Alfredo Garcia: “Erleak desagertzea hondamendi ekologikoa litzateke”

Gorka Zabaleta 2015ko ots. 10a, 11:25

Alfredo Garcia erlezaina. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Eztia, gosariak gozatzeko; polena eta erregin jelea, neguan indartzeko; propoleoa, infekzioei aurre egiteko. Asko ematen digute erleek, baina ezer gutxi dakigu haien bizitzaz. Alfredo Garcia erlezainak ederki ezagutzen ditu.

Erlea lanean. Argazkia: psstockfoto

Txikitatik ezagutu ditu erleak etxean. “Gure etxean beti izan ditugu erleak. Gogoan daukat nola aitak abaraskak kendu eta eztia filtratzeko zakuak erabiltzen zituen. Eztia keramikazko ontzi handietan gordetzen zen eta kitto. Dena eskuz egiten zen orduan”. Burgos iparraldeko Santurde herrian jaio zen Alfredo Garcia (1953), Merindadeetan. “Eskualde menditsua da, eta erlezaintzarako oraindik ondo dago kontserbatuta”. Gipuzkoan, ordea, zailtasun handiak dauzkate eztia ekoizteko. “Basamortu berdea da hau: pinuak, zelaiak, ia lorerik ez dago... Orain akazia ere kendu nahi dute, espezie inbasorea delakoan. Gu ez gaude ados, hemen bizi diren erleentzat ezinbesteko da, maiatzean ez dute beste lorerik eskura”. 

Alfredo Garcia, kearen erleak baretzen.  

Irakaskuntzak ekarri zuen Alfredo Garcia Burgostik Zumaiara. “Soldaduska amaitu eta Zumaiara bidali ninduten, eskola publikora. Lehen “las nacionales” deitzen zitzaien. Dena gaztelaniaz izaten zen. Ni etorri eta sei edo zazpi urtera Irale programa sortu zen irakasleok euskara ikasteko. Urtebete liberatu nintzen lanetik eta euskara ikasi nuen”. Zumaian 35 urte egin zituen irakasle, 2013ko abenduan erretiroa hartu zuen arte. Orain denbora gehiago dauka erleei eskaintzeko.

“Basamortu berdea da hau: pinuak, zelaiak, ia lorerik ez dago... Orain akazia ere kendu nahi dute, espezie inbasorea delakoan. Gu ez gaude ados, hemen bizi diren erleentzat ezinbesteko da, maiatzean ez dute beste lorerik eskura”

“Ni erleekin serio hasi nintzen duela 30 bat urte, Zumaian nengoela”, hasi da kontatzen. “Martxan jartzeko, erlekumeak behar nituen –erregina eta bere erle multzoari esaten diote erlekumea–. Lehenbizikoak Lanestosan (Bizkaia) erosi nituen, gizon zahar bati”. Santurde jaioterrira eraman zituen aurrena, baina gero Aizarnara ekarri zituen. “Han izan nuen lehen erletegia. Gaur egun gehiago dauzkat: Itziarren, Burgos iparraldean... Baina gehienak Araban dauzkat”. 

Transhumantzia

Transhumantzia beti lotzen dugu ardiekin, baina erleekin ere asko egiten da. “Espainiako profesionalek etengabe egiten dute. Hasten dira, adibidez, Huelvako eukaliptoetan, gero pasatzen dira erromerora, gero laranjondoetara eramaten dituzte erleak, handik Madril eta Soria aldera igotzen dira, eta amaitzen dute Galizian eta Burgos iparraldean, gure etxe inguruan”. Kamioi handiak izaten omen dituzte erlauntzak batera eta bestera garraiatzeko. “Baimena eskatzen dute interesatzen zaizkien herrietan, hilebete egiten dute leku bakoitzean eta martxa. Horrela urte osoan”.

Alfredo Garciak ere egiten du transhumantzia bere erleekin. Neguan hemen izaten ditugu, baina uztail hasieran Burgosera edo Arabara mugitzen ditugu, eguzki loretara edo txillarretara”. Hemen saiatzen dira eztia egiten baina ez dute lortzen. “Hemen oso gutxi ekoizten da. Ondoen dauden garaian ere, maiatzean, adibidez, pare bat astez euria egiten badu, ez dago zer eginik. Jaten eman behar izaten diegu ez hiltzeko; edo, bestela, transhumantzia egin”. 

Erlezaintzaren zikloa

Ezti kanpaina bat amaitu orduko hasten dira hurrengoa prestatzeko lanak, irail amaieran. Materiala garbitzeaz gain, erleei lana aurrezten diete. “Argizari birjina prestatu behar izaten da. Laminak trokelatu egiten dizkigute, hexagonoak eginda. Gero koadrotan jartzen dira, goitik behera. Horrela, alde batetik, erlauntzak eta abaraskak uniformizatu egiten ditugu; bestela, erleek beraien erara egingo lituzkete eta gero ezingo genituzke erabili. Eta, bestetik, lana kentzen diegu. Argizari kilo bat sortzeko erleek hamar kilo eztiren energia behar izaten dute”.

Ondoren, barroaren –akaro bat– kontrako tratamendua egiten diete. “Neguan erlauntzan daude gordeta eta pare bat hilabetez egiten diegu tratamendua, adibidez, azido salikoarekin. Ez badiegu tratamendua egiten, akaroak ugaldu eta handitu egiten dira eta erleak gaixotu eta hil egiten dira”.

“Hemen, kostaldean, Gabonak aldera hasten da erregina arrautzak jartzen, eta lehen erlea urtarrilaren 20aren bueltan jaiotzen da”

Halaxe pasatzen dute negua. “Hemen, kostaldean, Gabonak aldera hasten da erregina arrautzak jartzen, eta lehen erlea urtarrilaren 20aren bueltan jaiotzen da”. Aurrena, sahatsaren lorearekin eta txikori belarrarekin hasten dira lanean, eta lehen eztia egiten dute apirila-maiatz aldera, akaziarekin. “Baina hori oso urte gutxitan lortzen da”. Gipuzkoan ekain amaiera arte edukitzen dituzte lanean, eta uztail hasieran, Araba edo Burgos aldera eramaten dituzte. “Sanferminetan, txilarretara edo eguzki loretara eramaten ditugu. Hura izaten da urteko kanpaina nagusia”. Burgosen edota Araban egingo dute uda, lanean jo eta su. Irailean eztia jaso eta irail amaieran amaitzen da kanpaina.

Garciak 300 bat erle  multzo dauzka, baina azken bi urteotan asko jaitsi da ekoizpena. “Gustura nengoke bakoitzak 20-25 kilo ezti emango balitu, baina azkenaldian hamar kilo inguru ari dira ematen, eta hori oso gutxi da. Profesionalek 30 kilotik gora atera behar dute erle multzoko hortik bizi ahal izateko”.

Eztia bakarrik ez

Eztia sortzea da erleen obsesioa, janaria bildu eta gordetzea. “Lorez lore ibiltzen dira nektarra biltzen. Beraiek gorputzean dauzkaten enzimekin nektar hori eraldatu egiten dute eta ezti bihurtu”. Beraien hidrato iturri nagusia da eztia. “Proteinak, mineralak eta bitaminak lortzeko polena biltzen dute”. Erlezainek egiten dutena da erleei lan metodologia hobetzen lagundu gehiago ekoiz dezaten, eta ondoren sortutako eztia eta bildutako polena lapurtu”.

Polena jasotzeko, tranpa batzuk jartzen dizkiete erlauntzaren sarreran. “Erlea zulotik sartzen da baina hanketan dakartzan polen bolak ez dira kabitzen eta erori egiten zaizkie guk jarritako kaxa batzuetara”. 

Eztiaz eta polenaz gain, jelea ere ematen dute erleek. “Erle gazteek sortzen duten produktua da. Garun berezi batzuk dituzte eta pasta moduko bat sortzen dute erreginari eta bere har txikiei jaten emateko. Oso produktu berezia da eta ekoizten zaila”. Hemen kontsumitzen den gehiena Txinatik ekartzen dute. “Frantzian badaude ekoizle batzuk, baina oso garesti saltzen dute. Txinatik ekartzen duguna laborategian aztertzen da, kalitatea bermatzeko”.

Propoleoa ere oso produktu interesgarria da. “Erleek erabiltzen dute erlauntza barnizatzeko eta desinfektatzeko. Zuhaitzetatik hartutako erretxinarekin sortzen dute, eta antibiotiko oso indartsua da. Demostratuta dago infekzioen kontra oso indartsua dela”.

Bada, gainera, loreen nektarrik gabe egiten dute ezti mota bat. “Basoko eztia deitzen diogu. Zuhaitzetan –ezkurretan, hostoetan...– sortzen diren substantziak erabiltzen dituzte ezti berezi hau egiteko”.

Jaten eman behar

Erlezainek askotan jaten eman behar izaten diete erleei, gosez hilko ez badira. “Hemen askotan lagundu egin behar zaie. Hidratoak emateko onena da glukosak ematea. Eta proteinak emateko, polenaren ordez, pasta moduko batzuk prestatzen dira irinarekin, udaberrian jasotako polenarekin, eta beste osagai batzuekin”. Udaberrian, eguraldi txarra badago, jatekoa ematen diete erregina estimulatzeko, arrautzak jar ditzan, baina batik bat negu partean ematen diete jatekoa, udaberrira sasoitsu iristeko”. Batzuk erleen jaten ematearen aurka omen daude, baina Garciaren iritziz oker daude: “Ez badiegu jaten ematen, ezin dute aurrera egin, hil egingo dira”.

Barroa, etsai mikroskopikoa

Izan ere, mehatxu asko jasaten dituzte erleek gaur egun. Larrienetakoa, barroa da, akaro mikroskopiko bat. “Duela 25 bat urte agertu zen hemen, Indiatik iritsi zen, eta sekulako arazoa da, kalte handia egiten du. Txangurro baten itxura du. Proportzioan, imajinatu besapean andarika bat izango bagenu itsasita, uneoro odola xurgatzen. Hori da erleei gertatzen zaiena barroarekin. Gure erleek jaiotzen direnetik dute barroa, zauria etengabe daukate irekita, gaixotasunak sortzen zaizkie. Gure laguntza behar dute, ezinbestean”. Barroaren erasoa ahalik eta gehien murrizteko, neguan botika ekologikoak jartzen dituzte erlauntzetan.

Txinako liztorra

Duela urte batzuk Txinatik etorritako liztor mota bat ere sekulako mehatxua da erleentzat. “Globalizazioaren kontuak dira. Ona da Txinatik produktu asko merke-merke ekartzeko, baina handik etorri zen baita ere liztor madarikatua. Nonbait, egur garraio batean iritsi ziren Europa mendebaldera”. Egurra desinfektatu egin behar izaten da legez, baina askotan kontrabandokoa da. “Bordeletik zabaldu zen. Aurrena Iparraldera, gero Bidasoara, Euskal Herri osora eta dagoeneko Galiziaraino iritsi da. Erreka bazterrak gustatzen zaizkio eta handik oso azkar zabaltzen da”.

Liztor asiatiko bat erle multzo bati eraso egiteko prest. Argazkia: Gorka Zabaleta

Liztor hauek udaberritik aurrera egiten omen dute kalte gehien. “Populazioa ikaragarri hazten da eta jatekoa behar izaten dute. Erleak ehizatzera ateratzen dira orduan. Erlea harrapatu, bularretik moztu eta kabira eramaten dute. Sekulako indarra daukate haragia mozteko”. Arazoa da erleak izutu egiten direla, eta ez direla erlauntzatik ateratzen. “Ezin dute janaririk bildu, ahuldu egiren dira eta neguan erlerik gabe gelditzen gara”. Duela pare bat urte Zumaian, Aizarnan eta Azpeitian eraso handia izan zuten. Orain kontrolatuago omen dauzkate. “Tranpak jarri ditugu eta erregin asko harrapatu ditugu. Badaude, baina ez hainbeste”. Garagardo beltza gustatzen omena zaie. “Botila batean, garagardo beltza, ardo zuria eta mermeladaren bat jartzen dizkiegu nahastuta. Sagar zukua ere ikaragarri gustatzen zaie. Botilan sartzen dira eta ezin dira irten”. Pare bat astean 200 liztor harrapatu zituen Garciak hiru tranparekin.

"[Liztorrak] Erleak ehizatzera ateratzen dira orduan. Erlea harrapatu, bularretik moztu eta kabira eramaten dute. Sekulako indarra daukate haragia mozteko”

Pozoin kimikoak

Baina landareek pairatzen dituzten izurriteak akabatzeko erabiltzen diren zenbait produktu kimiko dira gaur egun erlaizainen kezkarik larriena. “Are gehiago, landare batzuk sortu dituzte, pozoin kimiko horiek ekoizteko gai direnak, adibidez, eguzkilore transgenikoa. Onddoak akabatzen dituzte, baina erleak ere pozoindu egiten dira. Duela zazpi urtetik hona, ohi baino erle gehiago hiltzen zaizkigu. Erlemandoak ere antzu ari dira bihurtzen eta erreginak ere ez dira ondo ernaltzen. Erleen bizitza ere murrizten ari da. Kutsadura kalte handia ari da egiten”.

Erlerik gabeko mundua?

Einsteinek esan zuen erlerik gabe gizakia ere lau urteko epean desagertuko litzatekeela. Alfredo Garciak ez da hainbestera ausartzen, baina oso garbi dauka hondamendia litzatekeela. “Erleak desagertuko balira hondamendi ekologikoa gertatuko litzateke. Landareen polinizazioaren %80 intsektuek egiten dute; eta intsektuen barruan erleek egiten dute gehiena. Arazo oso larria izango litzateke”. Eztiarekin baino askoz diru gehiago ematen omen digute polinizazioarekin. “Milaka milioi euro zor dizkiegu. Erakunde publikoek hori kontuan hartu beharko lukete erabakiak hartzean”. 

Erlearen etorkizuna hain dago kinka larrian, jadanik erlezainen laguntza ezinbesteko dutela irauteko. “Ehundaka erle mota daude, bakartiak ere bai. Baina guk ezagutzen ditugunak, basatiak desagertu egin dira, barroaren eraginez. Guk ez baditugu zaintzen, desagertu egingo dira”. 

“Eztia pasteurizatzen bada bere ezaugarriak galtzen ditu”

Getariako Giezberri enpresan ontziratzen du eztia Alfredo Garciak. Eztiak bere ezaugarri guztiak mantentzeko sekretua da ahalik eta gutxien manipulatzea. “Eztiari egiten dioguna baino garrantzitsuago da egiten ez dioguna”. Maila industrialean ekoizten duten enpresa gehienek eztia pasteurizatu egiten dutela ohartarazi du. “Pasteurizatu egiten dute eta filtro berezi batzutatik pasatzen dute polena kentzeko. Zergatik? Polenaren inguruan kristalak sortzen direlako eta testura ez da hain atsegina. Baina hori egitean eztiak bere aberastasuna eta bere ezaugarri biologiko guztiak galtzen ditu”. Azukre hutsa bihurtzen da, alegia. Giezberrin beste metodo bat dute eztiari testura krematsua emateko. “Hotzean lantzen dugu, sistema mekaniko batekin, bere ezaugarriak aldatu gabe. Horrela bere ezaugarri guztiak mantentzen ditu”. 

Giezberrik Getarian duen lantegian ontziratzen du Alfredo Garciak bere erleen eztia.

Eztiaren inguruan dauden usteak alde batera utzita, zientifikoki frogatuta dauden ezaugarriak aipatu dizkigu Alfredo Garciak. “Elikagai modura, lehenik eta behin, oso energetikoa da, giza gorputzak berehala bereganatzen duelako. Kirolarientzat oso egokia da”. Baina osasunaren ikuspegitik ere baditu bere onurak. “liseriketa egitean ur oxigenatua askatzen du, eta oso ona da garbitzeko. Gibela garbitzeko ere oso ona da. Faktore antibiotikoak dauzka, baina soilik pasteurizatu gabeko eztietan”.

“Erregina deitzen diogu baina nik uste dut esklabua dela”

Orrialdeak eta orrialdeak idatz daizteke erleen gainean, hain da konplexua, aberatsa eta misterioz betea haien mundua. “Erleen gizartean hiru erle mota daude, baina oraindik ez dakigu oso ondo zerk eragiten duen erlea langile, mando edo erregin jaiotzea”. Erlemandoen kasuan, ikusi dute kabiak erle langileenak baino handiagoak direla. “Ez dakigu erreginaren barruan zer gertatzen den, baina suposatzen da, kabia handiagoa izatean, arrautzak errutean ez duela ipurdia behar adina estutzen eta arrautzak ernaldu gabe ateratzen direla, erlemandoen hazia ukitu gabe”. Arrautz horietatik jaiotzen dira erlemandoak; estuagoak diren beste kabietatik, berriz, erle langileak.

Erreginak sortzeko, berriz, oraindik ere kabi handiagoak prestatzen dituzte, eta erregin-jelez betetzen dituzte. Erle arrunten aldean, erreginaren harrak soilik jelearekin elikatzen dituzte. Langileari, adibidez, hirugarren egunetik aurrera polenarekin egindako papila moduko bat ematen diote. Erreginak langilearen bikoitza pisatuko du.

Erle langileen artean, gutxienez dozena erdi ofizio bereiztu dituzte adituek. Jaioberriak direnean, etxea garbitzea eta harrei jaten ematea izaten da beraien lana. Heltzen direnean, batzuek zaintza lanak egiten dituzte erlauntzaren sarreran; beste batzuek erreginaren zaindari izango dira; garraiolari izango dira beste batzuk: janari bilatzaileek ekarritakoa ahotik ahora elkarri pasaz biltegian gordeko dute; sukaldaritzan arituko dira beste batzuk: polenarekin masa bat egin eta silotan gordeko dute; eta hamar egun betetzean, kanpora aterako dira, ezti edo polen bila.

Ernalketaren “festa”

Erlemandoen lan bakarra da erregina ernaltzea. “Erregina deitzen diogu baina nik uste dut esklabua dela gehiago”, dio Garciak. “Erlauntzan sartuta dago beti, arrautzak jarri eta jarri, eta balio ez duenean akabatu egiten dute eta kitto”. 

Batzutan, udaberrian, erlauntzak beteta badaude eta kanpoan loraldi oso indartsua badago, erregin zaharra eta erlekumeak bota egiten dituzte dituzte. “Barruan erle helduak gelditzen dira, eta jaiotzear dauden hogei bat erregin. Lehena jaiotzen denean berehala hazten da ahizpen kaiolak puskatzen, hiltzeko”.

Ernalketa egunak ikusgarriak izaten dira Garciak, kontatzen duenez. “Eguraldi oso ona ateratzen denean, 20-25 gradu eta zeru garbia, 12:00ak erreginak erlauntzatik aldera atera egiten dira, eta ernaltokira joaten dira. Toki berezi bat izaten da, non elkartzen diren inguruko erregin eta erlemando guztiak. Eta han gertatzen da ernalketa prozesua. Erregina gorantz abiatzen da eta atzetik erlemando guztiak. Indartsuenak harrapatzen du; ernalketan erlemandoak bere organoak galtzen ditu eta hil egiten da. Hainbat aldiz egingo du erreginak, hazitokia bete arte”.

Komunikatzeko modua

Oso bitxia da erleak nola komunikatzen diren. Erle langile batek jana topatu duenean erlauntzara bueltatzen da eta dantza berezi bat egiten du, borobilak eginez eta ipurdia mugituz: “Ipurdia mugitzen duen abiaduraren arabera adierazten du zer ahalegin egin behar duten jatekoraino iristeko. Ez dute distantzia soilik adierazten, esfortzua adierazten dute, haizea ere kontuan hartuz. Egiten duen marrazki horren ardatzak angulo jakin bat egiten du eguzkiarekin eta horrek adierazten du jana non dagoen. Oso bitxia da. Eta hori guztia erlauntzaren barruan, ilunpean”.

Erlauntzaren ilunpean gertatzen den hori da, hain zuzen ere, oraindik ez dena ondo ezagutzen. Adituek badakite erleek zer egiten duten, baina askotan ez dakite zerk eraginda egiten duten: “Dena ez dugu ezagutzen. Erlauntzaren izpiritua, barruan dauden indar horiek, beraien arteko interakzioak, komunikazioa, usainak, feromonak... Hori ez dugu ezagutzen, usaimenaren mundua da. Badakigu zer egiten duten baina ez zerk eraginda. Erle bat hasten bada lore mota batekin, hortik bakarrik bilduko du. Zergatik? Gauza berezi asko dituzte”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide