Apustu egingo nuke: duela 25 urte zumaiarrei “flysch” hitzaz galdetuz gero, ia inork ez zuen asmatuko zer zen zuzen erantzuten; gaur egun, berriz, arraroa izango litzateke aurkitzea baten bat zer den ez dakiena; eta badauzkagu herrian izen horrekin hotela, karrera, txakolina, denda, txakurra…, eta harritu ez umeren bati izen hori jartzea; Zumaia izenaren ondoan, abizena dirudi, batzuetan. Ez da Zumaiakoa bakarrik, ordea: Mutrikun udan zabaltzen den txiringito batek “Flixgain” du izena. Baina banoa, nahi gabe, kanpoko balizetara, eta ez dut hain urruti joan nahi, gurean gelditu nahi dut.
Jarri berri dituzte informazio-seinaleak kalean, bisitariak Zumaian ez galtzeko edo ondo bideratzeko, eta ikusi dut “Flysch” dagoela idatzita batzuetan. Berriz irakurri eta begiko mina eman dit. Flyscha fenomeno geologiko bat da, Zumaian ez ezik, beste leku batzuetan ere badagoena, eta hitza, berez, alemana da; esan nahi du irrist egin edo labaindu; beraz, leku bat izendatzeko izen propioa ez bada, eta ezinbestean “flysch” erabili behar bada (eta ez, adibidez, harraldea edo haitza), ez al litzateke egokiagoa “Flyscha” erabiltzea eta idaztea, bukaeran “a” gehituta, ahoz egiten dugun bezala?
Ez naiz ni hizkuntzalaria, eta eskertuko nuke adituren baten iritzia.