Thierry Juteau: Bizitza itsas hondoan sortu ote zen?

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 16:11

Thierry Juteau, San Telmon. Argazkia: Gorka Zabaleta

Ez da Neil Armstrong, Edmund Hillary edota Roald Amundsen bezain ezaguna, baina badu haiekin zerbait komunean: eremu berri bat konkistatzen lehena izan zela. Ilargia, Everest edota Hego Poloa bezain eremu arrotza, gainera: sakonera handiko itsas hondoak. Han egindako aurkikuntza harrigarrien berri eman digu Thierry Juteau ikertzaile frantziarrak.

'Alvin' urpekoan jaitsi zen Thierry Juteau itsas hondo sakonera.

“Zure burua ordu eta erdiz itsas hondorantz amiltzen uztea ikaragarria da. Sentsazio hori ezin da deskribatu. Bi metroko diametroa zuen titaniozko bola batean sartu ginen hiru lagun –Alvin urpekoan– eta han joan ginen ordura arte inor iritsi ez zen sakoneraraino, zerekin topo egingo genuen oso ondo jakin gabe”.

1979ko apirilaren 21ean izan zen egun seinalatua, Ozeano Barean. 30 urte pasa diren arren, detailerik ez zaio ahaztu Juteauri. “3.000 metrora iritsi ginenean gelditu zen urpekoa. Hondoan ginen. Urpekoaren hormek sekulako zarata ateratzen zuten, uraren presio ikaragarriak zanpatuta –300 atmosferako presioa–, baina nik ez nuen beldurrik. Konfiantza osoa nuen tresnerian”. Erabateko ilunpean zeuden. Argiak piztu zituztenean, hitzik gabe gelditu ziren. “Begien aurrean genuena ezin genuen sinetsi: tximinia moduko batzuetatik ur beltza ateratzen zen, sekulako indarrarekin; eta haien inguruan, bizitza, 3.000 metroko sakoneran inork espero ez zezakeen bizitza oasia” . Hondoari itsatsita bizi ziren harrez osaturiko zelaiak, uraren joan-etorriarekin dantzan; karramarroak, izkirak, olagarroak, arrainak, muskuiluak… Ekosistema oso bat tximinia haien inguruan. “Bost minutuz egon ginen hitzik esan gabe, gidariak lanean hasteko esan zigun arte”.

"Harrigarriena da tximinia horien inguruan eraiki den ekosistema osoa"

Aurkikuntza ikaragarria izan zen. “Ura 350 gradura ateratzen da tximinietatik, eta kolore beltza du hainbat metal dituelako disolbatuta. Baina harrigarriena da tximinia horien inguruan eraiki den ekosistema osoa. Bakterio termofiloek –berozaleek– ur bero horretan dauden azido sulfidrikoa, CO2-a eta oxigenoa erabiliz gai organikoa sortzeko ahalmena dute. Harrak elikatzen dira gai organiko horrekin, eta hortik aurrera kate oso bat osatu da”. Garrantzitsuena da Eguzkiaren energiarik ez dutela behar bizitzeko. “Lurrak sortzen duen energiaz baliatzen dira. Eguzkia itzaliko balitz ere, luzaro iraungo luke ekosistema horrek, ez baitu haren premiarik”.

Ur beltza jaurtitzen duten tximinia horiek –black smokers– dortsal ozeanikoan zehar aurki daitezke. “Ozeano guztiak zeharkatzen dituen bizkarrezur moduko bat da dortsal hori, 60.000 kilometro inguru ditu. Itsas hondoko geruzak banatzen dituzten amildegien artean bailara sakonak daude; bada lerro luze hori tximiniaz josita dago”. Lurraren barnetik datorren energiaren eraginez amildegi horiek zabaltzen ari dira, ozeano hondoko geruzak urruntzen ari dira, eta, horrenbestez, kontinenteak talka egitera bultzatzen dituzte”. Lurraren barnetik datorren energia horren ondorioz lehertutako itsas hondoko sumendiek sortu zituzten, esate baterako, Islandia eta Hawaiiko irlak, justu dortsal ozeanikoaren gainean.

Beste datu deigarri bat ere eman du Juteauk: hamar milioi urtean ozeanoetako ur guztia pasatzen da tximinia horietatik. “Ur hotza itsas hondora jaisten da, lurrazal ozeanikoaren azpitik sartzen da dortsalean dauden zirrikituetatik, magma beroraino jaitsi, berotu eta tximinietatik irteten da, presio handian. Ura arazteko modu bat ere bada, eta prozesu horri esker itsasoko uraren konposizioa nahikoa egonkorra da”.

Ekosistema bitxi bat sortu da itsas hondoko tximinien inguruan.

"Leku paregabea da bizitza sortzeko: beroa ziurtatuta dago, mineralak ere bai, meteoritoengandik nahikoa salbu dago, antzinatik datozen bakterio termofiloak daude…”

Horrek guztiak hainbat galdera interesgarri jarri ditu mahai gainean. Bizitzaren sorrerak lotura zuzena badu mugimendu tektonikoekin, eta gainera demostratu baldin bada Eguzkiaren energia ez dela ezinbestekoa bizitza garatzeko, orduan, bizitza itsas hondoan sortu zela esan al genezake? Juteauk uste du posible dela. “Leku paregabea da bizitza sortzeko: beroa ziurtatuta dago, mineralak ere bai, meteoritoengandik nahikoa salbu dago, antzinatik datozen bakterio termofiloak daude…”. Ez hori bakarrik. Juteauk uste du ekosistema hidrotermal horiek beste planeta batzuetan gara daitezkeela. “Esate baterako, Jupiterren Europa izeneko ilargian. Han, izotzaren azpian dagoen ozeanoan, ilargiaren nukleoak sortutako beroak antzeko ekosistemak ahalbide ditzake”.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide