitasuna dute.

Erradiazioa ez da ikusten, usaintzen edo dastatzen. Arriskua hautemateko hain beharrezkoak diren giza zentzumenak jokoz kanpo uzteko boterea du. Detektatzeko eta eragiten duen arrisku maila ebaluatzeko, aparatu eta unitate berezien gaineko kontrola eduki behar da. Haizearen eta prezipitazioen bidez zabaltzen da. Batzuetan (Txernobylen eta Fukushimaren kasuan, adibidez), eremu zabalak kutsatzeko gaitasuna duten hodei erradioaktiboak sortzen dira. Hodei horiek ez dituzte estatuen arteko muga politikoak errespetatzen. Haizearen eta prezipitazioen arabera mugitzen dira eta elementu horiek izango dira herrialdeen patua erabakiko dutenak. Formula fisiko-kimikoen logikan mugitzen den arrisku baten aurrean gaude. Eta horren ondorioz, elite tekno-zientifiko batek du arrisku maila eta bere efektu posibleak interpretatzeko gaitasuna eta boterea. Elite horrek erabakitzen du arriskutsua eta normala denaren arteko muga fina, aplikatu beharreko neurriak eta horien izaera. Hizkuntza zientifikoa dominatzen duten profesionalak diren arren, guk eman diegu arriskua interpretatzeko eta gure bizitza baldintzatuko duten neurriak hartzeko ahalmena.

Istripu nuklearretan, Estatuak gizakion gainean duen kontrola handiagotzen du. Kanpo neurriak hartzea eskatzen duen istripu bat gertatzen denean, nahiz eta larritasunaren arabera neurri desberdinak izan, ebakuaziogune bat mugarriztatzen da. Istripua larria bada, “sarrera debekatutako eremua” edo “esklusio zona” deiturikoa ezartzen da. Kasu horietan, bertako biztanleak ebakuatzeaz gain, pertsonen sarrera mugatzeko itxi eta militarki okupatzen da. Kutsadura eta arrisku mailaren arabera, esklusio zonatik kanpo dagoena zonifikatu egiten da eta gune bakoitzari neurri desberdinak ezartzen zaizkio. Estatuak bere nahi eta irizpideen arabera antolatuko ditu eremuak. Txernobylen eta Fukushimaren kasuak erakutsi digutenez, kutsatutako hainbat gune kontrol zonalde horietatik at geratzen dira. Kasu batzuetan, kutsatutako eremu guztia kontrolatzea ezinezkoa delako, edota arrazoi ezberdinengatik (ekonomikoak, politikoak, sozialak) ez kontrolatzea erabakitzen da; kutsadura maila handiena duten guneak kontrolatzen dira soilik. Estatuak pertsonak babesteko hautua egiten du kontrola areagotuz; ezberdina dena sakrifikatzea erabakitzen du, askotan kaltetuen nahiak errespetatu gabe (derrigorrezko ebakuazioen kasuan). Kaltetuak gune batetik bestera mugitzen diren elementu biologiko hutsak bilakatzen dira.

Informazioaren kudeaketa eta arriskuaren komunikazioa elementu oso garrantzitsuak dira krisi nuklearren kudeaketan eta horiek kontrolatu nahi izaten ditu Estatuak. Hondamendietan, garrantzia izugarria duten jokalariak ditugu, beraien interes partikularrekin (zentralaren jabeak eta industria nuklearra bera, adibidez) eta horiek ere beraien pauta komunikatibo propioak dituzte. Orokorrean, informazioa arrazoi hauengatik kontrolatzen da: krisien kudeaketa kolokan jar dezaketen erreakzio edo turbulentzia sozialak murrizteko, interes partikularrak jokoan sartzen direnean erantzukizun propioak mugatzeko eta interes propio horiek ez kaltetzeko. Hainbat kasutan, gainera, zaila da egoki komunikatzea. Datu zuzenak ez edukitzean, gainera, ezinezkoa bihurtzen da arriskuaren berri behar bezala ematea. Kasu errealek erakutsi duten bezala, subjektu hauei informazioa mugatzeko joera dago: arriskuan dauden pertsonei, gune kutsatuetan geratzen direnei edota bertara mugitzen dituztenei, lan arriskutsuak egin behar dituztenei eta, krisiak Estatu baten biziraupena kolokan jartzen duenean, populazio osoari.

Informazioaren kontrol prozesu horretan hedabide eta kazetariek, teknologia berriek eta sare sozialek paper berezia dute. Zenbait kasutan hedabideek eta kazetariek boterearentzat egokiak diren mezu ofizialak transmitituko dituzte (aditu ofizialen diskurtsoaren laguntzarekin) eta horretarako entrenatzen dituzte. Hedabide eta kazetariek borrokatu egin beharko dute egiaren eta kalitate egokia duen informazioaren igorpenaren alde. Teknologia berriek eta sare sozialek, eta arlo honetan emandako aldaketek, aukera berriak eskaintzen dituzte informazioa sortu eta igortzeko orduan. Orain dela urte batzuk ez bezala, gaur egun hodei erradioaktibo baten irismenean dauden eta ezagutza egokia duten pertsonek beren etxeko lorategian duten erradiazio mailaren inguruko informazioa transmititu dezakete zuzenean. Aldaketa horrek aukera berriak irekitzen dituen arren, krisi garai batean sare hauen gaineko kontrola emango litzateke eta arlo honetan ere informazioa mugatuko litzateke.

Ihes erradioaktibo batean, eliteak oraindik ere botere handiagoa izango du, guk hala onartu diogulako. Energia nuklearren aldeko apustua, izan ere, apustu politiko eta soziala da. Dinamika hauek alboratzeko modurik egokiena programa nuklearrak alde batera uztea edota dauden erreaktore nuklearrak ixtea izango litzateke.

Espainiako Gobernuak, Deban bi erreaktorez osatutako zentral nuklearra eraiki nahi zuen. Hori egin izan balitz, arrisku eremuaren gune arriskutsuenaren barnean egongo ginateke. Santa Maria de Garoña zentral nuklearrean zerbait gertatuta aplikatuko liratekeen neurriak kasu honi aplikatuko bagenizkio, Zumaia “I Eremuan” edo “urgentziazko babes neurrien eremuan” egongo litzateke. 0-10 kilometroko eremua zehazten duen gunea da hori. Istripu larri baten kasuan, erradiazioarekiko esposizioa zuzena izango litzateke eta ebakuazioa nahitaezkoa izango litzateke. Gertutasuna eta ebakuazioek behar duten denbora kontuan hartuta, baliteke erradiazioaren hainbat efektu sufritzea. Arrisku horrekin bizi beharko genukeen zentralak funtzionamenduan jarraituko zuen bitartean. Lemoiz, Ea-Ispaster, Deba eta Tutera proiektuak alboratu ziren, baina badugu bat Euskal Herriko mugatik gertu: Garoña.

Segurtasun Nuklearrerako Agentziak irekitzeko baimena eman dion arren, batek daki zentralaren jabeak, Nuclenorrek (Iberdrola eta Endesa, bakoitzak % 50) zer erabaki hartuko duen. Garoñaren kasuan, gauza bat garbi dago, ordea: ireki eta zerbait larria gertatuko balitz, gorago aipatutako dinamiken (arriskuaren izaerarekin, bizitza biologikoaren kontrolarekin eta informazioa mugatzearekin erlazionatuak) testigu zuzenak izango ginateke. Euskal Herriak orain arte ezagutu ez duen krisia sufrituko luke, egoeraren arabera, eta zenbait lurralderen biziraupena kolokan jarriko litzateke. Kasu larri batean, giza osasun eta ingurumen mailan, efektuak dramatikoak izango lirateke. Prestatuta gaude?

Garoña irekitzen badute istripu posible batek eragin ditzakeen efektuak arlo politiko eta sozialean mugatzeko, edota gizarte nuklear batean bizi behar badugu, aipatutako kudeaketa eredua aldatzea (adituen boterea birbanatzen, arriskuaren kontzientzia publiko zientifiko berri bat sortzen) gure esku dago. Etorkizuna gure erabakiek baldintzatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide