ETAren desegitea (erreakzioak)

Joseba Ossa: "Lizarra-Garazikoaren antzeko zerbaitekin amesten dut"

Baleike 2018ko mai. 5a, 13:02

Joseba Ossa.

Joseba Ossak beti egin du lan bakegintzan, modu agerikoagoan Elkarriren garaian. ETAren amaieran, sortu zeneko testuingurua ez ahazteko eskatu du, horrekin ezer justifikatu nahi gabe. Aurrera begira jarrita, elkar ulertzea eta elkarlana eskatzen ditu.

Zer esanahi izan du zuretzat gaurko egunak, zer balorazio egiten duzu?
Egun ederra izan da. Historikoa. Beranduegi etorri da, baina tira, ongi etorria izan dadila. Askoz gehiago poztu ninduen Lizarra-Garaziko garai hark. Askoz ederragoa litzatekeen orduko akordio zabal eta indar-metaketarekin iritsi izan balitz behin betiko desagertzea. Baina tira. Izan bedi ongi etorria!

Askok kritikatu dute eszenifikazioaren kontua. Eta ulertzekoa da. Baina esango nuke beharrezkoa zela halako zerbait egitea. Norbanakoen heriotzaren ondoren hileta ospakizunak egiten ditugun bezalaxe, hemen dolu-prozesu kolektibo bat bizi izan dugu, eta prozesu horren dolua ondo bizitzeko erritual moduko ekitaldiak behar ditugu. Xehetasun batzuk gorabehera, nik uste dut bete-betean asmatu dutela prozesu honen amaiera antolatu dutenek. Bejondeiela! Eskertzeko moduko lana egin dutela esango nuke.

Eta ia bizitza osoa borroka armatua kritikatuz eta hari aurre eginez igaro badut ere, haren ondorioak sufritu baditut ere, onartu beharra daukat une honetan, zurrunbilo mediatikoaren erdian, galdera eta kezka hau ere sortzen zaidala: ETAren historia, oro har, desastre bat izan bada ere, ez al dugu ezer esan behar testuinguruaren inguruan? Zein baldintzatan eta nola sortu zen? Frankismoaren diktadura gogor baten testuinguruan, gerra zibil basati baten ondoren, askatasun eta justizia sozialik gabeko egoera larri batean. ETAk eragindakoa izugarria da, eta ez dauka justifikaziorik (800etik gora hildako, milaka mehatxatu, milaka familia hautsi…). Izugarria. Hala ere, bere testuinguruan jarrita, esango nuke ETAko kideak “indarkeria ikasleak” besterik ez direla izan, indarkeriaren monopolizatzaile handien alboan, eta hasierakoek, bederen, ideal eder batzuen alde borrokatu zirela. 

Eta badaezpada ere berriro esango dut: testuinguruan jartze hori ez da borroka armatua justifikatzeko, historia hobeto ulertzeko baizik. Bereziki gazteengatik diot hori. Izan ere, oso urrun ikusten ditut gaurko gazteak kontu hauetatik, eta ikuspegi osoa izan nahi badugu, ezin dugu testuingurua albo batera utzi, frankismoa existitu ez balitz bezala. Eskolan euskaraz ikastea “betidaniko” kontua balitz bezala, hauteskundeetan botoa ematea betiko kontua balitz bezala, ikurrina lasai erabiltzea beti baimendua izan balitz bezala. Pertsonon memoria ahula da. Azkar uzten ditu atzean kontu desatseginak. Baina ahanztura horrek beste injustizia bat eragin dezake. Eta hori ere kalterako izango litzatekeelakoan nago.

Aurrera begira, zer espero dezakegu?
Hasteko, elementu distortsionante bat gutxiago izango dugu herri honetan. Horrek zertxobait erraztu beharko luke aurrera egiteko pausuak. Bereziki presoen hurbilketaren gaian. Baita milaka pertsonaren sufrimendua arintzeko bidean ere. Horra hor bi erronka garrantzitsu epe labur-ertainean.

Bestetik, espero dut pixka bat erraztea Euskal Herriak behar-beharrezkoa duen elkar ulertze eta elkarlana. Lizarra-Garazikoaren antzeko zerbaitekin amesten dut. Familia txikia gara, arazo handi eta zail bat daukagu aurrean, eta ezin ditugu indarrak alferrik galdu geure arteko borroka partikularretan eta alderdikerietan. 

Kataluniako kasuak erakutsi duen bezala, Espainiako gobernuak botere handia du, eta kultura demokratiko eskasa. Beraz, prest dago indarra eta indarkeria erabiltzeko bere arerioen aurka. Alde horretatik, epe labur eta ertainean ez daukat itxaropen handirik burujabetzaren bideari dagokionez.

Baina bizitza hori baino askoz zabalagoa eta konplexuagoa da, eta arazo eta erronka berri asko ditugu jadanik esku artean. Adibidez, indarkeria politikoaren desagerpenak ageriago utzi duen beste basakeria bat: hainbeste gizonek emakumeen aurka erabilitako indarkeria, Iruñako bortxaketa basatia, etab. Bazen garaia gai horiei dagokien garrantzia emateko. 

Eta are gehiago esango nuke: feminismoan, ekologismoan, mundu mailako desoreka ekonomiko, politiko, militar eta abarrean erronka handiak ditugun bezala, ezin dugu ahaztu zenbat sufrimendu eta heriotza eragiten duen gaur egun depresioak, antsietateak, bakardadeak eta bizitzako arazo sakonen aurrean dagoen hutsuneak. Agian gure gizarte (ekonomikoki) aberats eta teknologikoetan bizitzen ari garen tragediarik handiena, heriotza eta sufrimendu gehien eragiten ari dena, isilean eta oharkabean gertatzen ari da. Komunikabideak eta gizartea beste arazo batzuetan katramilatuta dabiltzan bitartean. 

Baina tira, hori beste upeleko sagardoa da. Poztu gaitezen aurrera emandako pausoaz, bakearen bidean egindako urrats garrantzitsu honetaz.  

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide