Zer esan nahi du zuretzat gaurko egunak? Nola baloratzen duzu?
Ikuspegi politiko batetik ikusita, argi dago gaurko egunak garrantzia berezia duela. Gaur, ofizialki aro bat itxi baita Euskal Herrian, 60ko hamarkadan hasi eta 2011ra arte herri honen egoera politiko-soziala guztiz markatu duen borroka armatuaren aroa. Pertsonalki, ordea, ez diot garrantzi berezirik ematen. Kontuan izan, ETAk bere jardun armatua uzten zuela iragarri zuenean, 16 urte eskas nituela. Badakit generazio zaharragoentzako borroka eta erresistentzia erreferente izan dela hamarkada luzez ETA, baita ere, sufrimendu eta injustizia ugariren erruduna. Dena den, uste dut gazteriaren artean ETA ez dela izan azken urteetan lehentasunezko aktore politiko bat. Are gehiago, bere funtzio politikoa herri honetan duela hamarkada batzuk iraungi zela uste dut.
Balorazioari dagokionez, lehenik eta behin, nire errespetua erakutsi nahiko nien hamarkada luzez espainiar erregimenaren aurka borrokan jardun duten hainbat eta hainbat euskaldunei. Baina, uste dut egungo gazteria ez dela politizatzen ari 1970eko edota 1980ko hamarkadetako askapen nazionaleko borroka gordinea;, aitzitik, gazteria 2008an lehertu zen krisi ekonomiko kapitalistaren testuinguruan ari da politizatzen. Horregatik, pertsonalki, uste dut ezker “iraultzaile” edota emantzipatzailearen ikuspegi batetik behintzat, ETAk argitaratutako azken komunikatuen hainbat aspektu gogor kritikatu behar direla. Alde batetik, ETAk bere jardun armatua uztearekin ez da bakea iristen Euskal Herrira. Klase zapalkuntza areagotzen ari den honetan, sistema kapitalistak sortutako biolentzia estrukturala gero eta nabariagoa da: etxe kaleratzeak, murrizketak, emakume erahilak, gerra inperialistak, hezkuntza erreforma pribatizatzaileak, marjinazio estrukturala, Auzitegi Nazionaleko epaiketa fartsak… Hauei guztiei erreferentzia oso gutxi entzungo dugu egunotan, bakea hitza desitxuratzen ari dela uste dut. Egun, borrokarako (ez ulertu borroka armatu moldean izan behar duenik borroka politikoa) inoiz baino arrazoi gehiago ditugu eta gazteriaren sektore bat honetaz konturatu da. Ezen aktore politikok, ETAk barne, uste dut ez duela eskubiderik egungo gazte zein langileriari borrokarako ateak ixteko.
Etorkizunari begira zer espero duzu?
Esan bezala, uste dut sistema kapitalista eta patriarkalak eragindako injustiziak areagotzen ari direla, eta horren isla dira Zumaian maiatzak 1 honetan kalera atera ziren langile klaseko sektore ezberdinak: feministak, ikasleak, gazteak, Astilleros Balenciagako langileak, pentsiodunak… Beraz, gaurkoa, egun bat gehiago da niretzat, gaur langile klasea politikoki artikulatzen eta langile botere bat sortzen jarraitzeko eguna da. Benetan, sistema kapitalistak, espainiar Estatua honen tresna zuzen gisa ulertuz, eragiten dituen esplotazio eta zapalkuntza forma oro gainditu nahi baditugu, langileen arteko elkartasun sareak sustatzen jarraitzea da gure helburua. Nire partetik, eta gazte militante gisa, gazteriaren papera hor kokatzen dut. Ezin gaitezke galdu Kanboko jauregiko korridore distiratsuetan, iraganeko etapa bat itxi da gaur. Baina, oraindik ere, etorkizun komunitario, justu eta gizatiarrago irabazteko dugu eta horretan lanean jarraitzea da nire hautua.