1965eko uztailean hasi ziren Espainiako lehen zentral nuklearra egiten, Guadalajaran. Hurrengoa Garoñakoa izan zen, 1970ean. Handik bi urtera, berriz, Vandelloskoa eraiki zuten, Tarragonan. Energia nuklearraren aldeko apustua garbia zen, eta Euskal Herrira ere iritsi ziren asmoak; izan ere, urte horretan, bigarren belaunaldiko zentralak izenekoak egiten hasi ziren, tartean, Lemoizkoa. “1972an Elektrizitate Plan Nazionala onartu zuten, elektrizitate sektorearen hazkundea antolatzeko asmoz. Beste zazpi erreaktore eraikitzeko asmoa biltzen zuen planak”, gogoratu du Pako Salegik, EZ, EZ, EZ Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historialiburuaren egileetako batek.
Lemoizkoaz gain, euskal kostaldean hainbat zentral nuklear eraikiko zituztela zabaldu zen. Deban, Ogellan (Ispaster), baita Tuteran ere. Debaren kasuan, Mendata inguruan egin nahi zuten, Sakoneta eta Aitzuriren artean. “Energia nuklearraren beharra zegoela justifikatzeko astakeria hutsa zen txosten bat aurkeztu zuten. Deba, Zumaia eta Zestoa hartuta, guztira 18.000 biztanle inguru zeuden orduan, eta txostenaren arabera, etorkizunean 40.000 biztanle izatera hel gintezkeen”, aipatu du Salegik. Inguruan aireportu bat jartzeko aukera ere aztertu zuten.
Zurrumurruak entzuten hasi ziren aurrena herrian. “Enteratu ginen Sakonetan bidea zabaltzen ari zirela, eta zenbait mugimendu egiten ari zirela. Horretaz gain, bagenekien erostaile bat joaten ari zela inguruko baserritarrengana, lurrak saltzeko eskatuz. Gainera, meteorologia neurketak egiteko tresnak ipintzen ari ziren”, adierazi du. 1973an etorri zen, baina, guztien ahotan zebilen gaiaren baieztapena. 1973ko urriaren 22an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Debako zentral nuklearraren eraikuntzaren berria, eta Industria Ministerioak Gipuzkoan zuen ordezkariak ere baieztatu egin zuen. Proiektuaren berri jakitean, batzorde bat eratu zuen Debako herritar talde batek urte amaieran.
Arrisku Nuklearraren aurkako Batzordea
Boletinean atera orduko, Debako hainbat herritar elkartzen hasi ziren. Ezinegona zegoen herrian, eta nahiz eta energia nuklearraren inguruan ezer gutxi jakin, bazekiten ez zela onuragarria. “Gure lehendabiziko lana, beraz, informatzea izan zen. Bagenuen ezagun bat Estatu Batuetan master bat egiten ari zena, Jose Allende, eta hark bidaltzen zizkigun dokumentuak”, gogoratu du.
1974ko maiatzaren 21ean osatu zuten Batzordea formalki. Zortzi gizonezko aukeratu zituzten, bozka bidez. Horietako bat izan zen Salegi bera. “Batzordearen izena aukeratzeko garaian, iruditzen zitzaigun arriskuaren kontzientziazioa garrantzitsua zela. Ez genuen sartu nahi nuklearra bai edo ez eztabaida horretan. Arriskuaren berri izatea edo informatzea, hori zen gure nahia. Horregatik jarri genuen ‘arriskua’ hitza izenean”, nabarmendu du. Zentrala jartzeak arriskua zekarren, proiektu arriskutsua zen. Zentralaren gertutasuna zen Batzordearen argumentu nagusia. “Herrietatik oso gertu zegoen, eta horrek arazoak ekarriko zituen. 50 kilometro inguruan milaka pertsonari eragingo zion”, kontatu du.
Informazioa lortzea izan zen Batzordearen lehendabiziko lana. Partaideetako batek, Patxi Aldabaldetrekuk, Jose Ramon Rekalde abokatuarekin batera, Europara bidaiatu zuen 1974ko urriaren 18tik azaroaren 2ra. Parisen hasi zuten bidaia eta Viena, Geneva eta Stockholmen ibili ziren. Unescorekin, Osasunaren Munduko Erakundearekin eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin izan ziren, besteak beste. “Aldeko eta kontrako argumentuak ezagutu nahi genituen, eta, horiekin, txosten bat osatu genuen”.
Batzordearen eginkizun nagusia, horren ondoren, hitzaldiak ematea izan zen. Herriz herri joan ziren hitzaldiak ematen (Deban, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Eibarren…) eta energia nuklearraren berri azaltzen. Aranzadik, berriz, txosten bat osatu zuen energia nuklearraren inguruan alertan ipiniz. “Haiek egindako lana guretzat oso baliagarria izan zen. Jesus Altuna eta Pablo Aresok, adibidez, lagundu egiten gintuzten hitzaldietara eta Aranzadiren ikuspuntua ematen zuten”, gaineratu du.
“Herrietatik oso gertu zegoen, eta horrek arazoak ekarriko zituen”
Kontrolaturik
Batzordeko kideek beldur pixka bat zutela aitortu du Salegik. “Baina lanerako gogoa genuen eta informazioa helaraztea zen gure helburua. Horretaz gain, abilidadea izan genuela uste dut legearen muga horretan ibiltzen. Garbi-garbi legez kanpo ibili bagina detenituta eta abar ibiliko ginen, eta ez genuen ezer ere lortuko”, esan du.
Izan ere, Gobernu Zibilaren kezka nagusia Batzordeak erabiltzen zuen dirua nondik zetorren jakitea zen. “Guk liburuak, txostenak, dokumentuak, pegatinak... publikatzen genituen, eta, noski, kezka zuten horren atzean zer edo zein egongo ote zen. Baina diru hori jendearen borondatetik eta Deban zeuden denda, enpresa eta abarrek emandako laguntzetatik ateratakoa zen. Autofinantzazioa izan zen gure ardatza”, gogoratu du. Baina gobernuko funtzionarioak gustura ez, eta pare bat aldiz joan behar izan zuten Donostiara deklaratzera Batzordeko lehendakariak, Jose Maria Izagak, eta diruzainak, Jose Luis Irustak. “Nola edo hala kontrolatuta geundela esan daiteke, garaiak ere halakoak ziren”, esan du.
Kontrol hori poliziaren informe batzuetan ikusi dute, liburua egiteko ikerketa abiatu zutenean. Hain zuzen, hitzaldiak ematera joaten zirenean, polizia joaten zen herritarrez jantzita zer gertatzen zen ikusteko. “Jakinaren gainean geunden, egia esan, baina orain ohartu gara baietz, bigilatu egiten gintuztela eta informeak eta guzti idatzi zituztela”. Zumaian egin zuten hitzaldi baten informea aurkitu zuten, esaterako. Hitzaldiak toki publikoetan egiten zituzten, baina kasu batzuetan elizan edo txokoren batean ere eman zituzten, erdi ezkutatuta. “Poliziak gure lanari segimendua egiten zion eta Gobernadore Zibilari kontatzen zion zer egiten genuen, eta zer publikatzen genuen. Noski, dena baimenik gabe eta ahal bezala egiten genuen”.
Iberduerok ez zuen inoiz esan amore ematen zuenik zentral nuklearra egiteko proiektuan, baina ez zuen aurrerapausorik ematen
Debako Udalaren jarrera
Batzordearen lana eraginkorra izan zen, eta gizartea eta iritzi publikoa mugitzea lortu zuten. Zenbait faktorek lagundu zuten zentralaren aurkako jarrera zabaltzen; logotipoa izan zen horietako bat. Egilea Eduardo Chillida izan zen. Jose Maria Izagak laguna zuen, biek elkarrekin jokatu baitzuten Realean. Hala, Debako proiektuarekiko eta euskal kostalde nuklearrarekiko oposizioa sinbolizatuko zuen logotipoa diseinatu zuen.
1973an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak baieztatu zuenean Debako zentral nuklearraren eraikuntza, eta 30 egun egon ziren alegazioak ipintzeko. Debako Udalak ez zuen errekurtsorik jarri. Batzordeak, orduan, Udalaren jarrera aldatzeko asmotan, sinadura bilketa jarri zuen martxan. “Sinadura bilketak arrakasta handia izan zuen. 1.500 firma lortu genituen. Gure nahia Udalak, formalki, kontrako postura agertzea zen”, kontatu du.
Hasiera hartan, baina, bi erakundek eta pertsona batek errekurtsoa aurkeztu zuten: Aranzadik, Mutrikuko Udalak eta Manuel Maria Escudero Ruedak. “Azken hori gizon frankista bat zen, Francok aukeratua Madrilgo gorteetarako. Baina kezkatuta zegoen. Gizon horren papera asko azpimarratzen dugu. Euskal kostaldean hainbeste zentral nuklear egiteko eskubiderik ez zegoela esan zuen gorteetan, eta errekurtsoa ere jarri zuen”, gogoratu du.
Debako Udala, baina, ez zen kontra azaldu hasieran. “Alkateak esaten zuen itxaron egin behar zuela eskaera formala jaso arte; izan ere, obra lizentzia emateko eskumena Udalak zuen. Aipatzen zuen horregatik ez zuela errekurtsorik jarri, oraindik eskaera ez zuelako jaso, alegia. Errealitatea da geroago kontra jarri zela Udala ere, baina hein handi batean mugimendu hura sortu zelako herrian eta inguruetan”, azpimarratu du.
Hala, 1974ko maiatzaren 17an Udalak erabaki zuen Iberdueroren lizentziarik gabeko obrak geraraztea, eta, bide batez, ekainaren 10ean esan zuen herrian zentral nuklearra jartzearen aurka zegoela. Inguruko udal askok bat egin zuten akordioarekin, eta, horren ondorioz, Gipuzkoako Diputazioak zentral nuklearraren eraginari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion Dames & Moore Iberia enpresari. Hark 1976ko urtarrilean entregatu zuen txostena. Ondorio hau atera zuen aukeratutako kokalekuari buruz: ”Desegokia da, gaur egun giza kontzentrazio handiegia baitago, eta etorkizunean ere hala egongo baita”.
Hurrengo hilabeteak ziurgabetasunez beteak izan ziren. Iberduerok ez zuen inoiz esan amore ematen zuenik zentral nuklearra egiteko proiektuan, baina ez zuen aurrerapausorik ematen. 1976ko abuztuan amaitu zuen Batzordeak bere jarduera, ezetza formalki jaso gabe. “Batzar orokor batean utzi genituen gure karguak, baita elkartearen eginkizuna ere”, aipatu du Salegik.
Handik urte batzuetara, Estatuko gobernuak (PSOE) plan bat atera zuen: 1983-1992 Energia Plana. Plan horretan aurreikusten zuten lau zentral nuklear jartzea martxan: Cofrentes, Asco II, Vandellos II eta Trillo I. “Plan horretan ez zen agertzen Debako zentrala. Orduan horrek adierazten zuen ez zela egingo, baina ez zen inoiz konfirmatu”, gogoratu du Salegik.
Iberduerorekin ez zuten izan inoiz kontakturik. “Haiek mespretxatu egiten gintuzten. Ez ziguten jaramonik egiten. Herri txiki bateko mugimenduak ez zien buruko minik ematen. Hainbesteko indarra zuten!”.
Istorio honetako galtzaileak: inguruko baserritarrak
Debako zentral nuklearra Mendata inguruan eraikitzekoa zen, eta horretarako lurzoru zabala behar zen. Inguruko baserritarrak izan ziren kaltetu nagusiak. Iberduerok hainbat baserri erosi zituen, abiatu zuen salerosketa estrategiari jarraituz. Engainua eta ezjakintasuna izan ziren bide horren gidariak. Desjabetzearen beldurra sartu zioten hainbat baserritarri, eta horrek baserriak eta lurrak merke saltzea eragin zien.
Debako zentral nuklearra Mendata inguruan eraikitzekoa zen, eta horretarako lurzoru zabala behar zen. Inguruko baserritarrak izan ziren kaltetu nagusiak. Iberduerok hainbat baserri erosi zituen, abiatu zuen salerosketa estrategiari jarraituz. Engainua eta ezjakintasuna izan ziren bide horren gidariak. Desjabetzearen beldurra sartu zioten hainbat baserritarri, eta horrek baserriak eta lurrak merke saltzea eragin zien.
Hala, Iberduerok zortzi baserri hauek erosi zituen: Iturritza, Mendata, Uzkangagoikoa, Uzkangazpikoa, Sakoneta, Arantzabekoa, Arantzagoikoa eta Uztartza. Azken horretan bizi zen Xabin Urbieta, bere guraso, emazte eta lau seme-alabekin batera. Juan Kruz Urbieta eta Juliana Txurrukaren maiorazkoa zen Xabin, eta hori zela eta jarraitu zuen bizitzen baserrian.
Uztartza saldu aurretik, Mendata eta Arantzagoikoa saldu zituztela gogoratzen du Urbietak. “Horregatik jakin genuen zentral nuklearra egin nahi zutela gure etxe ondoan”, aipatu du. “Segurola etorri zen baserrira. Iberdueroko ingeniari edo arduradun bat. Gizon euskalduna, jatorra, dotorea, altua zen. Baserria erosiko zigula aipatu zigun. Baserria eta gure lurrak”, jarraitu du. Hain zuzen, inguruko hektarea gehien zituen baserrietako bat zen Uztartza, guztira 200.000 metro koadro. “Dena erosiko zigula esan zigun”.
Aitarekin egin zuen tratua Segurolak. “Gure aita amorratzen zegoen saltzeko. Beste baserritarrek dirua hartu zutela jakindakoan, berak ere hori nahi izan zuen. Dirua hartzea zen kuestioa. Diruak jendea engainatzen du eta hori gertatu zen”, adierazi du.
“Ni baserritik bizi nintzen, eta zer egin behar nuen baserria saldu ondoren? Nora joan? Non lan egin?"
12 milioi pezeta eman zizkieten baserria eta lurrengatik. Ordurako diru dezente zen. “Aitak orduan 70 urte inguru izango zituen. Baserritarren erretiroa zuen, eta diru hori hartu ondoren, bizitzeko nahikoa bazuen. Baina ni baserritik bizi nintzen, eta zer egin behar nuen baserria saldu ondoren? Nora joan? Non lan egin? Nola atera familia aurrera?”, esan du.
Segurolak agindu zion zentral nuklearrean lana emango ziola, baina Xabinek ez zuen ezer ere jakin nahi izan. Seme-alabak hartu eta Zumaiara joan ziren bizitzera. Emaztea Endañeta baserrikoa du, eta hark Zumaia ongi ezagutzen zuen. Familia aurrera ateratzeko lanera joan behar, eta Egurkon hasi zen lanean. Hor hartu zuen erretiroa 18-20 urteren ondoren.
“1975eko urtarrilaren 6an etorri ginen Zumaiara, gauez. Anaia gazteak ekarri gintuen kotxean. Emaztea eta hiru seme-alabarekin etorri ginen. Seme zaharrena baserrian gelditu zen. Debara joaten zen eskolara eta azkenengo ikasturtean zegoenez, han amaitu nahi zituen ikasketak. Nire gurasoekin gelditu zen, ikasturtea bukatu arte”, kontatu du. Gero, semea Zumaiara etorri zen, eta gurasoak Zarautzera joan ziren bizitzera. Baserria abandonatua gelditu zen. Handik urte batzuetara guztiz bota zuten.
Beraiek handik alde egiterako, zentrala eraikitzeko lan txiki batzuk egiten hasi zirela gogoratzen da. “Arantza aldera kamioiak azaldu ziren eta hormigoia botatzen ere hasi ziren. Uzkanga eta Sakoneta artean ere presa egiten hasi ziren, baita gure etxea eta Azti artean ere. Muestrak hartzen ere ibili ziren”.
Penaz gogoratzen du orduko garai hura. Gustura bizi zen han eta goizetik gauera bizimodua aldatu beharra izan zuen. “Behi pinta gorriak nituen, kategoriakoak, ardi mordoa eta idi parea. Goiak behea jota gelditu nintzen”, azpimarratu du. Ikaragarri gogorra egin zitzaion handik alde egitea. Bizi izan duen esperientziarik txarrenetako bat. “Kostatu zitzaidan Zumaiara ohitzea, bai, dezente. Hasieran kalera ez nintzen asko ateratzen. Tailerrean lan egin, eta handik Foronda inguruan nuen baratzera joaten nintzen. Baserriari lotuta egoteko modu bat zen”, nabarmendu du.
Iberduerok erositako terreno eta baserri horiek, ondoren, Diputazioak erosi zituen. 108.250.000 pezeta (650.000 euro) ordaindu zituen. Gaur egun, Diputazioak bi baserri bakarrik itzuli dizkie, ordainduta, lehengo jabeei: Sakoneta eta Uzkangazpikoa. Beste guztietatik, jada ez dira existitzen Iturritza, Mendata, Arantzabekoa eta Uztartza. Arantzagoikoa baserriak zutik jarraitzen du, baina ez da inor bizi. Beraz, bi uzkangetan (Uzkangazpikoan eta Uzkangagoikoan) eta Sakonetan bizi da norbait.
Arrisku Nuklearraren kontrako Zumaiako Komisioa
Zentral nuklearra ez eraikitzeko mugimendurik garrantzitsuena Deban izan zen. Bertan sortu zen Arrisku Nuklearraren aurkako Batzordeak eraman zuen herri mugimenduaren gidaritza urte haietan, baina inguruko herrietan ere sortu ziren hainbat komisio. Hain zuzen, Zumaiako taldea izan zen, Debakoaz aparte, lehenengoa. Jesus Olaizolaren gidaritzapean, bospasei lagunek osatu zuten Arrisku Nuklearraren kontrako Zumaiako Komisioa, eta besteak beste, hauek aritu ziren: Ignacio Sasiain, Felix Idigoras, Javier Del Pilar, Javier Carballo, Juan Ignacio Mendia apaiza, Iñaxio Manterola…
“Ez naiz gogoratzen nola elkartu ginen. Nik neuk energia nuklearrari buruz zerbait irakurria nuen lehenagotik. Deban zentral bat eraiki behar zutela jakin genuenean, Aranzadik emandako hitzaldi bat izan zen Donostian, 2-3 hilabetera. Joan egin nintzen. Han entzundakoak bultzatu ninduen zentrala eraikitzearen kontrako borroka horretan sartzera. Oso arduratuta nengoen, eta galdetzen nion neure buruari: ‘Inori ez zaio axola gai hau? Zentraletik 2 kilometrora biziko naiz? ’”, kontatu du Del Pilarrek.
Carballo: “Kontrako iritzien artean ere bi pentsamolde zeuden: zentral nuklearraren kontra zeudenak, eta zentrala Deban egitearen alde ez zeudenak”
“Olaizola izan zen herria alerta jarri zuena. Kimikari-fisikaria zen eta maisu aritzen zen, klaseak ematen, Maria eta Josen eta Zarauzko Antonianoetan. Nire irakaslea zen”, jarraitu du Manterolak. “Komisio horretan egoteaz gain, Olaizolak erlazio handia zuen medikuekin, farmazeutikoekin… Herri batzuetara hitzaldiak ematera ere atera zen bere esperientzia azaltzera”, gaineratu du Carballok.
Komisioaren helburua Zumaiako herritarrak kontzientziatzea zen. Baina nolakoa izan zen herriaren erantzuna? “Kontrako iritzien artean ere bi pentsamolde zeuden: zentral nuklearraren kontra zeudenak, eta zentrala Deban egitearen alde ez zeudenak. Gero, hirugarren masa bat zegoen. Horiek ez ziren arduratu ere egin”, kontatu du Carballok. “Garrantzitsua hirugarren masa hori zen. Jende asko alde zegoen, eta ez naiz Zumaiako herriari buruz ari, orokorrean baizik. Arzallusek esaten zuen ez bazen zentralik egiten kobazuloetara bueltatuko ginela. Askok aurrerabidea ikusten zuten, eta guk, beraien ustez, progreso hori oztopatzen genuen”, gehitu du Manterolak.
Komisioaren eginkizunak
Bilboko Ingeniaritza Eskolan bazen fisika nuklearreko katedradun bat, prestigio handikoa, Juan Carlos Zabalo izenekoa. Ventajas e inconvenientes de las centrales en la costa vascaizenburua zuen gutun bat idatzi zuen. Bertan, teknologia nuklearraren segurtasunaz mintzatu zen, eta erabateko argudio positiboak plazaratu zituen. “Gizon hark hori esaten bazuen, zer pentsatuko zuen gizarteak? Fisiko nuklear garrantzitsua zen, eta gure lana ezerezean uzten zuen askorentzat. Garai haietan ezin zen pentsatu ere egin horrelako jendeari kontra egitea”, adierazi du Carballok.
Manterola: “Askok aurrerabidea ikusten zuten, eta guk, beraien ustez, progreso hori oztopatzen genuen”
Hori dela eta, Debako Batzordearen lana, hasieran, eta Aranzadirena, jarraian, garrantzitsuak izan ziren iritzi publikoa aldatzeko. Zumaiako Komisioaren eginkizuna, Debako Batzordearen lanari jarraipena ematea izan zen. Hala, 1974ko abuztuan, hitzaldi bat antolatu zuten Aita Marin. “Zer gertatzen zen kontatu nahi genion herriari”, adierazi dute. Debako Batzordeko Carmelo Urdangarin eta Patxi Aldabaldetreku etorri ziren hitzaldia ematera. Arrakastatsua izan zen, leporaino bete zen zinea.
Hitzaldiaz gain, txosten bat atera zuten Komisioko partaideek. Deba´ko atomika-etxea dala-ta izenburupean, zentrala izateak sor zitzakeen kalteen berri ematen zuten. Txosten hori etxez etxe banatu zuten. “Paper horiek egitera Apaizetxera joaten ginen”, gogoratu du Idigorasek. Izan ere, Komisioko partaide zen Juan Ignacio Mendia apaiza. Orduan ez zegoen fotokopiagailurik. Dokumentua etxeetan banatzeko diptiko gisa egin zuten eta kopiak multikopista izeneko tresna batekin egiten ziren. “Multikopista bat Don Teodoro Bikuña parrokoak zuen, eta gu Mendiaren bidez joaten ginen harengana kopiak ateratzera. Beste inon ezin zen eduki tresna hori; bestela, Guardia Zibilak jasotzen zuen”, gogoratu du Carballok. “Garai hartan, mugimendu guztiak elizaren anparoan egiten ziren. Gure bilerak ere Padres de Familianegiten genituen, Aita Mari zinean”, jarraitu du Manterolak.
Tentuz jokatu beharra
Olaizola izan zen Zumaiako Komisioaren liderra. “Gaiari buruz zerbait zekiena bera zen, eta gu informatzen hasi ginen. Hark esan zigun Deban jarri behar zuten erreaktorea Westinghouse bat zela. Ameriketako eredua zen, han ordurako ilegala zena. Zirkuitu irekiko sistema zuen. Itsasotik ura hartu, hoztu eta berriro itsasora botatzen zuen. Baina, horretaz gain, arazoa zen izugarrizko zentral pila egin behar zituztela kilometro gutxian, eta megawatt asko elkartuko zirela euskal kostaldean”, kontatu du Manterolak.
Olaizola bera ere hitzaldiak ematen ibiltzen zen. Badu Idigorasek anekdota bat. “Olaizolak Urretxun konferentzia bat eman eta etxera bueltan ginela, guardia zibilaren kontrol batekin topo egin genuen. Dokumentazioa ateratzeko eskatu ziguten. Zein zen ohartu zirenean, 'Perdone usted, sigan’esan eta aurrera egin genuen”, kontatu du. Olaizola, Gerra Zibilean armadan ibilia zen, eta teniente izandakoa zen.
Garai hartan, Zumaiako korrespontsala zen Carballo El Diario Vascon. Gogoratzen du Debako Batzordeko bi kidek Zumaian hitzaldi eman zutenean herritarrez jantzitako bi guardia zibil ere han egon zirela. “Pentsa zer garai ziren…, tentuz jokatu beharra izaten genuen. Behin, guardia zibil batek deitu zidan galdezka ea zergatik publikatu nuen gai horri buruzko zerbait egunkarian. Nik El Diario Vascon bertan zentsura nuela aipatu nion. Bidaltzen nuen guztia irakurri eta errepasatzen zuten. Joakin Ormaetxea zen publikatu edo ez baimentzen zuena; beraz, nik ez nuela zerikusirik esan nion”, azaldu du.
Detenituak izateko beldur pixka batekin lan egin zuten Komisioko kideek. “Beldur-beldurra ez, baina arduratsu eta errespetuz jokatzen genuen. Gainera, udalen eta Aranzadiren babesa lortuta, nahiko lasai izan ginen. Gure egoera eta eginkizuna ez zen inoiz ilegala izan”, aitortu du Del Pilarrek.
Komisioaren eginkizuna 1976. urte inguruan gelditu zen. “Gure helburua lortu genuen, eta gustura gelditu ginen egindako lanarekin. Inguruko udal asko zentralaren aurka agertu ziren, baina horrek ez zuen baldintzatu jendea kontu horiez ohartzea. Nik uste dut guk dezenteko iraultza egin genuela, informazioa leku guztietara banatu genuelako eta mugitu egin ginelako”, amaitu du Del Pilarrek.