Jaurlaritzak du naturguneak izendatzeko eskumena, baina, behin hori eginda, aldundiei dagokie kudeatzea. Erabakiak hasieratik koordinatuta hartzen dira, alde guztien oniritziarekin, edo Jaurlaritzak agindutakoa betetzea baino ez zaio gelditzen Aldundiari?
Eskumena Jaurlaritzarena da, baina instituzio guztiek hartzen dute parte. Kasu hau adibide esanguratsua da, Deba eta Zumaiako Udalen ekimenez abiatu baitzen ingurune hori babesteko prozesua. Egia da natura babesteko legea onartu ondorengo lehen urteetan natur parke asko izendatu zituela Jaurlaritzak eta gero horien kudeaketa aktiboa martxan jartzea asko kostatu zitzaiela aldundiei. Baina horri buelta eman zaio. Kostaldeko biotopo babestuaren kasuan, hasieratik koordinatuta egon gara, gure teknikariek hasieratik hartu dute parte prozesuan. Prozesuaren hasieran protagonismoa Jaurlaritzarena da, baina Aldundiak ere parte hartu du. Eta aurrerantzean, kudeaketa Aldundiaren eskumena izanda ere, Jaurlaritzaren eta udalen parte hartzea sustatuko dugu.
Naturgune honek badu berezitasun bat: zatirik handiena itsasoa da, eta Aldundiak ez du eskumenik itsasoan. Biotopo babestuaren Organo Kudeatzailea den heinean, nola jokatuko du Aldundiak?
Zatirik handiena eta aberatsena da itsasokoa, itsaslabarrekin batera. Hitzarmenak sinatu beharko ditugu, bai Jaurlaritzarekin itsasoko zatiari dagokionez, baita udalekin ere. Eskuduntzak Aldundiak ditu, azpiegitura horretarako prestatuta dugulako, baina elkarlana ezinbestekoa izango da. Eta elkarte eta taldeekin beste horrenbeste. Tokiko taldeak kudeaketan inplikatzea oso garrantzitsua da babesa benetakoa izan dadin.
Naturguneak babestu behar direla ez dugu orain zalantzan jarriko. Baina horrek dakarren kargari aurreko egiteko moduan al dago Aldundia? Jaurlaritzak beste bi biotopo babestu izendatuko balitu Gipuzkoan, horrek eskatzen duenari aurre egiteko baliabideak ba al ditu Aldundiak gaur egun?
Ba, egia da, arazo bat izan genezakeen kasu hori emango balitz. Baina hori gehiegi aurreratzea da. Kostako biotopo babestuari dagokionez, ikusi beharko da NBAPak zer dioen, eta zer dagoen egiteko. Gaur egun ere Aldundiak gauza asko egiten ditu han, ez da zerotik abiatzen.
NBAPak esaten du, esate baterako, arrantza kontrolatzeko eta legez kanpoko ehiza kontrolatzeko baliabideak jarri beharko direla.
Eta gaur egun gure zaindariak ehiza kontrolatzen ari dira. Egia da ehizarekin kostaldean esfortzu bat egin behar dugula, hobeto antolatzeko. Gipuzkoan uste dut oso eredu ona jarri genuela martxan, ehiztariak beraiek inplikatuta, baina egia da kostaldean gehiago kostatzen ari dela ohitura batzuk aldatzea.
NBAPak dio zazpi ehiza postu daudela erregistrotik kanpo. Ez du, ordea, kentzeko proposatzen, erregistroan sartzea baizik. Ehiza eta naturaren kontserbazioa bateragarriak al dira?
Bidea ez da santutegiak egitea. Gauzak arautu eta ondo antolatu behar dira. Zein litzateke sakoneko arrazoia hor ehiza debekatzeko? Norbaiti molestatzen diola? Dinamika horretan ezin gara sartu. Biotopoa deklaratu da, batik bat, ondare geologikoarengatik eta itsasoko ekosistemengatik.
Baina oinezkoen astialdia bultzatu nahi bada –eta NBAPak hala dio–, ez dirudi ehiza oso jarduera atsegina denik ibiltarientzat.
Bi jarduerak gatazkan sartzen dira, egia da, baina horregatik arautu eta antolatu behar dira. Ehizak ez du arazorik planteatzen kontserbazioaren ikuspegitik. Naturaren erabateko babesa, jardueren debekuak eta antzeko neurriak duela hogei urte aplikatzen ziren. Gaur egun beste egoera batean gaude, beste batzuk dira beharrak eta politikak. Kontua ez da soilik natura babestea, kudeatzea ere bada. Jarduerak ondo arautzea da giltza. Eta berriro diot, egia da kostaldean lana dugula egiteko ehiztariekin.
Eta zergatik dago arazo hori kostaldean bereziki?
Agian, kontrolatzeko zailagoa da, eta ohitura batzuk aldatzea ere asko kostatzen ari da. Baina gure zaindariak ahalegin berezia ari dira egiten. Egia da, baita ere, jende gehien bizi den eremua dela eta jardueren arteko gatazkak errazago gerta daitezkeela. Biotopo babestuaren eremuan ehiza ondo antolatzea izan daiteke Aldundiaren erronketako bat.
Eta beste zer ekimen aurreikusten ditu Aldundiak biotopo babesturako?
Ez dut uste dena hankaz gora jarri behar denik, horren premiarik ez dago eta. Lehenik eta behin, esan behar da biotopo babestu izendatzen den unetik urbanizazioaren eta azpiegituren mehatxutik libratuko dela, eta hori, bera bakarrik, oso ona da. Bigarrenik, hor barruan egiten diren jarduerak arautzea izango da kontua: ehiza, arrantza, nekazaritza… Eta, bestetik, zenbait neurri hartu ingurunea hobetzeko, bertako zuhaitzak landatuz, adibidez.
Beste berezitasun bat ere bada kasu honetan: Algorri Ezagutza Etxea eraiki zela naturgunea babestu aurretik. Aldundiak nola ikusten du zentro horren papera behin NBAPa onartzen denean? Algorri izango al da biotopo babestuaren parketxea?
Azken urteotan herrietan interpretazio zentro, museo eta antzeko azpiegiturak ugaldu egin dira. Orain arte Aldundiak lagundu egin du ahal izan duen neurrian, baina gaur egun gaindituta gaude. Ezin diegu guztiei erantzun. Hausnartu eta erabaki dugu, Gipuzkoako lurraldea bere osotasunean ikusita, parketxe sare bat osatuko dugula, bost, sei edo zazpi parketxerekin. Ez hogeirekin. Gaur egun jadanik lau parketxe ditugu. Ikusi beharko dugu sarea nola osatzen den. Eta kostaldeko biotopo babestuaren kasura bueltatuta, bai, Algorri Ezagutza Etxea izan daiteke parketxea. Erreferentzia hori, gainera, irabazia du orain arte egin duen lanarekin, lan bikaina egin da eta. Baina erabakia ez dago hartuta. Deba ere hor dago eta interes handia du.
Urte amaierarako izango dugu biotopo babestua. Gero Aldundiak kudeaketa plana egin beharko du. Noizko nabarituko dugu Aldundiaren eskua naturgune horretan?
Berriro diot ez garela zerotik abiatzen, gaur egun ere gauza asko egiten ditugula. Jarduerak-eta arautu beharko dira, eta ingurunea hobetzeko neurriak hartu, baina, esate baterako, zer egin behar da nekazaritzari lotutako paisaiari eusteko? Baserriak bizirik mantendu. Baserriak hiltzen badira, abeltzaintza galtzen bada, pinudiak eta sastrakak etorriko dira atzetik.
Bai, baina egin beharrekoen artean jarriko dizut adibide bat: labarren azpian pilatzen den zaborra jaso beharko da. Hori egiteko baliabideak Aldundiak jarri beharko ditu.
Bai, hala da, eta hori gainera lehenbailehen egin daitekeen zerbait da. Pentsatzen dut urtean behin pare bat astez-edo jar daitekeela jendea lanean, zabor hori ahal den neurrian kentzeko.
Zaindariak jarriko al ditu Aldundiak?
Badaude, gure guardak hor ibiltzen dira.
Ba gutxitan ikusten ditugu…
Guarda onak diren seinale… Serio hitz eginda: arrantzaren kasua izan daiteke larriena eta ikusi beharko da horri nola egiten diogun aurre. Dena kontrolatzea ezinezkoa da, eta beste neurri batzuk hartu beharko dira, tokiko elkarteak-eta inplikatuz, kontzientzia bat sortuz. Dena beharko da.
Eta bi erreserba eremu ere izendatu dira harraldean. Horiek benetan errespetatzen direla ziurtatzeko neurriak hartu beharko dira.
Bai, hala da. Hori ere kontuan hartu beharko da.