Borja Aguinagalde: “Zirujauok ez dugu eskuekin operatzen, buruarekin baizik”

Izaskun Urbieta 2015eko apirilaren 23a

Ospitalean elkartu gara Borja Aguinagalde zirujauarekin. Toraxeko Kirurgia zerbitzuan egiten du lan duela zortzi urtetik (bost mediku egoiliar gisa eta hiru espezialista bezala), eta guardian harrapatu badugu ere, gustura egin digu ongietorria. “Gure espezialitateagatik, guardia lokalizatua deitzen dena egiten dugu, hau da, telefonoarekin egoten gara beti. Horrek ez du esan nahi ospitalean egon behar dugunik, baina beti kobertura dagoen toki batean egon behar dugu”, kontatu du. Arrazoi horregatik edo, Donostian bizi da aspaldiko urteetan, baina Zumaia beti darama bihotzean. “Itzurunen, eta batez ere Algorri aldean, askotan ikusiko naute”. 

Lanbidea maite duela igartzen zaio, mediku izatea odolean daramala. Okerren, beharbada, guardien kontua eramaten du.

Zer moduz eramaten duzu hilean gutxienez 13 edo 14 guardia izatea?

Ba, gure lanbidearen parterik txarrena da. Guztira lau asteburuetatik bitan guardia izaten dut, eta astean zehar ere bai, jakina. Gure bizitza kalitatea guardiek baldintzatzen dute. Batzuetan guardia oso onak izaten ditugu, telefonoz konpontzen diren horietakoak, baina beste batzuetan ez dira hain onak izaten eta ospitalera etortzea tokatzen da. Eta hurrengo egunean lanera, beti bezala. Goizeko zortzietatik arratsaldeko hiruretara. Telefonoarekin bizitzera ohitzen zara. Badakizu zein jatetxetara joan kobertura ez galtzeko, zein tokitan ibili…

Zergatik aukeratu zenituen Medikuntzako ikasketak?

Ez nintzen hasi  bokazioagatik edo jendea salbatu nahi nuelako. Nire kasua ez da hain erromantikoa. Ikasle ona nintzen eta Medikuntza egiteko aukera buruan nuen. Gaur egun ikasle onak Medikuntza ikastera bultzatzen dituzte. Oso errore handia da nire ustez, gero lanean hasten direnean ikusten baita denek ez dutela honetarako balio. Medikuntzan, esaterako, komunikazioa oso inportantea da, jendearekin nola komunikatu, zure lankideekin… eta pazienteekin, jakina. Eta batzuk oso itxiak dira alde horretatik. 

Baina azkenean Medikuntza aukeratu zenuen.

Orduan Zumaian REM izena zuen batxilergoak eta ni BUP egitera Zarautza joan nintzen. Garai hartan biologia eta zientzietako gaiak aukeratu nituen, beti gustatu izan zaizkidalako. Azkeneko urte arte ez nengoen seguru Medikuntza hartuko nuenik, baina aukeretako bat nuen. Garai hartan kirol medikuntza gustatzen zitzaidan, patologia forentsea… Nire lagunetako ia inor ez zen unibertsitatera joan artean, kanpora bizitzera, eta probatu nahi nuen Bilbora joan eta ea zer zegoen han. Hala, karrera hasi nuen, gustatu egin zitzaidan, lagun berriak egin nituen eta konturatzerako lehenengo 3 urteak pasa ziren. Gero, Donostiara bueltatu nintzen, bertako ospitalean ikasketak jarraitzera.

Sei urte pasa ondoren, MIR azterketa prestatu zenuen.

Azterketa konplexua da, zaila. Medikuntzari buruz galdetu dezaketen edozer sartzen da azterketa horretan. Guztira, 260 galdera egiten dizkizute test moduan. Horietatik 250ek puntuatzen dute, eta beste 10 erreserban geratzen dira. Puntuak positiboak eta negatiboak izaten dira.Iruñera joan ginen bizitzera MIRa prestatzeko 7 hilabetez bost lagun. Asko ikasten genuen eta oso organizatuta genuen dena. Karrera nahiko ondo eramaten da normalean, psikologikoki, baina MIRaren prestakuntzan krisi batzuk ikusten dira. Jendea pisu batera joan bai, baina gero etxera bueltatu gurasoengana… Han tentsio asko dago.

"Medikuntzan komunikazioa oso inportantea da"

Zirujau torazikoa izatea aukeratu zenuen.

Hemen, Donostian, plaza hori ez ez da urtero eskaintzen. Guk adibidez, lau urtetik behin eskaintzen dugu. Dagoen langabezia mailaren arabera irekitzen dugu plaza edo ez. Gaur egun, zerbitzu torazikoan oso altua da, eta guk ez dugu nahi jendea formatu gero parora joateko. EAEn, Toraxeko Kirurgiako bi talde bakarrik daude: bat Donostian eta bestea Barakaldoko Gurutzetan.

Baina ikasketen hasieran ez omen zenuen zirujau izan nahi…

Ikasten ari nintzela, Donostiako unibertsitateko ikasketen buru Miguel Etxenike zegoen, Etxenike fisikoaren lehengusua. Artista hutsa zen. Oso tipo buruargia. Hark nahi zuen ni zirujau izatea. Eta, horretaz gain, unibertsitatean klaseak ematea, eta ikerketara ere bideratzea… “3 ardatz horiek gabe, paziente bat ezin da ondo tratatu”, esaten zidan. 

Kirurgiako praktikak egin nituenean, ez zitzaidan batere gustatu. Baina udara batean Toraxeko Kirurgia zerbitzura joateko esan zidaten, eta iritzia aldatu nuen. Nola planteatzen zituzten kasuak, zergatik operatzen zuten horrela, operazioan zerbait gaizki baldin bazihoan familiari nola kontatzen zioten… 

Bost urtez espezializatzen egon zara, eta orain lanean ari zara.

Nik oraindik plazarik ez daukat, ez dudalako oposiziorik egin. Baina lana badut, bitarteko edo interino. Kontratu oso ona da, nire adineko batentzat oso ona. Nahiko zorte izan dut alde horretatik. Kontratu mota asko daude: aldi baterakoak, ordezkapenak, hiru hilabetekoak, oporrak, guardiak bakarrik… Ni kontratu osoarekin nago, goizez bakarrik, gainera. Guardia guztiekin, eta egin behar ditudan asteburuekin. 

Zer da arlo torazikoa?

Toraxean dagoen edozer gauza tratatzen dugu, esofagoa eta bihotza izan ezik. Horrek esanahi du batez ere birikak, pleurako edozein gaitz eta mediastinoa (bi biriken artean eta esternoia eta bizkarrezurraren artean dagoen dena). Baina gehien operatzen duguna biriketako minbizia da. Lau egunetan sartzen gara operazio gelan, eta bi paziente operatzen ditugu egun bakoitzean. Lau egunetatik hirutan biriketako minbizia sartzen da, normalean. Urtean ehun eta gehiago tratatzen ditugu. 

Lan zaila duzu?

Gure operazioak beti kirurgia altutzat hartzen dira. Izan ere, kirurgietan mailak daude konplexutasunarengatik, eta beste hainbat ezaugarrirengatik. Baina polita da. Gure espezialitatea oso esker onekoa da, gainera. Adibidez, mediku bati bronkitis duen gaixo bat etortzen zaio arnasestuarekin. Mediku horrek egunak behar ditu gaixo hori sendatzen medizinekin. Mila sendagai emango dizkio eta pixkanaka hobetzen joango da. Guri arnasestuagatik deitzen bagaituzte pleurako isuriagatik, gu iritsiko gara, hodi bat jarriko diogu, likidoa atera eta bi ordutara primeran egongo da gaixoa. Orduan, pazienteak uste du gu izugarri onak garela. Baina hori espezialitate motagatik da, ez da guk beste zerbait hobeto egin dugulako. 

Esker onekoa da, beraz.

Minbiziaren % 25 besterik ez da operatzen. Gainerako % 75a ez dago operatzeko moduan, pronostiko txarra dauka. Eta horiek guztiak onkologoek tratatzen dituzte. Guk onenak operatzen ditugu, eta horietako batzuk ondo joaten dira, ez denak, noski. Espezialitate batzuk badute azkar sendatzeko ahalmena eta beste batzuek ez. Eta agian gu baino meritu gehiago dute, egunero gaixoarekin daudelako, bere familiarekin azkeneko uneetan. Baina, azkenean, kanpotik begiratuta, distira beste gauza batek dauka.

Zuen artean konpetentziarik badago?

Karreran ia batere ez. Apunteen komisioa deitzen den antolaera edo egitura bat genuenikasleon artean. Nik klasean ez nuen sekula apunterik hartzen. Baina gero zuri, ordena batean, beste batekin apunteak hartzea tokatzen zitzaizun. Gero horiek ordenagailuz pasa, zerbaitekin osatu (beste liburuekin, iazko apunteekin…) eta entregatu egiten genituen. Horiek fotokopiatzen eta klasekideen artean banatzen genituen, komisioan parte hartzen zuten guztiei. Horrelako modelo batean nahiko zaila da lehiakortasuna egotea. MIRean eta erresidentzietan, aldiz, fama badago. Batez ere, arlo kirurgikoetan. Gure artean ez dago horrelakorik. Nire lagun onenetarikoak nire zerbitzuko taldekoak dira. 

Teknologia berriek asko lagundu dizute operatzeko garaian?

Asko. Ni mediku egoiliarra nintzanean ez zen biriketako minbizi bat bera ere bideo kirurgiaz operatzen, eta orain dela 3 urte bukatu nuen. Gaur egun 120 kasutatik 72 bat horrela operatzen dugu.

Oso teknologia garestia erabiltzen dugu. Kirurgia egitea gero eta garestiagoa da, baina teknologia berriek homogeneizatu egin dute lana. Lehen, adibidez, bronkioak asko irekitzen ziren, eta gero josi egin behar ziren. Munduko zirujaurik onenak bronkioak gutxien irekitzen zitzaizkienak ziren. Kirurgia teknika da azken finean, eta horretarako entrenatzea da onena. Gero bakoitzaren talentua ere hor dago. Baina batzuek pentsatzen dute zirujauek izugarrizko pultsua dugula eta ez da horrela. Zirujauok ez dugu eskuekin operatzen, buruarekin baizik. Jakin behar dugu zer moztu, zer ez, zer utzi ukitu gabe… Baina zirujau baten garrantzia, gauzak gaizki baldin badoaz erreakzioan dago. Ondo doanean dena, gauzak erraz joaten dira, baina konplikatzen hasten denean… Tenplea behar da. Jakin zer egin behar den momentu bakoitzean, zer moztu edo zer ez. Eta hori dena da kirurgia. 

Talde lana garrantzitsua da zure lanbidean?

Mediku bat bera bakarrik ez da ezer. Nik ez dut ezagutzen inor ospitale honetan ezinbestekoa denik. Ikasleek askotan esaten dute  ez dakit zeinekin egon naizen praktiketan eta makina hutsa da. Egia da ikasleak oso inpresionableak direla. Baina zirujau batek ez bazaitu operatzen, lasai, beste bat ere egongo da eta. Ezberdintasunak badaude eta ondo dago jakitea zeinek operatzen zaituen, baina mediku bakar batek bere zerbitzuan ia ezin du ezer ere egin bakarrik. Berak sendabidean jarri duen gaixoa guardian beste batek zainduko du, eta nire ekipokoekin ez badut konfiantzarik… Talde lana nire ekipo barruan inportantea da. Baina ez da talde lana hor amaitzen. Erizainak hor daude, laguntzaileak, beste espezialitate batzuetako medikuak… Beraien lanaz ez bagara fidatzen, eta beraiek gutaz ere ez… zer egingo dugu! Ezer ez! Bakoitzak bere lana ondo egiten saiatu behar du, eta besteekiko erantzun eta haiek ere erantzungo dizuete. Konfiantza faltak dena apur dezake.

Mutil gaztea zara, ez dizuete ezer ere esaten horregatik?

Bai, askotan. Ni mediku egoiliar nengoenean kontsulta pasatzen nuen oso jende gutxi ginelako. Oso arraroa da bakarrik egotea, baina ni jarri ninduten. Nik operazio guztia pazienteari azaldu ondoren, askok esaten zidaten: “Eta zuk operatu behar nauzu?”. Eta nik pentsatzen nuen: “Ordubete osoa daramat zuri esplikatzen eta orain ez duzu nahi nik operatzerik?”. Ba ez. Ia beti neuk operatzea nahi zutelako zen. “Gustatuko litzaidake zu bertan egotea” zen erantzuna.

Gauzak gaizki doazenean, jendeak gaztea zarelako begiratuko dizu, euskalduna zarelako edo erdalduna, altua zarelako… Ondo doazenean, aldiz, jendeari ez zaio inporta nolakoa zaren. Injustua da, baina horrela gertatzen da. Guk, esaterako, noduluen biopsiak egiten ditugu eta ona edo txarra izatea ez da nire erantzukizuna, zuk ekarri didazun noduluaren arabera da. Baina ona denean, denak etortzen dira eskerrak ematen, onena zarela esaten, jatorrena… Nik ulertzen diet pozik egotea, baina nik ez dut parterik horretan. Gure lana berdina da emaitza zein izan. Eta hain zuzen, gure taldearen helburua hori da: beste zerbitzuetako lankideek, eta pazienteek ere bai, jakina, guregan konfiantza izatea. Zerbait gaur egin badezakegu, ez dugu uzten biharko. 

Hain zuzen, Donostiako Toraxeko Kirurgia zerbitzuak hirugarren urtez jarraian Top 20 izeneko saria irabazi du.

Guk ez diogu sariari garrantzi handirik ematen. Sariak ez du esan nahi Espainiako zerbitzu onena garenik, baina txarrena ez, behintzat. Printzipioz, neurtu dituzten datuetatik onenak gureak dira. Zerbait ondo egiten arituko gara hona iristeko. Hala ere, onena da ikerketa kanpoko auditoria batek egiten duela. Guk ezin dugu ezer ukitu, hona etortzen dira, datuak hartzen dituzte eta beraiek egiten dute ebaluazioa. Guk ez dugu inor ezagutzen, eta horrek sariari ospe handiagoa ematen dio. Autoebaluatzea ondo dago, baina kanpotik egitea ere bai.

Kongresuetan ere parte hartzen duzu.

Bai. Urtero, Kongresu Nazionala deitzen den ekitaldia izaten da. Lan bati buruzko txosten bat aurkezten duzu, eta aukeratzen bazaituzte, aurkeztera joaten zara. Nik aurten, adibidez, bi txarla emango ditut Kongresu Nazionalean. Horretaz gain, Europako Kongresu bat dago. Aurten Lisboan izango da eta bertan beste txarla bat emango dut. Poster bat aurkeztu behar dut, 3D teknologiarekin egin dugun lan bat, eta aukeratu egin gaituzte aurkezteko. Gauza horietara gustura joaten gara. Espainiakoan aukeratzea nahiko erraza da, baina Europako Kongresuan bidaltzen diren lanen % 40 bakarrik onartzen dute. Beraz, pozik gaude. Ekainean izango da eta ni joango naiz gure taldeko ordezkari. 

Donostiako Toraxeko Kirurgia zerbitzua erreferente Gipuzkoan eta Araban

Borjak Toraxeko Kirurgia zerbitzuan egiten du lan eta zerbitzua lau zirujauk osatzen dute. Jose Miguel Izquierdo da taldeko burua, eta bere ondoan Iker López , Jon Zabaleta eta Borja bera aritzen dira (eta 4. urteko egoiliar gisa Stephany Laguna). “Normalean zerbitzu bat konpetentea izateko, milioi bat biztanlekohedadura hartu beharko lukeela esaten da Europan”, kontatu du Borjak. Hala, Gipuzkoako biztanleez gain, Arabakoak ere beraien zerbitzuak tratatzen ditu. “Gipuzkoa soilik hartuta gutxiago operatuko genuke, % 25 gutxiago, gutxi gorabehera. Hau da, urtean 120 operazio egin beharrean, 90 inguru egingo genituzke”, esan du. 

Zerbitzua ez zatitzearen arrazoia horixe da, hain zuzen. “Nik nahiago dut 120 operazio egiten duen zirujau batek operatzea, urtean 90 egiten duen batek baino. Baina hori jendeak ez du ulertzen”, adierazi du Borjak. “Dena zatitzen bada, eta eskualdeko ospitaleetan kirurgiak edo espezializazioak jartzen badira, aditu gutxi sortuko dira, lan horrek ez baitu bolumenik izango” jarraitu du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide