“Emakume guztiok jasaten ditugu mikromatxismoak”

Baleike 2018ko apirilaren 27a

Mugimendu Feministak matxismoaren eraikuntza izeberg bat izango balitz bezala irudikatzen du: goialdea baino ikusten ez den arren, oinarri sendoa du azpian. Emakumeen aurkako indarkeriak baditu hilketez gain beste aurpegi batzuk, mikromatxismoak, kasu. Horiez hausnartzeko bildu gara mahai bueltan Elene Rodriguez Garcia, Naia Urbieta Osa eta Maitane Rodriguez Garciarekin. 

(Erreportaje hau Miren Osak egin zuen eta Martxoko Baleiken argitaratu genuen).

Noiz ohartu zineten mikromatxismoak egunerokotasunean zeudela?

Elene: Ez dakit zehazki noiz ohartu nintzen. Baina pentsatzen jarriz gero, ohartzen zara eskolan gertaera batzuetan antzeman daitekeela: mutilek txiki-txikitatik egiten dute futbolean, bultza egiten zaie horretara;  neskak, berriz, ez, beste gauza batzuetara bultzatzen gaituzte. Kontzientzia hartu, ordea, 13 urterekin uste dut. Ahizpak ere eragin handia izan du nire formakuntzan.

Naia: Feminismoa ezagutu nuenean hasi nintzen pixkanaka ohartzen zer ziren mikromatxismoak. Aurretik ez nituen identifikatzen. Etxean beti erakutsi digute besteenganako errespetua izan behar dugula, baina errespetu hori galtzeari ez nekien nola deitu. Feminismoak hori erakutsi dit, egunerokotasunaren atzean zegoena eta orain horregatik borrokatzen dut.

Maitane: Matxismoaz ohartu nintzen aurrena, ez mikromatxismoez. Nire bizitzan dauden gizonek beti praktikatu izan dute indarkeria matxista nigan, izan modu sinbolikoan, diskurtsiboan ala fisikoan. Horren ondorioz, gizarte matxista batean bizi nintzela ohartu nintzen. Mikromatxismoa kontzeptu gisa duela lau urte neureganatu nuen. Garai haietan mikroipuinak idazten nituen. Bat mikromatxismoei buruz egin nuen: “Ama sukaldean egon da egun osoa lanean, etxea garbitzen, haurrak zaintzen. Aita esnatu ahala kalera joan da. Itzulitakoan, bazkariaren zain dago sofan. Bazkaltzera eseri dira eta aitak janaria probatu du: ‘Ez du gatzik!’ esan eta ama gatzaren bila jaiki da”. Printzipioz, janariak gatzik ez duela esatea iritzi bat da, niretzat egoki egon daitekeelako, baina nola patriarkatu batean bizi garen eta gizonek jada diskurtsiboki boterea duten, modu oso inplizituan aginduak ematen dizkigute. Horiek dira mikromatxismoak eta argi esan behar da indarkeria sinbolikoak direla.

Matxismoa nola edo ahala deskribatzeko gai izango litzateke edonor: eguneroko albiste direlako edo urteotan landu den zerbait delako. Mikromatxismoak, ordea, aipatu ere ez dira egiten. Matxismoaz ari garenean, zertaz ari gara? Eta mikromatxismoez ari garenean?

Elene: Mikromatxismoei mikro deitzen diegu zerbait garrantzitsua izango ez balira bezala, baina izatez oso kontzeptu indartsua da. Zuzenean eragiten digute. Mikro esaten diogu jada oso barneratuta ditugulako, baina ez dira mikro. Azkenean, egunerokotasunaren oinarria dira eta hortik dator matxismoa. Adibidez, ume batek ez du ikusiko gizon bat emakume bat jotzen, gizarteak hori ezkutatu egingo diolako, baina Disneyren pelikulak ikusiko ditu eta horiek mikromatxismoz beteta daude. Haurrak garenetik, hezten gaituzten eredua dela eta, indarkeria hori guztia barneratu egiten dugu eta hortik eraikitzen dira etorkizuneko hainbat jarrera. 

Naia: Matxismoa gizonek emakumeongan egiten duten zapalkuntza den bezala, nik ezin dut zapalkuntza baten aurka egin ni neu zapaltzailea banaiz: bai zuria izateagatik, baita izaki bizidunon artean pertsona izateagatik ere. Europarra naizelako ere zapaltzailea naiz beste herrialde batzuetako herritarrentzat… Kasu honetan, mikromatxismoak ezkutuan egiten diren ekintza horiek izango lirateke, bai emakumee egindakoak, bai beste espezie bati egindakoak, baina bereziki emakumeenganako jarrera ezkutuak dira. Zerbait gaizki egiten dugunean puta hitza ateratzen zaigu, baina ez gara ohartzen horren atzean zer dagoen. Berdin gertatzen da zorra edo antzeko hitzekin. Horren atzean dago, besteak beste, gizakia ez den espezieak gutxiago direlako ustea.

Maitane: Nik ezin dut ulertu patriarkatua kapitalismorik gabe. Sistema heteropatriarkal-kapitalista batean bizi gara. Hau da, kapitalismoa ustez langile soldatadunaren esplotazioan oinarritzen da, gainbalioa lapurtu eta kapitala pilatzean. Batzuek esango dute bi sistema direla, baina niretzat bakarra da. Are gehiago: osagarriak direlako funtzionatzen dute. Kapitalismoak, azken batean, patriarkatuaren gainean eraiki du bere sistema, eta hor emakumeok funtsezko rol bat hartzen dugu: historikoki emakumetzat hartu direnak, hau da, baginadun pertsonek, pertsonak sortu, hezi, hazi eta zaindu dituzte, inongo kosturik gabe. Langileak ekoizten dituztela esan daiteke, ondoren kapitalistek langile horiek esplotatu ahal izateko. Emakumeok lan indarra sortzen dugu, dohainik! Hori abiapuntu hartuta, matxismoa zer da? Patriarkatuarekin gauzatzen diren jarrerak, pentsamenduak eta diskurtsoak. Mikromatxismoak zatirik sinbolikoenak izango lirateke. Gizarteak indarkeria matxistatzat du gizon batek emakume bat jotzea; aldiz, emakume bat hitz egiten ari denean kasurik ez egitea edo etengabe justifikatu behar izatea ez da matxismoaren barruan sartzen.

Jendeak pentsa dezake inoiz ez duela jasan horrelako egoera bat; egoera matxista bat bai, baina mikromatxista bat ez. Zer esan dezakezue?

Elene: Pertsona batek hain barneratuta eduki dezake egungo egoera, nekez identifikatuko ditu. Ezjakintasunak dakarrena da. Hala ere, ziur nago edozeinek bizi izan dituela mikromatxismoak, jaio eta berehala: neskoi belarritakoak jartzea, esaterako. Generoaren araberako jostailuekin ere mikromatxismoa dago, neskei panpina, mutilei baloia; neskei arrosa, mutilei urdina. Txikitatik ezartzen zaizkigun gauza gehienak generoaren araberakoak dira, ez umeen nahi edo desioen araberakoak.

Naia: Jaiotzen garen lehen unetik bizitzen ditugu: ez dugu esajeratzen, errealitatea da eta aurre egiten hasi behar dugu. Gehiegi esajeratzen dugula dioten horiek justifikatzen dute egungo sistema eta horiek dira erosoen bizi direnak. Jende horrek begiratu beharko luke gehien barrura eta ohartu zer jarrera dituzten.

Maitane: Ezinezkoa da, emakume guztiok jasaten ditugu. Jaiotzeagatik soilik genero bat inposatzen digute, erabakitzeko gaitasunik izan gabe. Hori izugarrizko indarkeria da, sinbolikoa izanda ere. Nahiz eta ez ikusi, historikoki emakume guztiok bizi izan dugu indarkeriaren bat. Izugarrizko motxila dugu gainean; gure amek, amonek eta izebek bezala.

Maitasun erromantikoek, bikote baten harreman idealizatu eta toxiko moduan ulertuta, lotura dute mikromatxismoekin?

Elene: Maitasun erromantikoak bestearekin eduki behar duzun harreman “ideal” baten ideia eskaintzen dizu. Hori bai, harreman heterosexual eta monogamoa. Horren barruan ematen dira mikromatxismo gehienak. Esaterako, eztabaida baten erdian gizonezkoak alde egin eta atea indarrez ixtea mikromatxismoa da. Berak badaki boterea berak daukala. Begirada zorrotzak ere nabarmenak dira: berak gustuko ez duen zerbait gertatzen denean, egingo duen lehen gauza eskua altxatzea izango da, joko balizu bezala. Bigarrengoan ere berdina egingo du, baita hirugarrengoan ere. Azkenean eskua altxatzeko beharrik ez du izango eta botere hori begiradarekin adierazteko gai izango da. Horiek guztiak mikromatxismoak dira. Zaila da ikusten, baina konturatu egin behar dugu maitasun erromantikoak zer dakarren, eta hortik irten behar dugu. Maitasun erromantikoak hil egiten gaitu.

Naia: Heriotzaraino joan gabe, “nirea zara” edo antzeko esaldi posesiboak esatea nahikoa da. Jabetza bat sortzen da, eta bikote bat izateagatik soilik hori sortzea larria da. Bikoteak esandakoa egin behar izatea, haren nahiak asetzea, haren esanei men egitea… Hortik hasten da guztia. Hori guztia erabat normalizatuta daukagu. Baita harreman batean egoteagatik ezin zarela beste inorekin dantzatu ere. Bestea zurea dela pentsatzearekin hasten da guztia.

Maitane: Lotura zuzena dute. Azkenean, gizonek indarkeria matxista darabilte emakumeen aurka; orduan, bikote heterosexualetan zer esanik ez. Gizonen ikuspuntutik ezinezkoa da matxismoa ez gauzatzea. Orduan, ez bada fisikoa, argi izan psikologikoa jasango duzula; beraz, sinbolikoa eta diskurtsiboa. Adibidez, irainak, mespretxuak… Isiltasuna, esaterako, oso adibide garbia da. Isiltasuna zerbait esatea ere bada eta gizon askok hori praktikatzen dute euren bikotekideekin eta hori indarkeria psikologikoa da.

Hizkuntzaren garrantzia. Hizkuntza inklusiboaren aldeko aldarriak gero eta ozenagoak dira.

Elene: Hizkuntza inklusiboari dagokionez, egia da ez dudala erabiltzen. Gaztelaniaz hitz egiten dudanean, etxean hala egiten dut, betiko joskerak erabiltzen ditut. Euskarak, aldiz, ez duenez generoa markatzen, ez dut gehiegi erabiltzen. Hala ere, eskolan ohartarazi beharko ligukete horrelako gauzez. Azkenean, diskriminatzen ari zara eta ohartu egin behar dugu generorik gabeko pertsonak ere badaudela gure artean.

Naia: Behin, gaztelaniako irakasleak, testu bat analizatzeko eta iritzia emateko eskatu zigun. Ea hizkuntza sexista zen ala ez. Nik baietz jarri nuen. Gaztelanian orokortzeko maskulinoa erabiltzen delako eta chicos y chicas erabiltzen badugu ere, beste aldaera guztiak albo batean uzten ditugulako. Irakasleak txorakeria hutsa zela esan zidan. Garrantzitsua bortxaketak eta hilketak direla. Orduan ohartzen zara hori dela aldatu beharrekoa, aldaketa txiki horiek eman behar direla.

Maitane: Hizkuntza ere erabat har daiteke adibide gisa. Antifaxismoaren leloa da, besteak beste, ACAB –All Cops Are Bastards–. Bastard –euskaraz saskikume– hitzak aitaren onarpena ez duen umea esan nahi du; amaren onespenak balio ez balu bezala. Hori, esaterako, ideologia emantzipatzaile eta liberala dugunok erabiltzen dugu, baina zein puntutaraino da horrelako hizkuntza bat emantzipatzailea? Feminismoak ekarpen asko egin ditu arlo horretan. Betidanik egon diren gauzei izena jarri die, gizonek euren hizkuntzarekin ezkutuan utzi dituztenei. Pentsatu beharko genuke gure gizartea ustelduta dagoela hizkuntzari dagokionez. Matxismoari aurre egiteko mikromatxismoak zuzentzen eta deseraikitzen hasi beharko genuke.

Bikote harremanetatik harago, botere harremanetan zentratuta, ematen da mikromatxismorik lagun artean?

Elene: Nire ustez harreman zuzena dago bien artean. Nik harreman toxiko bat dut lagun batekin. Lantzen ari naiz nire kabuz. Ez diot inoiz zuzenean hari esan badakidalako ez duela serio hartuko eta ez duela behar bezala landuko. Botere harremanen barruan izugarrizko mikromatxismoak daude. Maitasun erromantikoan ematen diren bezain argiak ez dira, baina lagun batek berdin-berdin erabil ditzake zurekin bere bikotearekin hartzen dituen rolak. Hau da, isiltasun uneak edo mespretxuak, besteak beste, maila berean eman daitezke. Askotan gertatu izan zait aurpegira barre egitea edo zure kontuak lau haizetara zabaltzea.

Naia: Lagun artean, lehena izan nintzen hilekoa izaten, baita ileak edukitzen ere. Ez nintzen depilatzen eta ez nekien arazo hori zegoenik ere gizartean. Behin, lagun bat depilatzeko tresnekin etorri zitzaidan etxera eta erabiltzeko esan zidan, “mutilei gustatzen zaiela” esanez. Ez nintzen ohartu zer dagoen horren atzean: behartuta nagoela depilatzera, eta lagun horren kasuan, oso barneratuta zuen ileak bazituen besteen begietara gustagarri ez zelako ideia.

Maitane: Maitasun erromantikoaren zantzuak nabariak dira laguntasunean. Emakumeen artean sozialki maskulinitatea bezala ulertzen dena kondenatu egiten da. Hau da, emakume batek jarrera edo joera maskulinoak izatea. Gizonen artean, aldiz, sozialki feminitatea bezala ulertzen dena, kondenatuta dago: zenbat eta mutilago izan, orduan eta nire lagunagoa izango zara. Nik gizartearentzat maskulinoa den musika entzuten dut. Horrek balio izan dit zenbait unetan haiekin harreman estuagoa lortzeko. Nolabait, haien onarpena bilatzen nuen, haiek dutenez boterea, ondo ari nintzela esatea nahi nuen. Bestalde, emakumeoi ez zaigu ezer sinetsi historikoki eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Horrek arrazoi bat du: gizonezko lagun bati jasaten duzun indarkeria azaltzen diozunean, ez du ulertzen, berak ere indarkeria horixe erabiltzen duelako; auto-justifikatu egiten dira.

Nola eman behar zaio egoerari buelta? Feminismoa da bidea?

Elene: Hezkuntza funtsezkoa da: eskoletan eman behar da, irakasleei nahiz ikasleei zuzendua. Komunikazioa ere garrantzitsua da, estereotipoak eta rolak ez errepikatzea.

Naia: Feminismoa izan daiteke bidea, baina ez bera bakarrik. Lehen aipatu bezala, nik ez dut nahi zapalkuntza batetik libratu zapaltzailea naizen bitartean. Normala den bezala, ni ez nago gustura bizitzen ari naizenarekin eta beste batzuei biziarazten ari naizenarekin ere ez. Orduan, bidea izango litzateke zapalkuntza guztiei aurre egiten dieten intersekzionalismoa.

Maitane: Imajinazio kolektibo inklusibo eta aberatsa dugunean lortuko dugu matxistak ez izaten, arrazistak ez izaten, klasistak ez izaten… Feminismo intersekzionala da bidea. Hau da, hegemonia zuritik harago dagoen beste guztia. Bestalde, feminismoa da bidea, baina feminismo marxista: klasea irauli behar da aurrena, gizarte berri bat eraiki ahal izateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide