Urolan 22 lizentzia daude gaur egun, eta izendunak dira: lizentziaren jabeak baja emanez gero, galdu egiten da, ezin du beste inork hartu. Legeak beste muga batzuk ere ezartzen ditu: gehienez bi kilo har daitezke lizentzia eta eguneko; arrantza sasoia mugatuta dago, urriko hilberria baino astebete lehenago hasi eta martxoko hilberritik astebete pasa arte; harrapatutakoaren berri eman behar da koaderno batean; 65 euro ordaindu behar dira ontzitik arrantzatzeko, 15 euro lehorretik eginez gero; salmenta debekaturik dago… “Legeak nola jartzen ari diren ikusita, lehenago desagertuko da angulazalea angula baino”, diote angulazaleek.
Jose Ramon Elosua lehorretik ibili izan da angula arrantzatzen, baina duela urte batzuk utzi egin zion. “Lehen koadrilan ibiltzen ginen. Kaia tabernako aterpean karta jokoan hasi eta galtzen zuenak salabardoari pasaldia eman behar izaten zion”. Juan Ramon Larrañaga, berriz, motorarekin ibiltzen da gaur egun. “Gaztetan lehorretik ibiltzen ginen. 1996tik daukagu motora, eta gaur egun, lizentziak baterako edo besterako direnez, ontzitik ibiltzen gara”.
“Legeak nola jartzen ari diren ikusita, lehenago desagertuko da angulazalea angula baino”
Noiz agertzen da angula errioan?
Irailean, San Migeletako marea bizietan, errioko harri txikietan begiratuz gero, han agertzen da angula berria. Handik aurrera, udazkenean eta neguan sartzen da gehien, baina nik uste dut urte osoan etortzen dela, gehiago edo gutxiago. Ilargi berria baino astebete lehenago hasten gara arrantzan, errioaren sarreran, Talaipe parean. Ilargi betean ez da alerik agertzen, iluntasuna nahi du angulak. Itsas korronteek ere eragina dute. Frantzia aldera badago, orduan sartu egiten da. Bestaldera badago, orduan ezer ez. Korrontea erabiltzen du sartzeko.
Behin erriora sartzen direnean, nola bizi dira?
Errioan zehar zabaltzen da, gordeleku bila. Altxerria [IA1](harri txikia) eta hondarra ditu gustuko ezkutatzeko, leku garbiak; gaur egun basa baino ez dago errio hondoan eta hori ez da batere egokia angularentzat. Basetan ere sartzen dira, zuloa eginda, baina angulak nahiago du leku garbia.
Noiz ateratzen da angula gordelekutik?
Angula normalean gordeta egoten da, beretzat egokiak diren baldintzen zain. Ilargi berria nahi izaten du, ilunpean harrapakariengandik ihes egiteko. Eta ujalak izaten direnean ere mugitzen da. Oxigeno faltagatik edo ujalak berak eragindako ezinegonagatik, jaiki egiten dira, uretan gora etortzen dira, eta orduan harrapatzen ditugu.
Angulak harrapatzeko batzuk lehorretik ibiltzen zarete, beste batzuk ontzitik. Nola da kontua?
Lehen jende asko ibiltzen zen lehorretik, errio bazterrean, salabardoarekin. Lekua hartzeko ere borrokak izaten ziren… Baina duela 15 bat urtetik hona asko galdu da lehorrekoa. Lehen Gurutze Gorrian soldadu zeudenek asko harrapatzen zuten Zubitxikiaren parean; leku ona zen hura. Kontua da, ujalak daudenean angula errio bazterrera etortzen dela, korrontea saihesteko. Horrelakoetan lehorretik harrapatzen da.
Eta ontzitik, hondotik edo azaletik egin daiteke arrantza. Zer berezitasun du bakoitzak?
Hondotik ibiltzeko bahe borobil zabalak erabiltzen dira, kirten luzedunak. Bahea hondoraino sartzen da. Batzuek sistema hidraulikoa jarri dute motoran, baheak errazago altxatzeko. Baina angulazale gehienak azaletik ibiltzen dira; bahea txikiagoa da, errektangularra. Pasaldia ur azalean egiten da, askoz arinago, sartu eta atera, etengabe, bahe bat ababorrean eta bestea istriborrean. Angula dagoenean, horixe da teknikarik eraginkorrena, azkarrena delako.
Eta nola dakizue angula hondotik edo azaletik ibiliko den?
Angulak bere joerak dauzka. Adibidez, itsasotik sartzen ari denean, ur garbitan, hondotik joango da; alferrik saiatuko zara azaletik. Gero, ura mehetzen doan neurrian, orduan azalera agertuko da. Adibidez, Barinagako parean. Han urak goranzko zurrunbiloa egiten du eta angula gora ekartzen du. Han ez dago bahe handiarekin ibiltzerik. Errioa ezagutu behar da. Leku batzuk egokiagoak dira hondotik ibiltzeko, beste batzuk azaletik.
Arrantza saioa itsasbeherarekin hasten duzue, errioaren sarreran. Noraino igotzen zarete?
Talaipe parean hasi eta, angula mugitzen bada, pixkanaka gorantz egiten dugu, haren bila. Barinaga paretik gora ere joaten gara, normalean Beduaraino. Handik gora ere ibiltzen ziren lehen, Oikiako presaraino. Baina ur mehea dago, metro beteko sakonera. Marea bizi ona behar da han gora azaltzeko, eta errioa ondo ezagutu behar da.
Eta hondartza aldean?
Santiagoko hondartzan ere egiten da. Lehorretik sartzen dira batzuk. Gu ontzitik ibili izan gara. Angula asko sartzen denean han ere egoten da. Baina arriskutsua da, olatuengatik. Ilunpean ez duzu ikusten olatua badatorren, nola datorren…
Lehen angula asko omen zegoen, kiloka harrapatzen omen zen. Gaur egun, berriz, galzorian omen dago.
Larrañaga: Hori bolo-bolo dabilen kontua da, baina lehen bezala dago angula gaur egun ere. Azken zortzi urteotan nik ez dut gainbeherarik sumatu. Serio ibiliz gero, denboraldian hogei kilotik gora jaso daitezke… Eta gaur egun bezala, lehen ere izaten ziren urte txarrak. Nire iritziz, zikloak dira. Gure aitona ibili zen Hotel Amayarako angula kiloa osatu ezinik… Osabak kontatzen duenez, zenbait urtetan alerik ere ez zuten biltzen. Gau hotzetan, angulen ordez, errio bazterrean hotzez jota zeuden hegaberak harrapatzen omen zituzten.
Elosua: Nik uste dut jaitsita dagoela lehengoaren aldean. Lehen lehorretik hiruzpalau kilo harrapatzen ziren salabardoarekin; orain lanak izaten dira hiruzpalau lagunen artean kilo erdia osatzeko.
Angulazaleak kexatzen dira ubarroiek jaten dituztela aingirak.
Garbi dago hegazti hori berria dela hemen eta ikaragarri ugaldu dela. Gogoan daukat behin Arritokieta ontziko lema galdu genuela errioan, Zubitxikiaren parean. Orduan inor ez zen urpera sartzen, errioa oso zikina zegoelako. Sei edo zazpi urte izango nituen. Ur azpira sartu lemaren bila eta ez nuen ezer ikusten hondoa hamar zentimetrora nuen arte. Hondoko basa zuloz josita zegoen, eta zulo bakoitzean aingiraren burua edo hamarra. Dena beteta. Orain ez da ezer ikusten, ez zulorik, ez animaliarik.