Zumaiako mugarriak, 2017-10-14

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2017ko urr. 16a, 10:57

Zumaiako mugarrien VII. ibilaldia egin zen larunbatean. 23 lagunek hartu dute parte aurtengo ibilaldian. Hemen doa egunak emandakoaren kronika.

07:20

Angel bizilagun txiletarrari atea kax-kax jo diot. Artean botak jantzi gabe zeuzkan, 07:25ean geratuta geundelako, baina puntual iritsi nahi dut hitzordura, 07:30ean, San Telmo kalearen barrenera. Joan gara, eta ordurako kuadrilla handia dago ordua noiz joko zain, biribilean, kontu-kontari. Ia kanpaiak jo orduko, ilunpetan abiatu gara 23 lagun (bat orduarekin despistatu eta ordu erdi geroago azaldu da!), eta argi gutxirekin sartu gara Algorriko eskaileretan behera; azken mailak abisatu dit labaina dagoela eta argi ibiltzeko; zorionez, ipurdiko bat besterik ez da izan.

Nahikoa justu, baina pasa gara ezkerraldera pasagunetik, eta harraldean barrena joan gara harriz harri Palankamugarrira. Handik, pistan gora, Elorriagara, eta atsedenlekuan ura edanda, hurrengo mugarrien bila: Oristo, Pikote, eta bi andikaren ondotik, Jadarreko zuloan sartu eta goialdera irten, indañetetara, eta Sarrondoazpikotik Narrondora. Han Aitzi gehitu zaigu, eta errepidearen azpitik pasata, San Lorente aldera joan gara, Ezkarazto mendiko muga-lerroari jarraitzen.

11:30

Bidean mugarri mordoa ikusita eta gustura, geldialdia egin dugu ermitan, eta hamaiketakoarekin hasi. Baten batek barrita energetikoak, fruitu lehorrak eta horrelakoak ekarri ditu indarberritzeko, baina baita plana aldatu ere han gainekoak ikusita: Askizuko eta Arantzazuko gaztak, urdaiazpikoak, Getariako eta Hondarribiko txakolinak… Asmoa geneukan Kantera-errotonda-Bedua egin eta berriz ere San Lorentera bueltatzeko, baina baten batek esan du “Ni ez natxiak orain behera, ikusita zikat”, eta denoi halako galbana moduko bat sartu zaigu, hamaiketakoaren gozoak areagotuta… Eguneko lehen bozketa eginda, batzuk besterik ez gara jaitsi, kostata, San Lorente azpialdeko pinutegiko mugarria ikustera. Handik esan diegu agur Gontxal, Joxe Mari eta Begori, Zumaiara zihoazelako bueltan.

Ermitara itzulita, trasteak jasota, han joan gara Agoten barrena Ibañarrieta aldera, eta han bi mugarri “berri” ikusi ikusita, Oikia aldera hartu dugu. Han esan diogu agur Marijori, datorren urtean ibilbidea osorik egiteko esperantzan. Muniosorotik erreka hartu dugu eta Santakrutzerrekako mugarriraino, eta orduan eguneko bigarren bozketa: “Zuzen edo Artzain baserritik, buelta ematen?”; erabakitzerako, baten bat hasita zegoen aldapa gogorrean gora, zuzen, eta atzetik Zigotzagako gurutzera irten gara. Handik Santa Krutz ermitara, eta Elkano auzora.

14:45

Ordutegiarekin oklok ibili gara, eta arropak aldatuta, zerbeza eder eta hotza edanda, bazkaltzeko goseak ireki-ireki eginda eseri gara mahaian: entsalada eta paella denontzat, eta atzeko platera bakoitzak aukeratzekoa. Kafea hartzerako, hasi zaigu tentatzen gozo-gozo Lokuluxka, eta gogor eginda, berriz ere botak jantzi eta aurrera zumaiarrak! Joxe, ordea, bertan utzi dugu, bere terrenoetan; datorren urtean baietz osorik!

17:00

Aldapan beherakoa daukagu orain batez ere: Artzain baserritik Meagara, eta errepidean behera hartuta, Kitmar enpresaren ondotik autopista barrenera jaitsi, azpitik pasa, trenbidearen gainetik Guruzelai baserriaren ondora irten gara. Handik eguneko azken igoera gogorrari ekiteko arnasa hartu eta Garateko gainera hartu dugu, baso trinkoan zehar doan bidexka politetik. Aurretik, agur esan diegu Mariani eta txakurrari, Oikia aldera hartu dutelako.

Garateko gainetik ikuspegia bikaina da, are ederrago eguzkia mendebaldetik sartzerakoan, eta argazkiak aterata, Arteaga aldera jaitsi gara. Gero, karakasetara eta handik Santiagoko hondartzara. Han, ohi bezala, argazkia atera dugu azken mugarriaren ondoan.

19:30

Ondo merezitako zerbeza hartu dugu Talaian, eta hantxe jakin dugu Jon Maiak hirugarren egin duela eta sailkatu dela, Maddalen Arzallusekin batera. Ondo!

Gaurkoa zenbaki batzuen bidez adierazita:

  • Guztira 32 kilometro inguruko ibilbidea. Batek baino gehiagok grabatu du bidea GPSarekin, baina denok elkarrekin ibiliagatik, datuak ez zetozen bat… Hemen daukazue Josu Waliñorena (31,550 km), eta hemen Igor Ostolazarena (31,850).
  • 32 mugarri “on” eta “txinotako” bat (hurrena konfirmatu beharrekoa) ikusi ditugu. Beste hiru mugarri lokalizatuta dauzkagu Kantera aldean, baina gaur ez gara jaitsi, eta beste bat badakit non dagoen Gazteluerreka aldean. Beraz, 36 dauzkagu lokalizatuta.
  • Argazki mordo bat atera dugu, eta hemen dauzkazue batzuk. Igor Ostolazak ere argazki batzuk sarean jarri ditu, hemen.
  • Guztira 24 lagun ibili gara elkarrekin, 19 gizonezko eta 5 emakumezko. Ibilbidea oso-osorik egin dugunak 18 lagun.

Julen lagunak esan zuen bezala, orain sei hilabete dauzkagu errekuperatzeko, eta beste sei datorren urtekoa prestatzeko…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide