Orduan bai

Bakarne eta Bitoren Gorostola Iribar: San Telmo kaleko esentzia

Imanol Azkue Ibarbia 2018ko ira. 1a, 18:49

Emakume kuadrilla maluteroarekin. Udazkenetan baserriz baserri joaten ziren, artoari zorro zuria kentzera, gero arrantzan erabiltzeko. Bakarne eskuinaldean, goian (zuriz).

Duela urte batzuetatik, Kantauri plazan bizi dira, baina bi ahizpen oroitzapenek sarritan San Telmo kalera eraman gaituzte, han bizi izan zirelako urte askoan; hizkera eta kontakizuna jostaria eta bizia dute, tarteka gero eta gutxiago entzuten den dxi eta dxarekin: jadxo, zidxon, agiridxa… Ez omen dakite zer kontatu, baina behin hasita, gero zeinek isildu…

Bakarne (1933) eta Bitoren (1936) Gorostola Iribar San Telmo kalean jaioak dira biak, eta kalearen izenaren inguruan hasi gara hizketan: antzina Zubiaurre zela, eta kalearen muga, goialdean, gorostolatarren etxea zela (Praktikoenekoa, San Telmo 6). Aita Fortunato zuten; ama, berriz, Luisa, getariarra, Loidi baserrikoa. Familia osoa, ordea, toreroanekoak dira, eta horretaz galdetuta, eman digute azalpena: “Gure aita Sevillara joan omen zen, toreatzera, eibartar batekin, koleta eta guzti, eta harrezkero esan zioten ‘Hemen toreroa!’, eta handik ezizena; gaztetan, Pakitarekin [Porrajarekin] Lasturrera ere joaten omen zen, zezen txikiak apartatzera-eta”.

Bederatzi seme-alaba izan zituzten gurasoek; horietatik, bat jaio eta segituan hil zitzaien, eta beste bat bi urterekin; beraz, zazpi atera ziren aurrera: Karlos, Joxe Manu, Jesus eta Migel, mutilak, eta Luisa, Bitoren eta Bakarne, neskak.

Bakarne eta Bitoren, 1953 inguruan.

Aita Fortunato itsasoan ibili zen, baina estomagotik gaixotu eta Balenciagarenean hasi zen lanean. Osasunak ez zion asko lagundu, ordea, eta amak atera behar izan zuen familia aurrera: “Koltxoiak egiten zituen, artilearekin, eta garbitzen-eta laguntzen ibili zen Justanean (tabernan), eta beste leku askotan: Hotel Urangan, Amayan, Etxabe Kuarton, etxe partikularretan, baserrietan, asteburuetan Debako hotel batean…”. Gerra garaiko eta ondoreneko kontuak presente dauzka Bitorenek, eta amorrua eta mina nahasten zaizkio azaltzean: “Asko ikusitakoa izan zen gure ama, eta goian zerua eta behean lurra! Hari egin zizkiotenak…”: ez zioten eman nahi izan paper berezirik gizonarentzat janari berezia (semola) lortzeko, baina amak beste bide batetik lortu zuen; gizona kamillero eraman nahi izan zuten Gerrara, baina amak aurre egin eta ez zuten eraman; behin Kuartelera ere deitu zuten, albergan mugimenduaren kontra gaizki hitz egiteagatik eta multa ere jaso zuen (gordeta daukate)… “Gizona gaixoa eta horrenbeste ume, nahikoa lan bazeukan andre hark gu denok aurrera ateratzen. Gure ama gogorra izan zen, baina erakutsi egin zioten gogorra izaten…”, azaldu du.

Bakarne 1963n, Parisen, Bakarne ilobaren bataioan.

Bizi eta gogotsu hitz egiten dute txikitako San Telmo kalekoez akordatzean, etxeak eta bizilagunak: Txonpenekoak, Uribenekoak, Tximinenekoak, Romanenekoak, Lidianekoak, Barinaganekoak, Bonbillokoak, Makibarrenekoak, Porrajanekoak…, eta izenak: Dolores, Trino, Pepita, Pakita… “Garai hartan, calle San Telmon, denak ziren etxekoak eta ezagunak, guk beti ezagutu genuen etxea jende edadetuarekin; atariko atea beti zabalik, eta bi eskailera maila jaitsita, gure etxeko atea ere beti irekita”.

Itzuruna eta ermitara orain baino askoz ere jende gutxiago joaten zen: “Plaiara geu bakarrik joaten ginen, kalekoak, eta San Telmoko ermita sostenitu, geuk egiten genuen: serora, garbitu, txukundu, gauza berriak erosi… Kalea apaindu ere bai, festetarako: Zelaiarenean berdea hartu, sokak eta paperak etxez etxe eskatu eta gero jarri…”. Itzurunen ikasi omen zuten igerian, eta Arranplaz galdetuta, han ez zirela ibiltzen erantzun: “Txinbik [txaperoak] ez zigun lagatzen neskei, eta askotan mutilei ere ez”.

Gerra ondorenean, goserik ez zuten pasa, baina nahi zutena ere ez zuten jaten: “Ogia ere honelakoa [txiki-txikia], eta begia tuerto uzteko modukoa, gogor-gogorra”, dio Bitorenek. Sutarako egur bila ere ibiltzen ziren, Zakariasen astillerotik, Periko Ostolazaren tailerretik… hartuta; ikatza ere erabiltzen zuten, galleta esaten ziotena, xehe-xehea, koskorrik gabea: “Maria Aurorak [itsasontziak] ekartzen zuen, eta egurraren gainean botata, sua sostenitu egiten zuen”.

Eskolan mojetan ibili ziren biak, eta ez daukate haien errekuerdo onik, mojaren bat kenduta ez bada. Gainera, orduan, eskolak baino lehentasun handiagoa zeukan etxeko martxak, eta beti zegoen zer egina: mandatuak egin, umeak zaindu, amari lagundu… Elizarekin ere ez zeukaten lotura esturik: “Elizara, gu, gutxi. Joaten ginen, baina ama ez zen izan obligatzekoa. Gure amak esaten zuen: ‘Elizan egin behar dena kanpoan egin behar dun’”.

Luisa Iribar Bakarne ilobarekin, Parisen, 1965ean.

Bakarne amarekin hasi zen lanean, etxeak garbitzen-eta, baita Hotel Urangan, Amayan… Provostenean (Arrangoletan) eta Ortizenean ere ibili zen, arrainarekin, eta artazuritzen ere bai, arrantzarako, maluteroarekin. Hogeita bi urterekin Parisa joan zen, neskame, Kondesa baten etxera, eta berrogei urteko egonaldia egin zuen han. Frantsesik jakin gabe joan zen, baina laguntzeko han zeukan, aurretik joanda, Luisa ahizpa. Han Euskal Etxearen bueltan ibiltzen ziren, eta ondo gogoan dauka orduko giroa, gizartea borborka: hara ikastera joandako gazteak, 68ko maiatza… Hemendik joaten zirenei-eta laguntzen zieten, eta lehengo Eusko Jaurlaritzakoak ere ezagutu zituzten. Akordatzen da nolako txokea izaten zen horien eta gazteen artean, eta Bitorenek badu anekdota, Leizaolaren hitzaldi batekoa: “Han ari zen, erdaraz, etorkizunean egin beharrekoaz, ‘Cogemos el timón y…’, eta entzuleen artetik, batek, ‘¿Qué timón?’”, batzuek ez zutelako ikusten han lemarik. Neskame joanda zeudenak elkarrekin ibiltzen ziren, batetik bestera, saltsa guztietan, eta Bitorenek orduko ikurrina bat atera digu, ia erlikia: “Denen artean egin zuten, eta gure Luixitak josi; hau ibiltzen zuten denean: 68ko maiatzean, Burgosko epaiketa zela eta, Txiki eta Otaegirenean…”.

Bakarne eta Bitoren etxeko terrazan, 2018ko abuztuan.

Bitoren, berriz, 9 urterekin hasi zen lanean, Provostenean, antxoari burua kentzen: “Gu ailegatzen ez laneko mahaira, eta harri batzuk jartzen zizkiguten lurrean, gora igotzeko”; gogoan du behin nola alde egin behar izan zuten, ezkutura: “’Inspektoreak datozela’, eta gu denok saltaka goitik behera; ‘Joan direla!’, eta gu gora”, dio algaraka; Getarian ere aritu zen lanean, antxoarekin, eta akordatzen da nola esaten zien nagusi italiarrak: “¡Cantar, cantar, que a nadie le ofende!”. Erretiroa noiz hartu zuen galdetuta, hitzetik hortzera erantzun digu: “Erretiroa? Inoiz ez! Ama edadetua, lau gizon gurean eta kanpoko lana utzita etxearen ardura hartu nuen. Honek [Bakarnek] bai! Lan asko egin omen du, kupoa beteta, eta horregatik ez du lanik egiten orain. Ni golpe!”, dio barrez, eta Bakarnek “Hiiiiiiiii! Nik egiten dinat”, ahizparen adar jotzeari erantzunez.

Orain ondo bizi omen dira, eta paseatzea dute afizio nagusia, herrian, Santiago aldera... Balkoira irten gara, argazki batzuk ateratzera, eta kanpora begiratuta, ederki ikusten dira Gernika parkea, ibaia eta urrutian itsasoa. San Telmo kalea Parrokiaz beste aldera dago, ezkutuan, eta Paris urruti, 800 kilometro ingurura; hemendik, ordea, ederki sumatzen dira biak.

Oharra: eskerrik asko Pello Aizpururi, laguntza guztiarengatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide