Orduan bai

Zaborrik ez zegoenean…

Imanol Azkue Ibarbia 2018ko mai. 1a, 17:44

Gaspar Azkue Itturri, Ignacio Zuloaga plazatik pasatzen (argazkia: Zumaiako Udala)

Hondakinak jasotzeko sistema berria daukagu Zumaian. Lehen aukerakoa zena orain nahitaezkoa da: hondakinak bereizita eta bakoitza bere edukiontzira atera beharko ditugu hemendik aurrera. Batzuentzat ez da berria; beste batzuentzat, berriz, aldaketa handia da. Denboran atzera begiratuta, ordea, ikusiko dugu zumaiarrok beti ohitu garela aldaketetara.

Hondakinak eta zaborrak mintzagai hartuta, hasteko, komeni da biak bereiztea, oso desberdinak baitira: hondakina da erabilgarria izateari utzi dion produktua, baina oraindik beste zerbaitetarako lehengaia izan daitekeena, birziklatuta; zaborra, berriz, inolako baliorik ez daukan gauza, beste ezertarako erabili ezin dena. Hori argituta, beste zerbait ere adieraziko dugu, ozen: hondakinak beti sortu izan ditugu, baina lehen askoz ere gutxiago, eta etxekoak ederki aprobetxatzen ziren: jateko sobrekin beste janari batzuk egiten ziren, eta berdura zatiak, patata edo arrautza azalak…, baldean gorde eta txerriei jaten emateko edo baratzerako aprobetxatzen ziren (konposta ez da, ez, atzo goizekoa!), eta batzuk etxez etxe ere ibiltzen ziren txerrijanaren bila; metalezko gauzak, berriz, jaso egiten ziren, txatarreroenera eramateko, eta batzuk bazeuden Zumaian (Cabrera, ispizuatarrak, barinagatarrak…); etxeetan su ekonomikoak zeuden (ez zegoen gasezkorik edo elektrikorik), hari jaten emateko egurra behar izaten zen eta han erretzen zen birziklatu ezin zen ia guztia; gainera, erregai nahikoa ez bazen, ikatza erabiltzen zen, eta herrian baziren ikaztokiak eta ikazkinak (Manuel Azkue Motxa izan zen azkenetako bat, astoak tiratako karroarekin, etxez etxe ikatz zakuak banatzen); lurrera ez zen botatzen paperik edo plastikorik, litxarreriek ez zeukatelako bilgarririk, eta barrendero bakarra nahikoa zen herri osoa garbitzeko… Hondakina eta zaborra bereizten jakin gabe ere, gure aurrekoak oso onak izan ziren birziklatzen, gauzei beste erabilera bat ematen; gaur egun, ordea, erabili eta botatzen erakutsi digute, berria beti hobea delakoan. Lehen, ordea, baziren beste jokabide batzuk ere: ibaiertzetako etxeetan, bazekiten urak dena eramaten zuela itsasora, eta etxeen/baserrien ondoan beti izan dira estaltzeko zuloak edo zaborra non bota...

Udaleko agirietan begiratuta, zabortegien eta zabor biltzailearen aipamenak daude XX. mendearen hasieratik, etxeetan aprobetxatzen ez zutena jasotzeko, eta beti buruhauste handia izan da Udalarentzat zaborra botatzeko lekuak aurkitzea. Hona hemen aipamen batzuk: “[alkateari] se le había acercado el basurero manifestándole le había prohibido su dueño echar basuras en el sitio denominado ‘Floresco-aitza’ sito en donde hace bastantes años se ha vertido y que con tal motivo se le designe otro lugar al fin indicado” (1914an, Zubiaundiko pare horretaz ari da, Santiago aldera); gero, bilatu zuten haren ordezko lekua: “haber encontrado un sitio adecuado para echar las basuras de las calles, casas (...) que lo es en el punto denominado ‘Infernupe’ en las inmediaciones del camino del Faro” (1915ean); “Vista la dificultad de hallar en las cercanías del pueblo un sitio adecuado para arrojar los botes de hojalata, pedazos de cristal y demás análogos que se mezclan con las basuras (...) señalando como posiblemente conveniente al objeto expresado, el hueco que existe junto al muro de la carretera en la revuelta anterior a Orroaga o Izustar” (1927an); “el hecho de que en un principio se vertían estas basuras, cerca del túnel que hay en Basusta-Estación y ante las reclamaciones hubo de trasladarse su depósito cerca del Faro, pero al construir el Chalet D. Ramón Echeverría, hubo de quejarse de malos olores y moscas en verano” (1945ean)… Baina, orain bezala, orduan ere denak ez zituen jasotzen zabor biltzaileak: “después de hacer historia del mal estado en que se encuentra la carcabana existente entre la casas nº 17 y la del solicitante en la calle de San Telmo de esta villa a causa de echar en ella basuras e inmundicias por los vecinos de dicha calle, expone quedaría saneada con cercar de paredes en las inmediaciones en donde se halla instalada una fuente” (1916an)… Horiek lekuak, baina zaborra hara eramateko “basureroak” ere behar ziren, horretaz arduratuko zirenak: Bixente Tolosa, Gaspar Azkue Itturri, Agustin Beltza Aizpurua… Batzuei, gainera, lanbidearen ezizena ere geratu zitzaien (basureruenekoak). Zabor biltzaile horiek, sarritan, terrenoak ere izaten zituzten, basadietan-eta, hondakinak hara eramateko.

Gaspar Azkue Itturri, hondakinak biltzeko erabiltzen zuen karroarekin, San Jose kalean (argazkia: Zumaiako Udala)

Aurrerabidea deitzen zaionak, ordea, 1960tik aurrera areagotu besterik ez zuen egin lehendik ere handia zen buruhaustea. Zumaian bizilagun gehiago, herrigunea hedatu, plastikoa agertu… Arazoa puzten zihoan neurrian, Udala konponbideak pentsatzen eta martxan jartzen ahalegindu zen: kamioia erosi zuen zaborra biltzeko, 1966an; “dada la insostenible situación actual de este servicio”, Oikian errauskailua (“Horno Crematorio de Basuras ‘Oñate’” izenekoa) jartzea bultzatu zuen, “entre la carretera a Muniosoro y la ría Urola”; proiektua onartu ere egin zuen 1969an, baina, azkenean, Agoten (Zestoako lurretan) jarri zuten zabortegia; zaborra poltsetan ateratzera behartu zituen herritarrak, 1968an, eta ordutegi jakin baten barruan… Txikitako irudi bat ere badatorkit burura: zaborra biltzeko kamioia poliki-poliki San Telmo kalean gora, eta jendea etxeetatik zuzenean poltsak kamioira botatzen …

Beste garai bateak dirudien irudia, Jadarren, 2018ko martxoan (argazkia: Igone Saizabal)

Hortik aurrerakoa, gertuko eta ezaguna egingo zaigu: hondakinak uzteko zirkulu horiak lurrean, barruan sartzeko; kontainerrak; hondakindegiak gainezka; kontzientziazioa; birziklatu beharra; errauskailuaren mamua… Baina ez ginen ari gaur egungoez, beste garai batzuez baizik. Orduan bai…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide