Horren jakitun da Antxon Segurola, makina bat urtez arrantzale kofradiako eraikin bertan dagoen Justa tabernako barraren atzean egon den herritarra. Edariak, pintxoak eta haragi egosi platerak ateratzeaz gain, beste ardura bat izan du Segurolak azken hiru hamarkada luze hauetan: astebete luzez, igoeraren egunetik kofradiako mastatik zintzilik egon den bandera jaistea, hain zuzen ere.
“Lehen ez zen jaitsierarik egiten, ez zegoen ez festa amaierarik ez ezer. Buitraker koadrilakoak hasi ziren honekin. Zioten sanferminetan festa amaierako ekitaldia dagoen bezala, hemen ere zerbait egin beharko zela. Behean jarri ziren kantuan eta nik, balkoira irtenda, bandera jaitsi nuen. Hala hasi zen guztia. Hasieran kantuekin hasi ginen, gero tabernako bozgorailuak topera jartzen nituen kaletik entzuteko eta handik urte batzuetara txaranga bat agertu zen banderaren jaitsierara. Behean jarri ziren musika jotzen, eta orain arte”, zioen Segurolak orain hiru urte Baleike aldizkariari egindako elkarrizketa batean.
Jada nekatzen hasita zegoela ere esaten zuen Antxon Segurolak elkarrizketa horretan. Hala izanda ere, herenegunera arte berak jaitsi izan du bandera. Hau izan da, baina, bere azkeneko jaitsiera, erretiroa hartuko baitu. Horren jakitun, omenaldia eskaini zioten familiartekoek eta lagunek: gauerdia oraindik heldu ez zela, txapela jantzi zioten, baita oroigarri bat eman ere.
12:00ak puntuan, une horretarako bakarrik elkartzen den txaranga San Telmo Martxa jotzen hasi zen balkoi azpian, eta Antxon, pixkanaka, bandera jaisten hasi zen. Ohikoa duen bezala, astindu ere egin zuen, bandera bera, musikaren doinuekin dantzan jarriaz.
Gero, bandera eskutan eta ondo inguratuta, azken argazkia atera zuten. Jaiei amaiera emateko une hunkigarria izan zen.