Martxoak 8

“Gizarte eredu hau eutsiezina da”

Baleike 2018ko mar. 14a, 17:29

Martxoaren 8ko aldarrikapenetako bat izan zen zaintza lanak egiten dituzten emakumeen egoera eta lan baldintzak ikusaraztea. Bide horretan, Zumaiako Udalak, Zumaiako Berdintasun foroak eta Malen etxeak elkarlanean, gai honen inguruko mahai ingurua antolatu zuten atzo arratsaldean.

Zumaiako Udalak, Zumaiako Berdintasun foroak eta Malen etxeak antolaturik, zaintza lanen inguruko mahai ingurua izan zen atzo arratsaldean Oxforden. Jose Arregi teologo eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Matxalen Legarreta soziologoa eta EHUko irakasleak, eta Silvia Carrizo Malen Etxeko kideak hartu zuten parte.

Matxalen Legarreta soziologoak eta EHUko irakasleak, azken 20 urteetan (1993-2013) zaintza eta etxeko lanek izan duten eboluzioaren inguruan mintzatu zen. Eustatek, 1993. urteaz geroztik, bost urtean behin ateratzen ditu gai honen inguruko datuak, eta hain zuzen, emaitza horiekin osatu zuen bere hausnarketa. “Hain justu, 1993 eta 2013 urteak aipagarriak dira. Krisi ekonomikoaren urteak dira, eta horietan etxeko lanek indar edo presentzia handiagoa izan zuten”, aipatu zuen.

Hain zuzen, eguneroko jardueren ordu banaketan, ordaindutako lanak eta ikasketak, etxeko lan eta zaintza orduen parean aurkitzen dira, bien artean sei ordu osatuz. “Beharrizan fisiologikoek hartzen dute eguneko ordu kopuru gehien, 12 ordu, eta aisialdiak, bost”, gaineratu zuen.

Jarduera horien feminizazioari dagokionean, zaintza eta etxeko lanetan aurkitzen dira ezberdintasun handienak. “Lan guzti horiek kontutan hartuta, emakumeek batezbeste gizonezkoek baino ordubete gehiago egiten dute egunero. Zer esanahi du horrek? Aisialdirako eta gizarte bizitzarako denbora gutxiago dutela”. Hala ere, azken urteetako joera, emakumeek etxeko lan gutxiago egitea da. “Gizonezkoek, berriz, gehiago egiten dituzte, baina datu kurioso bat: emakumeek utzi duten denbora hori, ez dute gizonezkoek hartu”.

Aitortza eta banaketa

Zaintza lanen kasuan, genero arteko ezberdintasuna ez da hain handia, gizonezkoen inplikazioa handitu egin baita. Adibidez, 1993an, hamarretik sei gizonezkok egiten zituzten zaintza lanak. 2013an, berriz, hamarretik zortzi dira. “Zaintza lanen kasuan, generoen parte hartzea igo egin da, denbora gehiago eskaintzen zaio, eta inplikazioa ere handiagoa da”.

Legarretaren iritziz, baina, bizitza eredu hau mantentzeko, ezkutuan dagoen lan asko egin behar da. “Ekonomia bi lan ereduz dago osatuta: ezkutukoa, gehiengoa emakumeek osatzen dutena, eta azalekoa, hau da, ikusten diren lanak. Baina, aldaketa nahi bada, ezkutuko lanek ere bere aitortza izan behar dute. Eta, horretaz gain, lan banaketa orekatu bat bermatu”.

Ezkutuko lan horietan hain zuzen, zaintza lanetan ibiltzen diren emakume migranteen adibidea dago. Silvia Carrizo, Malen etxeko kideak, Errealitatea aldatu: lan berdinak denontzat txostenaren aurkezpena egin zuen. Zaintza lanen kasuan, atzerriko emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. “EAEn 12.000 inguru emakumek egiten dute lan arlo horretan. Horietatik 4.000 Errumania, Portugal eta Bulgariatik datoz. Beste guztiak, aldiz, Erdialdeko Amerika eta Hego Ameriketatik”, esan zuen.

Lan horien ikusgarritasuna, aitortza eta duintasuna bilatzen dute. “Txostenaren helburua da lan horien errealitatearen inguruan eztabaida sortzea. Izan ere, esklabutza egoeran bizi diren emakumeak ditugu, bizitzarik gabe, kontziliazioa egiteko aukerarik gabe. Noiz arte jarraituko du gizarte honek egoera hau sostengatzen?”.

Carrizoren iritziz, gizarte hau eutsiezina da momentu hauetan. “Helburua berdintasuna lortzea da, baina esklabotasunean bizi diren emakumeak baldin badaude, ezinezkoa izango da. Guztiok aukera berdinak izan behar ditugu bizitza oso bat izateko”.

Gizarte eredu berria

Iritzi berdinekoa da Jose Arregi teologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea ere. Malen etxeak egiten duen lanaren garrantzia goraipatu zuen, eta gizarte honen partaide izaki, “ezin dut emakume hauek jasaten dutena alde batera utzi”, esan zuen. Bere herrialdetik kanporatuak izan diren emakumeak bezala definitzen dira Malen etxeko kideak. “Kanporatu horiek zaintzen gaituzte, eta gainera, marjinatu egiten ditugu. Gainera, zer ordainsari dute? Ez etxerik ezta familiarik izatea, eta errejimen erdi esklabu batean bizitzea”, gaineratu zuen.

Gizartearen ongizateaz ere mintzatu zen Arregi. “Gure ongizatea bilatzen dugu, eta ez langile horiena. Horrek bidegabeko egoera ekartzen du, eta gizarte eredu eutsiezina. Berdintasuna bilatu behar dugu”.

Malen etxekoek egiten duten lana goraipatu zuen. “Errealitatearen ispilu dira, eta beste gizarte eredu baten alde egin behar dugu lan”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide