Goiko plazaren ingurua zen orduan Zumaiaren bihotza: udaletxea, azoka, baserritarrak, dendak…, eta han ibiltzen ziren umeak denak elkarrekin, jolasean. Gero, zortzi urte inguru zeuzkanean, errepide ondoan, basadien ertzean zegoen etxe batera joan ziren bizitzera, Hotel Uranga zegoen parera, gaur egun Aita Marirako sarrera ingurura; gaur egungoarekin alderatuta, inguru hura oso desderdina zen: basadietan baratzeak zeuden eta etxerik ez, Moilaberritik trena zebilen… Eskolara, berriz, Maristetara joan zen Estanis, Ubillosera, Mertzedarioak etorri aurretik; ez dauka eskolako errekuerdo txarrik, baina bai gaztelaniaz ikasi beharra, dena euskaraz egiten zutelako kalean eta etxean.
Arotz hasi zen lanean, Zarautzen, 14 urterekin, eta gustuko ofizioa zuen, esku ona zeukalako, eta han ikasitakoa oso baliagarria izango zitzaion bizitza osorako. Egunero trenean egiten zuen joan-etorria, eta pentsa zenbateko isiltasuna izango zen herrian orduan, trenaren triki-traka garbi entzuten omen zen urrutira, Kantera baserriaren aldetik zetorrenean. Gogoan dauka behin nahitaez geratu behar izan zuela Zarautzen lotan: “Lanetik Zarauzko estaziora nindoala, etxerako bidean, emakume bat ikusi nuen zaku handi bat ezin karreatu; ondotik pasatzean, zakua eramaten laguntzeko eskatu zidan; hartu nuen, baina estazioan guardia zibilak geldiarazi gintuzten, eta zer neraman zakuan galdetu; ‘¡Manzanas!”, andreak; zabaldu eta patatak zirela ikusitakoan, kuartelean bukatu genuen biok; ordurako alde egina zidan azken trenak, eta lehengusu batzuen etxean geratu behar izan nuen lotan, eta telefonoz enkargua eman Zumaiara, etxean abisatzeko”. Pozik ibili zen Zarautzen, baina Luis anaiak soldaduskara joan behar zuela eta, aita Jeronimok laguntzailea behar zuen igeltserotzarako, eta horretan hasi zen lanean. Gero, anaiaren atzetik, Estanisi ere txanda iritsi zitzaion soldadu joateko, baina ahalegina egin zuen libratzeko: “Aukera ematen zuten Beduan, hiraulika [zementu hidrauliko] fabrikan lan egin eta libratzeko; baina guri paperak ez zizkiguten ondo egin, eta Beduan ezer kobratu gabe urtebete lanean ibilita, gero soldadu joan behar izan genuen!”. Nahikoa hurre ibili zen, ordea, Irun-Hondarribia aldean instrukzioa, eta gero Donostian. Handik bueltatuta, berriz ere igeltserotza zeukan zain, eta horretan jardun zuen, aitarekin eta Luis anaiarekin, harik eta 64 urterekin jubilatu zen arte.
Lanean obra txikiak egiten zituzten, eta lan asko egin bai, baina kobratu gutxi egiten zuten. “Txapuzak izaten ziren askotan, erremiendoak hartu-eta; batzuetan denbora gehiago behar zen trasteak preparatzen eta joan-etorrian lana egiten baino”. Goiz eta arratsalde egiten zuten lan, zortzietan hasi eta zazpiak aldera arte, eguerdian bazkaltzeko tartea hartuta, eta garai hartan larunbatetan ere lan egiten zen, “eta aberastu inoiz ez!”. Lana hemen, lana han, Zumaiako etxe asko ezagutu ditu Estanisek, baita baserriak ere: Lopertza, Galarreta, Torre….
Brigida Ibarbiarekin irteten hasi eta ezkontzea erabaki zutenean, hasieran etxe bila hasi ziren, baina aita Jeronimoren ilusioa zen denak elkarrekin bizitzea etxe berean, beraiek egindakoan, eta halaxe egin zuten: terreno bila ibilita, azkenean Pepe Txintxuari erosi zioten sail bat San Telmorako bidean, Larretxon, lehen harrobia izandakoan: “Lurra baino gehiago harria zegoen, eta brankadaren gainean eraiki genuen etxea. Inaxio Uribek egin zituen planoak eta paperak. Gero, Carmelo Unanuetik kamioien pasabidea lortu genuen, San Telmorako bidea orduan oso estua zelako. Lan gehiago eman zigun beheko aldeak [azpiko hiru solairuek] goikoak baino, harri-harriaren gainean jarri behar izan genituelako zimenduak”. “Aitz-gain” etxea pixkanaka eraiki zuten azkuetarrek, beraien eskuekin, azpi-azpitik teilaturaino, eta 1962tik han bizi dira hiru anaiak, familiekin. Denborale beltzak Algorriko zulotik putz eta putz eginda ere, etxea beti zutik, sendoa egin zutelako.
Lanerako, azkuetarrak karroarekin ibiltzen ziren batetik bestera, baina azken urteetan, dunper txiki bat ere izan zuten, arrankatzeko goizetan manibelari gogor eragin beharrekoa: “Luisek manejatzen zuen. Nik ez nuen gidatzeko baimenik atera”. Bizikleta laranja polit bat izan zuen lanerako, aurrean eta atzean parrillak zeuzkana, baina lapurtu egin zioten. Lanerako erremintak-eta gordetzeko, berriz, bodega bat eduki zuten almazentzat San Telmo kalearen barrenean, hain baxua, makurtuta ibili beharra zegoen barruan, buruarekin sabaia ez jotzeko. Han gordetzen zituzten igeltserotzarako traste guztiak: hondarra, porlana, letxada, adreiluak, pintura, baldosak… Marea biziak zirenean, ura sartzen zen batzuetan azpialdetik, itsas mailaren azpitik zegoelako.
Lan horretatik kanpo ere beste makina bat egindakoa da, han-hemenka, adibidez, Ikastola zenaren lokalak txukuntzen edo Larraulen: “Makina bat purtzilkeria eginak gara. Larraulera kuadrilla handia joaten ginen asteburuan, umeak joan aurretik txukuntzera. Beti zegoen zer egina, eta hura bai auzolana”. Ikastolako Batzordean ere ibili zen, eta gogoan dauzka garai gogorrenak ere, batzuek alde egitea erabaki zutenekoa, adibidez (1972an): “Aurrera egitea erabaki genuen, eta biltzeko lokal egokirik ez geneukanez, Begoña Ostolazaren etxeko egongelan elkartu ginen guraso pila bat, eta han ibili ziren bi kafetera eskutik eskura, zer egin eta nola egin aurrera hitz egiten genuen bitartean…”. Estanisek afizio asko izan ditu, nahikoa arruntak: “Mendi buelta bat eman, eskulan batzuk egin etxean, udan Itzurunen bainatu goizean goiz…”. Azken urteotan, gainera, ilobak hazteko eta gozatzeko aukera izan du, txiki-txikitatik zaintzaile; “Zer izango ote dira… Ez dugu ikusiko…”, esaten zuen lehen, etsita, baina dagoeneko bera baino handiago egiten ikusi ditu batzuk. Oraindik ere lantxo batzuk egiten ditu etxean, entretenimendua bilatu ere egin behar delako, eta ibiltari trebea izan da: “Itzuruna, Paolera, Moilaberrira… Ibili beharra dago, bestela gogortu egiten da!”.
Gizon langilea eta zaildua, eskuzabala eta diskretua, zalaparta handirik gabe eta isil-isilik lan asko eta ona egindakoa, porlanak gogortutako esku handi eta leunekin beti laguntzeko prest. Edadean aurrera doa (aurten 90 urte), gauzak ahaztu egiten omen zaizkio, eta horietako batzuk ekarri ditugu hona, gogoan izateko eta asko maite dugula esateko.