Miguel Delibes de Castro: “Izurrite bat gara bioaniztasunarentzat”

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 16:42

Miguel Delibes de Castro, Itzurunen. Argazki: Gorka Zabaleta

Espezieen seigarren desagertze handian gaudela dio Miguel Delibes de Castrok, eta gizakia dela erantzule nagusia. Badaki zertaz ari den, urte askoan Doñanako parke naturaleko zuzendari izan zelako, eta lan handia egin duelako katamotza desager ez dadin. Baina esperientzia handiko biologoaz gain, dibulgatzaile bikaina da. Jakitea bezainbeste balio du jakintza hori denok ulertzeko moduan azaltzeko gaitasuna izatea.

Aitortu du ez zuela inguru hau ezagutzen, eta txundituta gelditu dela. “Itsaslabar hauek emozio bikoitza eragin didate: estetikoa eta intelektuala. Bat oso txiki sentitzen delako hemen, eta haitz hauetan dagoen informazioa irakurtzeko egin den lana omenaldia delako giza adimenarentzat. Gizakiaren pentsatzeko gaitasunari egindako monumentu bat da”. 

Pentsatzeko dugun gaitasun horretan ditu jarriak Delibesek bere esperantza apurrak. “Muga guztiak gainditu ditugu, kolapsorantz goaz, baina espero dut gizakia ohartuko dela gertatzen ari denaz, eta gure gehiegikeriei muga jartzeko gai izango garela. Hala pentsatu behar dugu, bestela ez gara ezer egiteko gai izango”.

Egoeraren diagnosia, baina, kezkagarria da. “Harrapakin sortu eta harrapakari ase ezin bilakatu den espeziearen historia da gurea. Izurrite bat gara bioaniztasunarentzat. Planetan utzi dugun arrastoa ikaragarria da. Aldaketa, batez ere, azken 150 urteetan gertatu da. Populazioa ikaragarri hazi da, eta hori gutxi ez balitz, gutariko bakoitzak gero eta energia gehiago behar du: ostarrenak energia berbera behar du bizitzeko orain eta duela milioi bat urte; guk duela 5.000 urte baino ehun aldiz energia gehiago behar dugu pertsonako. Kontuan hartuta orain 6.600 milioi garela, planetari eskatzen dioguna gehiegizkoa da”. Lurrak eman dezakeena baino gehiago ari gara kontsumitzen, eta hankaz gora jarri dugu planetaren oreka.Hartzen dugun erabaki orok du eragina naturarengan. Adibide bat jarri du Delibesek: “Gizakiari esker katuak Australiaraino iritsi ziren. Etxeetatik ihes egin eta kontinente osoa kolonizatu zuten. Milioika daude gaur egun eta hondamendia eragiten ari dira hango ekosistemetan, milioika txori jaten dituztelako urtero. Orduan, parlamentario batek proposatu zuen katu guztiak akabatzea. Hari erantzunez, beste batek gizakiak akabatzea proposatu zuen”. Delibesek uste du espezieen seigarren desagertze handiena bizitzen ari garela. Lau dira apokalipsi horren zaldunak: baliabideen gehiegizko ustiatzea –itsasoena, basoena…–, habitaten desagertzea –hau da ohikoena–, espezie inbaditzaileak –katuen kasua Australian– eta desagertze kateak –hazia jartzen duen txoria desagertzen bada, landarea ere bai–.

Delibesentzat ukaezina da kolokan jarri dugula naturaren oreka, espezieak ohi baino azkarrago ari direla desagertzen, klima ohi baino azkarrago ari dela berotzen, gizakiok garela aldaketa horien erantzule. Kostatzen ari zaigu, ordea, horretaz guztiaz jabetzea. “Nahikoa xelebreak gara gizakiok. Gure denboraren eskalan gertatzen ez dena ulertzeko arazoak ditugu. Are gehiago, ez gara kapaz gaur bertan gertatzen ari denaz ohartzeko. Ez dugu erantzuteko gaitasunik. Gainera, ezjakintasunean oinarritutako berezko baikortasuna dugu, eta pentsatzen dugu arazoak berez konponduko direla; edo bestela pentsatzen dugu ez dela hainbesterako izango, bestela konturatuko ginatekeela”.

"Gizakiak natura osasuntsu behar du. Naturak berriz, ez du gizakiaren beharrik"

Eta arazoa ez da soilik desagertzen ari diren espezieena. Gizakiona ere bada. “Bioaniztasuna galtzen bada gure bizi baldintzak aldatu egingo dira. Amazonasko basoak suntsitzen baditugu CO2gehiago pilatuko da atmosferan, tenperaturak gora egingo du, itsasoen maila igoko da eta kostaldean bizi diren milioika pertsonak beste leku bat bilatu beharko dute bizitzeko. Guk ere pairatuko ditugu ondorioak. Gizakiak natura osasuntsu behar du. Naturak berriz, ez du gizakiaren beharrik”.

Zer egin beharko genuke?

“Lehenik eta behin, planetari ezin diogu eskatu eman dezakeena baino gehiago. Kalkuluen arabera, 1978ko egoerara bueltatu beharko genuke oreka hori lortzeko. Hau da, ezinbestekoak dira populazioa kontrolatzea eta kontsumo maila jaistea”. Guztioi ahalegin berbera eskatu behar al zaigu? “Hogei afrikarrek adina energia kontsumitzen du estatubatuar batek. Garbi dago herri garatuok ahalegin handiagoa egin beharko dugula, ardura gurea delako, hein handi batean”.

"Planetari ezin diogu eskatu eman dezakeena baino gehiago. Kalkuluen arabera, 1978ko egoerara bueltatu beharko genuke oreka hori lortzeko"

Mundu mailako krisi ekonomikoa aukera ederra da, Delibesen iritziz, norabidea aldatzen hasteko. Ez du ikusten, ordea, horretan gaudenik. “Gure ekonomia kontsumoan dago oinarrituta, zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta ekonomia oparoagoa. Eredu hori goitik behera aldatu beharra dago ataka honetatik aterako bagara. Baina uste dut oraindik ez garela arazoaz jabetu, krisia gainditzeko gehiago kontsumitzeko eskatzen ari zaizkigulako politikoak”.

Delibesek garbi du zein den aterabidea: “Kolapsoa saihesteko bide bakarra elkartasuna da: beste espezieekiko eta gurekiko; gaur egun bizi garen 6.600 milioi gizakiekiko eta hurrengo belaunaldietan etorriko direnekiko. Natura babestu ahal izango dugu soilik gure kontsumo maila jaisten badugu, baliabideak modu justuagoan banatzen baditugu, eta guztiok bakean eta justizian bizitzeko moduko planeta bat antolatzen badugu. Bestela, ez dakit gizakia desagertuko den edo ez, baina garbi dago gatazkaz beteriko mundua utziko diegula gure ondorengoei”.

Ontzi-garbigailuaren parabola

“Noizean behin gertatzen da: ontzi garbigailua mugitzen dugu atzealdea garbitzeko, eta zakarraren artean tarteka-marteka torlojuren bat-edo agertzen da. Harrituta gelditzen gara, hura gabe ontzi-garbigailuak berdin-berdin segitzen duelako lanean. Pentsatu ere pentsatzen dugu zergatik jarriko ote dituzten beharrezkoak ez diren piezak… Horrela, noizean behin pieza txikiren bat agertzen da, eta, besterik gabe, tiraderaren batean gordetzen ditugu. Egun batean baina, ontzi-garbigailua dar-darka hasi eta zarata ateratzen hasten da. Funtzionatzen segitzen du, halako batean alde guztietatik ura galtzen duela ohartzen garen arte. Motorra erre egin zaio. Gure planeta halakoxea da: torlojuak galtzen ari da, dar-dar egiten du, baina oraingoz funtzionatzen ari da. Arazoa da hausten bada ez dagoela konponduko duen teknikorik, eta ez daukagula beste bat erosteko aukerarik”. 

Gizakiaren arrastoa

Azken 150 urteetan izugarrizko triskantza eragiten ari da gizakia. Garai honi etorkizuneko geologoek Antropozenoa deituko diotela ere esan du Miguel Delibesek, erdi txantxetan. Biologoakemandako datu batzuk bildu ditugu hemen, adibide gisa.

-2000. urterako lurrazalaren erdia itxuraldatu zuen gizakiak.

-Eskuragarri dagoen ur edangarriaren % 60 gizakiak monopolizatu du.

-Planetan dagoen nitrogenoaren erdia gizakiok zabaldutakoa da.

-Espezieen % 20 inbaditzaileak dira.

-Hegaztien espezieen % 20 baino gehiago desagertu dira.

-Anfibioak krisi larria ari dira pairatzen, oso azkar ari dira desagertzen mundu osoan.

-Itsasoko arrantza agortzeko zorian dago, % 80 gehiegi ustiatuta daudelako.

-Espezieak ohi baino mila aldiz azkarrago ari dira desagertzen.

-6.600 milioi lagun gara: inoiz espezie batek izan duen biomasa kopuru handienera iritsi gara; gizaki kilo asko dira.

-Paleolito garaiko gizaki batek baino ehun aldiz energia gehiago kontsumitzen du gaur egungo gizaki modernoak. Horrek esan nahi du 5.000 urtean gure premiak 100.000 aldiz handitu direla. Hori jasangaitza da planetarentzat.

-Seigarren desagertze handia eragiten ari da gizakia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide