Marekazu Ohno japoniarra (Unzen Volcanic Area Geopark) eta Mike Sweeney irlandarra (Copper Coast Geopark) izan dira Euskal Kostaldeko Geoparkea aztertzera etorri diren bi ebaluatzaileak.
Hiru egunetan hainbat leku bisitatzeko aukera izan dute. Deban, Turismo Bulegoan dagoen Geoparkearen gunea, Lasturko bailara, Sakoneta-Mendatagaina ibilbide zatia eta afaria Txindurri Iturri sagardotegian. Mutrikun, Nautilus Ikasgune Geologikoan Mikel Lopez-Horgue EHUko ikerlariaren azalpenak entzun zituzten (amoniteen inguruan), Arrietakua jauregia, EVEko teknikari baten eskutik Mutrikuko Olatu plantari buruzko azalpenak jaso zituzten, Olatzeko bailaran Ziñoa baserria eta Goienetxe gaztandegia, eta afaria Arkugain elkarte gastronomikoan egin zuten, Yurrita Gastronomikaren eta Felix Manso sukaldariaren eskutik.
Zumaian, Algorri Interpretazio Zentroan izan dira, ingurumen hezkuntzaren arloan egiten den lana ezagutzen; fosilaren erreplika ere ikusi dute; Itzurunen, flyscharen eta Golden Spike edo urrezko iltzeen gaineko azalpenak jaso dituzte; itsas irteera ere egin du ebaluatzaile japoniarrak, bisita gidatuen esperientzia ezagutzeko; eta bazkalondoren, Beduola elkartekoek eta Zumaiako Institutuak berreskuratu duten txanela ikusi eta haiekin hitz egiteko aukera izan dute.
Hiru egunetan ikusi, aztertu eta jasotakoarekin txostena egingo dute ebaluatzaileek, eta 2019ko martxoan izango dute erabakiaren berri; hau da, Geoparkeak beste lau urtez UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berretsiko duen ala ez.
Datorren astean, Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideak ere ebaluatzaile gisa abiatuko dira beste bi Geoparke aztertzera; Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea, Txinako Lushan Geoparkera; eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Alemaniako Ries Geoparkera.