“Herrietan gaztetxolak eta gaztetxeak daude, baita zaharren etxeak ere. Eta guk, emakumeok, noiz izango dugu gure espazioa?”, aldarrikatu du Maite Olasagastik, Zumaiako Berdintasun Foroko kideak.
2015ean idatzi zen Zumaiako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana, eta dokumentu horretan, besteak beste, Emakume Etxearen gauzatzea aurreikusten da. Aurten amaitzen da plana, eta hori dela eta, iaztik lanean ari dira Berdintasun Foroko kideak. “Gauzatze hori ez dakigu oraindik nola konkretatuko den, baina bidea zabaldu dugu eta horretan ari gara lanean”, aipatu du.
Lehendabiziko gauza Emakumeen Etxea zer den adieraztea izan da. Kideek, horrela definitu dute: espazio dinamikoa eta irekia, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta emakumeen ahalduntzea bultzatzea helburu dituena. Gainera, herriko emakume norbanakoentzako eta emakume elkarteentzako topagunea izango da; anitza, plurala eta askea. “Gure elkargunea izango da, eta bertan, ekintzak, hausnarketak eta abar elkartrukatzeko aukera izango da”, azpimarratu du. Izan ere, Emakume Etxearen esentzia da ideologia, adin eta ezaugarri ezberdinetako emakumeek osatzea. “Esperientzia ezberdineko eta ilusioa duen jendea elkargurutzatzea da nahia. Horrek aberastu egiten du eta lotura batzuk sortu”, aipatu du.
Emakumeen Etxea emakumeentzako topagune edo elkargunea izateaz gain, talde-ekintzetarako, eztabaida eta hausnarketarako eta prestakuntzarako espazioa izango da. “Denetarik egin daiteke bertan: prestakuntza saioak, aholkularitza, emakumeen ahalduntzea sustatu, eztabaida eta gogoeta piztu, irakurketa feministetatik ikuspegia landu...”, kontatu du.
Beste herrietako esperientziak
“Gure gizarteko sistema gizonak goiko postuetan egoteaz arduratzen da, eta Emakume Etxeak gizarte parekide bat eraikitzeko bidea zabalduko du. Gainera, espazio edo txoko horrek, gizartearen ongizatea bilatu behar du”, nabarmendu du.
Bide horretan, jarduera ildoak ere zehaztu ditu Berdintasun Foroak. Besteak beste, emakumeen parte-hartzea sustatzea; eraldaketa soziala eta feminista lortzeko jarduera estrategikoak bultzatzea; emakume talde eta elkarte anitzen arteko elkarlana sustatzea eta berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa, ikerkuntza eta ikuspuntu berriak sortzea.
“Emakumeen etxeak beti irten beharko du kalera, baina topagune bat ere izango da. Horretaz gain, norbaitek duen ideia garatzeko bilgunea izan daiteke. Izan ere, funtzionatzen duen espazio batek gauza gehiago ekartzen ditu. Bide eman behar dugu eta emaitza etorriko da” jarraitu du.
Emakume Etxearen sorrera beharrezkotzat jotzen du Olasagastik, eta ideiak forma hartu aurretik, beste herri batzuetan dagoen esperientziak partekatuko dituzte ostegun arratsaldean Brankan egingo den mahai-inguruan. Zumaiako Emakumeen Etxea eraikitzen izenburupean, Donostia, Hernani eta Azpeitiko Emakumeen etxeetako ordezkariak izango dira beraien esperientzia kontatzen. “Mahai-inguru honen bidez gure beharrak plazaratu nahi ditugu eta herritarrak informatu eta parte hartzera animatu. Zumaian badago mugimendu feminista polit bat, eta orain da pausoak emateko garaia”.
Urte honetan amaitutzat emango da II. Berdintasun Plana, eta berria prestatzen hasiko dira, horrela, urteko azkeneko plenoan, III. Berdintasun Plana onartu eta 2019an indarrean sartzeko.