Uso mezulariak Bruselan zeruratu eta beraien usategira, Zumaiara eta Itziarrera kasu honetan, bueltatzeko gai dira egun berean. Inongo GPS edo sistema teknologikorik gabe, soilik instintuari jarraituz, eta horrek jabeak pozik eta harro jartzen ditu.
Erdi Aroan pertsonen arteko komunikazioa errazteko erabiltzen ziren usoak. “Horretarako, hankan lotutako pote txiki batean mezu bat sartzen zen eta behar zuten tokira joaten ziren”, esan du Manuel Urbietak. Berekin dira Juan Larrarte eta Julian Egiguren usozaleek. Potentzialtasun hori gizarte modernoan ere aprobetxatu izan da. “Militarrek, esaterako, beraien estrategien barruan erabili izan dituzte usoak. Iparramerikarrek adibidez, Golkoko gerran, elkarrekin komunikatzeko usoak erabili zituztela aitortu zuten”. Gaur egun, usoen heziketak beste norabide bat hartu du. Komunikazio kanala izateaz gain, kirolera ere bideratu baitira asko.
Juanen hitzetan, “Eboluzionatzen doan arraza bat da. Hasieran 20 kilometroko distantzia egitera behartzen zituzten; orain, aldiz, gero eta distantzia luzeagoak egiteko gaitasuna dute. Espeziea hobetzen doa. Pentsa, 1.000 kilometro egiteko gai dira lehiaketa luze batean, eta irabazten duen usoarengatik milaka euro ordaintzen du jendeak”.
Arraza beraren eboluzioaz gain, belaunalditik belaunaldira usoak hobetu egin dira. Hain zuzen, geneek eta jatorriak eragina dute hurrengoengan. “Konturatu gara ibilbide batean uso zehatz bat ongi ibili bada, bere kumea oraindik eta hobeto ibiltzen dela. Hori bai, ibilbidez edo orientazioz aldatzen baduzu, ez du hainbesteko gaitasunik erakusten”, adierazi du Manuelek.
Batez beste 70 km/orduko abiaduran egiten dute hegan, baina haizearen norabidearen arabera aldatu egin daiteke datu hori. “Haizea aurka badute, abiadura murriztu egiten dute eta 60 km/ordura jaitsi. Aldiz, aldeko haizearekin, 90 km/ordura hegan egitea irits daitezke”, kontatu du Juanek. Adibide bat ere gehitu dio datu honi. “Normalean, usoak goizeko 06:00ak aldera jaurtitzen dira, eta iaz 700 kilometro baino gehiagoko lasterketa batean, arratsaldeko 16:00etako etxean nituen. Inoiz ez zitzaidan gertatu hain azkar usategian izatea”.
Uso mezulariak normalean urtarriletik maiatza edo ekaina bitartean jaiotzen dira. “Usakumeak hilabete tarte honetan jaiotzea garrantzitsua da, bestela ez baitie lumaz aldatzeko denborarik ematen”, esan du Manuelek. Udazkena izaten da lumaz aldatzeko garaia eta lumak behar bezala izatea garrantzitsua da usoak hazteko. “Lumak zenbat eta garbiagoak eta flexibleagoak izan, hegaldietan orduan eta esfortzu txikiagoa egin behar dute; beraz, txukun izatea gomendagarria da”, gaineratu du.
“Konturatu gara ibilbide batean uso zehatz bat ongi ibili bada, bere kumea oraindik eta hobeto ibiltzen dela”
Horretarako, bainuak hartzen dituzte. “Beraien kasa bainatzen dira. Bainuontziak jartzen dizkiegu eta beraiek nahi dutenean bainatzen dira, euria edo elurra egin. Gainera, ez dugu jakiten noiz egiten duten, eta guk nahi dugunean ez dira bainatzen”, esan du Julianek.
“Nik badut horretarako trikimailua”, aipatu du jarraian Juanek. “Uso bat egun batzuetan giltzaperatuta izaten baduzu bere kaiolatxoan, beste guztiekin batera jartzen duzunean, bainatzeko gogo handia izango du. Hala, bainuontzian sartuko da eta beste guztiek jarraitu egingo diote. Ondoren, kanpora ateratzen dira lehortzera; eguzkitan jartzea asko gustatzen zaie eta hegoak zabalduta jartzen dira”.
Kulturaren parte
Usozaletasuna usoen heziketa eta irakaspena barne hartzen duen kirola da. “Europa mailan kirol moduan definitzen dute, baina hemen, Euskal Herrian, kulturaren parte bezala hartzen gaituzte”, esan du Juanek.
Frantzia, Belgika eta Ingalaterra bezalako herrialdeetan kirol ospetsua da hau. “Jende askok egiten du, eta usoak heztetik bizi direnak ere badira”, aipatu du Manuelek. Oso ondo antolatuta dute dena, eta lehiaketak egiteko garaian Frantziako usozaleekin elkartzen dira. “Beti Brusela, Lille eta Tolosa (Frantzia) bezalako herrietatik ateratzen dira gure usoak, horiek dira erabiltzen ditugun abialekuak”, kontatu du.
Hori egiteko arrazoiak bat baino gehiago dira. Alde batetik, paisaiaren ezaugarriak daude. Frantzia eta Belgika aldera mendi gutxiago daude, nahiz eta Pirinioak bertan izan. “Horretaz gain, Espainia hegoalderantz joanez gero, belatzekin topa daitezke eta izugarrizko kalteak eragin: ebakiak, zauriak…”.Beste alde batetik, arrazoi ekonomikoak daude. “Frantziarrekin elkartuta errentagarriago ateratzen zaigu. Han usozale asko daude, eta gastuak denon artean banatzen ditugu, horregatik merkeago ateratzen zaigu”, kontatu du Juanek. Gainera kamioiaren gastuak daude. “Usoak kamioian garraiatzen ditugu, eta normalean elkarte bakoitzak berea du; bestela, oraindik eta garestiago aterako zitzaigun. Baina, noski, kamioaren gastua joan-etorriko bidaia da, nahiz eta buelta hutsik egiten duen”. Horrelako bidaia batean uso bakoitzarengatik ordaintzen dute. “Euro bat edo zerbait gehiago balio du uso bakoitzak lehiaketa batean parte hartzeak, eta askatzen dugun bakoitzean (astero izaten da), 40-45 uso eramaten badituzu, imajinatu nolako gastua izan dezakegun”, aipatu dute.
Bidaia planak
Urte hasieran frantsesekin kontaktuan jartzen dira hemengo elkarteak. Ordezkari bat bidaltzen dute bilera batera eta bertan urte horretako hegaldi planak antolatzen dituzte. “Zehazki, urtarrila eta otsaila bitartean definitzen ditugu bidaiak; gero, apiriletik aurrera askatzen hasteko”, kontatu du Juanek.
Lehiaketak 4 kategoriatan banatzen dira: abiadurakoa (300 kilometro artekoa), iraupen erdikoak (300-500 kilometro artean), iraupenekoa (500-700 kilometro artean) eta iraupen luzekoa (700-1.100 kilometro artekoa). Kategoria bakoitzeko lasterketak hilabete jakin batean izaten dira. “Apiriletik uztailera arte askatzen dira”, kontatu dute Julianek Lehendabizi, lasterketa motzak egiten dituzte, abiadurakoak eta iraupen erdikoak. Ondoren, ekainean, iraupenekoak egiten dira eta uztailean iraupen luzekoak. “Usozaletasunean hasiberriak direnentzat lasterketa motzak dira egokienak. Guretzat, urte asko daramatzagunontzat, motzak entrenamendu gisa hartzen ditugu. Gure helburua luzeetan ondo ibiltzea izaten da”, aipatu du Juanek.
“Instintua usoak berak eduki behar du. Nagusiak egiten duena instintu hori perfekzionatzea da”
Lasterketetara joateko bidaia kaxetan egiten dute usoek. Julianek, Juanek eta Manuelek hainbat kaxa dituzte beraien txokoan gordeta. Guztiak beraiek eginikoak dira eta garbitasunari garrantzi handia ematen die. “Higienea behar-beharrezkoa da, astero-astero garbitzen ditugu, bidaia bakoitzaren ondoren”, esan du Manuelek.
Kaxa guztiak prezintatuta joaten dira lehiaketara. Kamioian bata bestearen gainean ipintzen dituzte eta gidariaz gain, laguntzaile batekin joaten dira uso guztiak. “Denbora bat pasa ondoren derrigortuta daude gelditu eta usoei jaten eta edaten ematera”, aipatu du Manuelek. Hala ere, janariarekin arduratsu jokatzen dute. Izan ere, asko jaten badute, digestioa egitean egarri asko etortzen zaie eta hegaldian doazenean geratu egiten dira uraren bila. “Beraz, arin joateko jan gutxi ematen zaie, baina ura berriz, asko. Gainera, horretarako edukiontzi espezialak izaten dituzte kaxetan”, aipatu dute.
Lehiaketaren arabera, uso gehiago edo gutxiago sartzen dituzte kaxen barruan. “Motzetan, 24 uso sartzen ditugu, gutxi gorabehera, eta luzeetan, aldiz, 15-16”.
Uso batek lehiaketa irabazteko, ez du nahikoa bere usategira iristearekin. “Teilatuan jartzen bada, ez du balio. Usategiaren barrura sartu behar du, eta han dagoen kontrolagailutik pasa. Hori baita denbora kalkulatzen duen tresna”, esan du Julianek. Gero, datu guztiak ordenagailura deskargatzen joaten dira, eta bertan, formula baten bidez, azkarren etxera bueltatu den usoa zein izan den jakiten dute.
Usategiak GPS sistemarekin hartuta daude, zein koordenada dituen badakite txapelketako arduradunek eta usoak irten diren lekuko koordenatuak hartu ondoren, ordenagailuan datuak sartu eta biderik zuzenena zein den jakiten dute. “Baina, noski, usoak ez dira zuzen joaten, oso zaila da hori egitea”, adierazi dute.
Normalean, zuzenen etortzen den usoa izaten da irabazten duena. “Zuzenago joanda, bidea motzagoa egiten da. Badaude azkarragoak diren usoak, baina ez badira zuzen joaten, ez dute irabazten. Batzuetan bide luzea egin behar dute derrigorrez haizeagatik, mendiengatik, belatzak ikusi dituztelako…”, esan du Juanek.
Instintuaren garrantzia
Hirurek familiatik datorren afizioari edo animalienganako duten maitasunagatik eman diote jarraipena kirol honi. Julianen kasuan, esaterako, aitak erakutsitako bideari segitzea pentsatu zuen. “Gure aitak usategi bat zuen, Paolbidean. Urte askoan Donostian bizi ondoren, Zumaiara bueltatu nintzen, eta lekua nuenez, afizio horrekin jarraitzea pentsatu nuen. Orain, Artadirako bidean kokatuta dut usategia. Guztira, 12 urtez nabil usoen gai honekin”.
Manueli eta Juani, berriz, txikitatik datorkie animalienganako zaletasuna. “Amonak erakutsi zidan animalienganako maitasuna eta dagoeneko 50 urte baino gehiago daramatzat usoekin”, esan du. Hasieran ikasketa prozesua zaila egin zitzaiela kontatu dute. “Saiatzen eta galerak izaten ikasten da ondoen. Orduan jakiten duzu zerbait gaizki egiten ari zarela”, esan du Manuelek. “Perfekzioa bilatzea da helburua”, jarraitu du Juanek. Behatzailea eta konstantea izatea dira usozale on batek behar dituen ezaugarriak. “Gaian sakontzen duzun heinean, usoak gehiago ezagutzen dituzu, bakoitza zein den, zein akats dituen… Hor dago sekretua”, amaitu du Juanek.
“Artista izan behar duzu usoei motibazioa aurkitzeko, baina hori ere gure lanaren zati bat da”
Perfekzio hori bilatzeko, ordea, entrenamendu saioak egiten dituzte. Egunero joaten dira usategira, eta entrenamendu garaietan bitan edo hirutan ere bai. “Lanera joan baino lehenago uso talde bat askatzen dut. Goiz erdian, tailerretik irten eta beste taldetxo bat. Etxera joan baino lehen, beste bat, agian. Eta hori asteko 7 egunetan, jakina. Emaitzak lortu nahi dituenak badaki zer egin behar duen. Irabazteak ez digu hainbeste axola, egia esan, baina gure arteko burlak eta ziriak ez jasotzeko lan asko egin behar dugu”, kontatu du barrez Manuelek. Juanek zehaztasun bat egin du orduan: “Aurreneko saiakeran usoak etxera etortzearekin konformatzen ginen. Baina, orain, aldamenekorena baino lehenago iristea nahi izaten dugu”, barrez.
Entrenamenduetan usoen instintua lantzen dute, batik bat. “Instintua usoak berak eduki behar du. Nagusiak egiten duena instintu hori perfekzionatu. Hori ez balitz landuko, galdu egingo lukete”, esan du Juanek. Lehiaketak, hain zuzen, horretara daude bideraturik. Zenbat eta gehiagotan parte hartu, orduan eta gaitasun handiagoa izango dute.
Motibazioa aurkitzea
Uso hauen eta jabeen artean dagoen harremana estua da. Bien artean sortzen den erlazioa oso indartsua bihurtzen da. “Usategi zaharrari edo aurreko nagusiari dion maitasuna handiagoa da berriari diona baino. Eta, gainera, ez diozu urtetan kenduko. Pentsaezina da, baina horrela da”, esan du Juanek. Gainera, usategi zaharrera bueltatuz gero, beste usoen artean borroka egingo du bere lekua zena berreskuratzeko.
Hain zuzen, horrelako trikimailuak erabiltzen dituzte usozaleek usoen motibazioa handitzeko. “Artista izan behar duzu usoei motibazioa aurkitzeko, baina hori ere gure lanaren zati bat da”, esan du Juanek. Motibazio hori lehiaketetan etxerako buelta azkarrago egiteko erabiltzen dute.
Juanek kontatzen duenez, “Arrak hobeak dira, orokorrean. Gorputz sendoagoa dute, fuerteagoak dira. Baina imajinatu eme bat lasterketa batera bidali duzula usategian 3-4 egun dituzten usakumeak han utzita. Ez dago arrik, onena izanda ere, eme horri irabaziko dionik. Motibazioa ezberdina da, eta hor dago sekretua. Hori bilatzea da gure lana”.
Erabiltzen duten beste truko bat uso zaharren eta gazteen arteko lehia izaten da. “Txapelketara bidali behar duzun uso zaharrari bere kaiolan gazteago bat sartzen diozu 2-3 minutuz. Borrokan hasten dira eta ondoren zaharra hartu eta lehiaketara bidaltzen duzu. Zer gertatzen da? Zaharrak buruan duela bere lekuan gazte bat geratu dela, lekuaren jabe. Uso horrek etxera bueltatzeko duen gogoa izugarria izaten da”, azaldu du Manuelek.
“Frantziarrekin elkartuta errentagarriago ateratzen zaigu. Han usozale asko daude, eta gastuak denon artean banatzen ditugu”
Usoak zaintzea
Diputazioak gauza asko exijitzen dizkie. “Euskal Herrian ardiak baino uso gehiago daude, baina gurea ez da plaga bat, kontrolatutako animaliak dira”, esan du Manuelek. Hori dela eta, lizentzia eta ziurtagiri guztiak egunean izan behar dituzte. Animalia bizidunen garraiorako lizentzia, albaitariaren ziurtagiria, Diputazioaren arauak, usategia kokatuta dagoen udal bakoitzaren betebeharrak…
Dokumentu horiez gain, txertoen kontua dago. “Usoek behi eroek harrapatu zuten gaitzaren antzekoa izan dezakete; horregatik, denak txertoa jarrita izaten ditugu”, kontatu du Manuelek. Newcastle izeneko txertoa ematen diete urtero, eta hori hartu gabe harrapatzen badituzte, izugarrizko multa izan dezakete Frantziara pasatzen direnean. “Animalientzat gaixotasun oso kutsakorra da newcastlerena eta albaitariak txerto hori eman gabe harrapatzen bazaitu, Diputazioari esatera derrigortuta dago. Hori gertatuz gero, uso guztiak hil egin beharko genituzke”, adierazi dute.
Janariari dagokionez, garaian garaiko elikadura emateaz arduratzen dira. Usakumeak direnean proteina asko ematen dizkiete; hegaldiekin hasten direnean, berriz, hidrato asko: artoa, zereala… “Kaloriak izan ditzaten leguminoso asko ematen dizkiegu. Baina horrek arazoak ere ekar ditzake. Asko emanez gero, kolesterola ateratzen zaie”.
Deskantsuan daudenean, azarotik otsaila arte, garbiketarako tartea hartzen dute usoek. “Ur asko edaten dute hilabete horietan, eta glukosa eta garagarra ere jaten dute. Elikadura beti zaindu behar da”, adierazi du Juanek.
Elikaduraren gaiari lotuta, dopinaren kontua aipatu dute. Ba al dago dopinik usoen mundu honetan? Kasuren bat atera dela kontatu dute. Belgikan, kokaina arrastoak zituen uso bat aurkitu zuten. Horrek, ordea, Nazioarteko Federaziotik, uso guztiek kontrol zehatzak pasatzera derrigortzea ekarri du. “Guk beti garbi jokatzearen alde egin dugu apustu. Gure elkartean 16 pertsona gaude eta denon artean ederki eramaten gara. Lehia zenbat eta maila paretsuagoan egon, orduan eta politagoa dela iruditzen zaigu. Beti berdinak irabazten badu, ez du grazia askorik. Hasiberriei ere saiatzen gara aholku onak ematen. Ilusio askorekin etortzen dira, eta lehenengo urteetan dena galtzen badute, afizioa uztea dakar horrek, dirua galtzen duzulako eta beti berdinak irabazten dutelako. Eta hori ez da gure nahia”, esan dute Juanek.
Eraztunen inguruko bitxikeria
Usakumeei, jaiotakoan, eraztun itxi zenbakidun bat jarri behar zaie. “Usoen NAN zenbakia bezalakoa da”, adierazi dute. “Gainera, jaio ondorengo 9 eta 12 egun bitartean ipini behar zaie”, esan du Juanek. Behin eraztuna jarrita duenean, ezin izaten zaie kendu, “behatzak hazten zaizkie eta eraztuna jarrita hiltzen dira”.
Uso bat mezularia bezala kontsideratzeko, eraztun itxia izan behar du. “Bestelako hegaztiek eraztun irekiak izaten dituzte, baina uso hauei itxiak jartzea derrigortuta gaude”, kontatu du Juanek.
Eraztunak Belgikatik ekartzen dizkie federazioak. 2014an, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, 5.500 eraztun eskatu ziren. “Guk, adibidez, gure elkarteak, 1.000 eraztun eskatu genituen eta batere gabe geratu ginen”.
Tradizioa Zumaian
Zumaian familia askok hazi eta hezi dituzte uso mezulariak. 1950. urte ingurutik datorren zerbait da. “Guztira 10 bat familia izango ziren herrian uso mezulariekin jarduten zutenak: apeztegiatarrak, alberditarrak, etxabetarrak, olaizolatarrak, egigurendarrak…”, gogoratu du Julianek. Urte haietan, artean, umea zen Julian, baina oroitzapen gutxi batzuk gordetzen ditu oraindik. “Uste dut Belgikatik uso mezulari bat azaldu zela Zumaian, eta horrela hasi zela pixkanaka sortzen afizioa”, aipatu du.
Kuriositate moduan, uso hauek eta militarrek izan duten harremanaren ondorioz, herriko 2-3 gaztek soldaduska Zumaian bertan egitea lortu zuten. “Bai, hala da, usoak zaindu eta heztearen baimenarekin, soldaduska herrian egin zuten”, esan du. Ondoren, asteburuetan, trenean Burgos eta Miranda de Ebro aldera joaten ziren usoak kaiolan sartu eta lehiaketetan parte hartzera.
2010eko otsailean usoen lizentziak ejertzitoaren eskumenetik atera ziren. “Ordura arte, genituen uso guztien berri eman behar genien; izan ere, beraien ikuskapenaren barne sartzen zen uso mezularien kontrola. Orain datu guztiak Usoen Federazioari ematearekin nahikoa da, beste arautegi baten barnean gaude kokatuta”, kontatu du Julianek.
Gaur egun usoenganako afizioa mantentzen da Zumaian. “Manuelek Itziarren ditu usoak; Juanek, Hondarribian, han bizi delako; eta, nik, Artadi aldean. Baina beste hainbatek ere badute usategia. Olaizolak Agerre baserrian du, Vallejok Endañeta inguruan, Silva anaiek Ortiz fabrika zaharraren gainaldean…”, amaitu du.