Olatu erraldoiak: Nondik zatoz, Moby Dick?

Gorka Zabaleta 2014ko api. 10a, 15:05

Olatu handiak Zumaiako barran. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Aurtengo neguan oldartuta dabil itsasoa. Gabonen bueltatik, ia etenik gabe kolpatu dute kostaldea olatu bortitzek eta hainbat txikizio eragin. Baina nola sortzen dira olatu handi horiek? Euskalmeteko meteorologo Joseba Egañak eman dizkigu erantzunak.

Hezur-haragizko balea zuririk ez da bistaratu paraje hauetan oso aspaldian, baina itsasoaren apar zuriak bi hilabete daramatza Moby Dick zaurituaren amorruaz bazterrak kolpatzen. Urtarrileko lehen egunetan izan ziren lehen oldarraldiak eta martxo hasieran etorri da azken denboralea. Hamar bat izan dira, otsailaren 2koa bortitzena. Egin dituzte txikizioak, barra aurrealdean, batik bat; eragin dituzte istripuak eta larrialdiak —barran botatako garabia eta iraulitako belaontzia, kasu—; utzi dizkigute irudiak, eta ez ohiko bisitariren bat ekarri ere bai —arranplara atseden hartzera etorritako itsas txakurra–. Gugan lilura, zirrara eta batzuetan beldurra pizten duten balea zuriak dira, baina ezer gutxi dakigu olatuez. Zerk sortzen ditu? Nondik datoz? Zerk bihurtzen ditu hain bortitz?

Joseba Egañak (Zumaia, 1973) txikitatik zeukan garbi meteorologo izan nahi zuela. “Zortzi urterekin, besteek futbolari edo mediku izan nahi zutela zioten eskolan; nik meteorologo”. Gurasoen etxean, San Telmo kalean, estazio txiki bat muntatu zuen, egunero tenperatura, euria, haizea eta beste neurtzeko. “Egunero apuntatzen nituen datuak; paper zahar haiek gordeta dauzkat oraindik”. 2001ean postua lortu zuen Euskalmeten. Gaur egun Arabako Parke Teknologikoan du egoitza Euskalmetek. “Euskal Herrian zehar ehun bat estazio meteorologiko dauzkagu jarrita eta hamar minututik behin jasotzen ditugu datuak; Kapilduiko radarrak ere hamar minutuan behin bidaltzen ditu irudiak, eta satelite irudiak 15 minutuan behin jasotzen ditugu”. Informazio hori guztia eguraldiaren segimendua eta iragarpenak egiteko erabiltzen dute.

Aurten, baina, lehorreko datuei baino gehiago itsasoari begira egon dira. “Itsasotik denboraleak oso segidan etorri dira aurten, eta olatu handiak eragin dituzte. Alerta egoeran egon gara aste askotan. Otsailaren 2an alerta gorria ezarri zuten, eta hori ez da batere ohikoa. Hiru edo lau urtetik behin gertatzen da”. Hala ere, aurtengo itsas denboraleen segida ez omen da hain fenomeno arraroa: “Denboraleak normalak dira neguan. Abenduan hasi eta martxo hasiera arte, ohikoa da Ipar Atlantikoan, itsaso zabalean, ehun bat ziklogenesi leherkor sortzea; kontua da horietako gehien-gehienak oso iparretik egiten dutela bidea. Normalena da Islandia aldetik Irlanda eta Erresuma Batu aldera sartzea. Penintsularaino oso gutxi iristen dira. Gure itsasertzera iristen diren olatu handiak Islandia eta Irlanda artean sortzen diren depresio sakon horiek sortuak dira. Gugandik 3.000 edo 4.000 kilometrora”.

Joseba Egaña: "Gure itsasertzera iristen diren olatu handiak Islandia eta Irlanda artean sortzen diren depresio sakon horiek sortuak dira. Gugandik 3.000 edo 4.000 kilometrora" 

Ziklogenesi leherkorrak 

Lehen aldiz 2009an entzun ziren bi hitz apokaliptiko horiek Euskal Herriko komunikabideetan. “Azken finean, depresio oso sakonak dira –20 milibare baino gehiago sakontzen duenean 24 orduko tartean–; gertatzen da izena oso erakargarria dela hedabideentzat, eta ordutik ziklogenesi leherkorrak egunkarietako izenburu asko bete ditu”. Depresio oso sakon hauek sortzen dira batik bat neguan, gure hemisferioan hilabete horietan izaten delako tenperatura alde handiena Ekuatorearekiko. “Lurraren Ipar Poloa eta Ekuatorearen artean tenperatura alde handiena neguan gertatzen da. Tenperatura asko aldatzen da espazio tarte txikian. Orduan, tenperaturan alde handia duten bi aire masa elkartzen dira, hotza bata eta epela bestea; aire epela gorantz doa eta hotza beherantz, hodeiak sortzen dira eta martxan da depresioa”.

Beraz, tenperatura kontrastearen eraginez sortzen dira depresio sakonak Ipar Atlantikoan. Eta depresio sakona da olatuak sortu eta martxan jartzen dituen motorra. “Depresio sakonak haize bortitza eragiten du, 140 km/h-ko boladekin. Haize horrek sortuko ditu olatuak”. Olatuen tamaina eta indarra hiru faktoreren emaitza izango da. “Alde batetik, abiadura. Baina abiadura bezain inportantea da haizeak zenbat denboran eusten dion indarrari. Ohikoa da 120km/h-tik gorako indarrari eustea zenbait ordutan. Zenbat eta denbora gehiago haizea lanean, orduan eta olatu handiagoak sortuko ditu”. Eta badago hirugarren aldagai bat, esplikatzen zailagoa, baina garrantzitsua dena: “Ingelesez Fetchesaten zaio; euskaraz, eragin eremua erabil dezakegu. Indarrari eta norabideari eutsiz haize bortitzak harrapatzen duen eremua litzateke. Mapa gaineko isobaren marretan ikusten da ondo. Zenbat eta eremu zabalagoa izan haize bortitzaren eraginpean, olatuak gehiago haziko dira”. Haizearen hiru ezaugarri horiek zehaztuko dute olatuen altuera eta denbora tartea –zenbat eta tarte handiago olatuen artean, orduan eta energia gehiago, ur masa handiagoa delako–.

Depresio sakonak olatuak sortu ditu itsasoaren erdian haizearen eraginez, eta handik zabaldu egiten dira, abiadura handian. “Gugandik 3.000 edo 4.000 kilometroa sortu diren olatuak 24-36 ordutan iristen dira gure kostaldera, hondoko itsaso bihurtuta”.

Hondoko itsasoa

Iragarpenetan sarri erabiltzen den kontzeptua da hondoko itsasoa. “Depresio sakonak itsaso zabalean sortu dituen olatu horiek, haizearen eragin eremutik urruntzen direnean esan genezake bizitza propioa hartzen dutela, beren kasa bidaiatzeko energia dutela. Horri deitzen zaio hondoko itsasoa. Gurera ekarrita, azken finean, itsaso zabaletik, urrutitik, datozen olatu horiek dira”. Eta gero daude tokian tokiko haize olatuak, bertako haizeak eragiten dituenak. “Normalean bien arteko nahasketa gertatzen da. Norabide berbera izan dezakete edo ez; konbinazio hori nola ematen den, itsasoa egongo da nahasiago, handiago…”.

Haizearen abiadura, iraupena eta eragin eremuari gehitu behar zaie olatuen norabidea. Euskal kostaldeari dagokionez, oso mendebaldetik badatoz, orduan talka ez da hain bortitza izango. Depresio sakona gugandik iparraldera sortzen bada, Ingalaterra parean, orduan normalean olatuak ez dira hain handiak izaten, ez dutelako garatzeko tarte handirik; Ingalaterra hegoaldeko kostaldetik Euskal Herrira dagoen distantzia, gehienez. “Ipar-mendebaldeko norabidetik datozenak dira arriskutsuenak, Irlandatik mendebaldera sortzen direnak; horiek kilometro asko dauzkate handitzeko, Fetch handia dute hazi eta indartzeko”.

Otsailaren 2ko txikizioak

Aurtengo denborale gehienak ipar-mendebaldeko norabidetik etorri dira. Guztietatik otsailaren 2koak eragin zuen txikizio gehien. Ez zen, ordea, olatu handienak ekarri zituena. “Datuak aztertzen baditugu, otsailaren 2ko olatuak ez ziren izan ez handienak, ezta bortitzenak ere –denbora tarteari dagokionez–. Olatu handiagoak izan ziren urtarrilaren 7an, otsailaren 5ean eta otsailaren 9an”. Baina aipatutako egun horietan kalteak ez ziren hain larriak izan. Orduan, bada oraindik kontuan hartu ez dugun beste aldagai garrantzitsu bat: “Marea”. 

Itsasoaren altuerak berebiziko garrantzia izan zuen otsailaren 2an. “Urtarrilaren 31n Irlandatik mendebaldera zegoen depresio sakonaren erdigunea –940 milibareko presioa zeukan–; haizeak 120 kilometro orduko abiadurari eutsi zion luze, 180ko boladekin –urakanen parametroak dira horiek–. 17 metrotik gorako olatuak sortu zituen itsaso zabalean, baina gurera gerturatzerako 13 metrokoak ziren handienak, eta zortzi ingurukoak batezbestekoak –Donostia parean 16 miliara dagoen buian–. Kostaldera iristerako, 6,5 eta 7 metro artekoak. Eta olatuen arteko denbora tartea 20 segundo ingurukoa. Datu adierazgarriak dira, baina, esate baterako, urtarrilaren 7an ia 17 metroko olatua markatu zuen Donostiako buiak, batezbeste zortzi metrotik gorakoak kostan lehertzerako, eta potentzia ere bikoitza zuten”. Baina txikizioa otsailaren 2an gertatu zen. “Otsailaren 2an urteko marea bizienetakoak egokitu ziren justu itsasoa indar handienarekin zetorrenean. Goizaldeko 06:00etan, 4,94 metroko marea zegoen, eta horrek olatuen gaitasuna biderkatu egin zuen”.

"17 metrotik gorako olatuak sortu zituen itsaso zabalean, baina gurera gerturatzerako 13 metrokoak ziren handienak"

Marea barometrikoa

Marea astronomikoan Ilargiaren grabitate indarrak du eragin handiena –marea bizienak gertatzen dira martxoan eta irailean, Ilargiaren indarrari Eguzkiarena gehitzen zaionean, biak lerroan jarrita–. Baina bada itsasoaren altueran eragina izan dezakeen beste faktore bat: atmosferaren presioa. “Marea barometrikoa deitzen zaio. Depresioa zenbat eta sakonagoa, marea orduan eta altuagoa. 1.013ko mugatik presioa jaisten den milibare bakoitzeko, mareak zentimetro bat egingo du gora; eta alderantziz, presioa igotzen bada –antizikloia–, aireak pisu handiagoa izango du eta itsasoaren altuera murriztuko du”. Zorionez, denboraleak gertatu direnean gure gainean ez dugu depresio sakonik izan eta marea barometrikoak apenas izan du eraginik itsasoaren altueran. Baina, gertatuko balitz? “Oso zaila da aipatzen ari garen aldagai guztiak balio okerrenean aldi berean gertatzea. Otsailaren 2ko baldintzei gehituko bagenie depresio egoera gure gainean, marearen altuerari –berez oso handia– beste ia metro erdi gehitu beharko genioke. Ondorioak are larriagoak lirateke”. 

Frantzian gertatu zen, 2010ean. “Otsailaren 27an Cynthia izeneko ziklogenesiak 40 lagun hil zituen Frantzian. Haize bortitza eta olatu handiak izan zituzten kostaldean, mareak ere biziak egokitu ziren eta horri gehitu zitzaion Cynthiak 960 presioa zeukala erdigunean, Frantzian bertan; hau da, beste metro erdi gehitu behar itsasoaren altuerari. Sekulako uholdeak izan ziren, batik bat kostaldean. Hemen hego haizeari esker libratu ginen, Cynthia iparraldera bultzatu zuelako”.

Pasioarekin kontatzen ditu Joseba Egañak eguraldiari buruzko kontuak. Umetan etxeko anemometroari begiratzen zion pasio berberarekin. “Datuak, ekuazio matematikoak eta modeloak erabiltzen dira eguraldi mapak sortzeko, baina beti dago errorerako tartea. Gure lana da mapak egoki interpretatzea. Batzuetan, modeloek emaitza ezberdinak ematen dituztenean, jakin behar duzu bereizten zein izan daitekeen aukera egokiena, eta hori esperientziak ematen dizu. Hor sartzen da pertsona. Bestela, dena perfektua balitz, pertsonarik ez litzateke beharko, programa batek egingo luke”.

Garabia, itsas txakurra eta belaontzia

Itsasoa gaiztotzen denean erne ibili beharra dago, istripuak gerta daitezke eta. Urtarrilaren 31n, aurreko denboraleek barran askatutako harriak kentzen ari ziren garabiak eta hondeamakinak istripua izan zuten. Hondeamakina garabiaren kabinaren gainera erori eta langile bat larri zauritu zen. Kolpearen ondorioz, garabia matxuratuta barran utzi behar izan zuten. Hurrengo egunean ahalegindu ziren ateratzen, baina ez zuten lortu, eta otsailaren 2ko itsaso handiak uretara bota zuen. Han jarraitzen du, noiz aterako zain.

Handik bi astera, otsailaren 14an, itsas txakur bat sartu zen Urolaren itsasadarrera, atseden hartzeko babesleku bila. Arranplan lehorreratu zen, eta hantxe egin zituen lauzpabost ordu, indarberritu eta berriro itsasoratu zen arte. Aurten itsas txakur asko agertu dira euskal kostaldean.

Eta azken ezustekoa otsailaren 22an gertatu zen. Estropada batetik bueltan zetorren belaontzi batek istripua izan zuen barra parean:olatu batek atzetik kolpatu, trabeska jarri eta ia erabat iraularazi zuen ontzia. Eskifaiako lau lagun uretara erori ziren. Zorionez, gertu zegoen OlarruSubeko kide Imanol Zuazobidek erreskatatu zituen elkarteko ontziarekin.

Txikizioei dagokienez, barran izan ezik, Zumaian ez da aparteko kalterik izan. Barran, alde batetik, goiko petrilaren hainbat zati eraman ditu, alde berrian zein zaharrean. Baina okerrena beheko solairuan, aurrealdean, egindako zuloa da. Barra aurrera iristeko zegoen pistaren 30 bat metro eraman ditu itsasoak. Hori konpontzen ari dira, besteak beste, uretan iraulita dagoen garabia lehenbailehen atera ahal izateko, maiatzean Balentziagak ontzi bat itsasoratu behar du eta.

Erlazionatuak

Olatu handien argazki bilduma

Gorka Zabaleta 2014 api 10 Zumaia

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide