Zumaiako EH Bilduk hautagaien zerrenda aurkeztu du

Baleike 2019ko mar. 29a, 10:41

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du Zumaiako EH Bilduk. 20 lagunek osatzen dute zerrenda, eta jendaurreko aurkezpena datorren ostegunean, hilaren 4an, egingo dute Alondegiko Oxford aretoan, 19:30ean. 

"Egunerokoan kirol taldeetan, mugimendu feministan, musikan, sindikalgintzan, euskararen alde, kultur taldeetan, hezkuntzan, dantza taldean, gazte mugimenduan, integrazioan, guraso elkartean eta herrigintzako beste hamaika saltsatan" diharduten lagunek osatutako zerrenda dela azpimarratu dute alderditik. "Ogibide eta ikasketak aintzat hartuta, berriz, enpresariak, irakasleak, zerbitzariak, kazetariak, igeniariak, fabrikako langileak, ekonomilariak, jubilatuak eta abar luze bat ere badira. Baina guztiaren gainetik zumaiar konprometituak dira, Zumaia hobe baten alde lan egiteko prest dauden herritarrak", diote.

Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dutela ere azpimarratu nahi izan dute EH Bildutik. "Udalgintzan eskarmentua eta esperientzia duena, baina, era berean, belaundaldi berriek dakarten freskotasuna barneratzen jakin duena. Gertuko jendea, herrikoia, herrigintzan aritzeagatik ezaguna eta udal kudeaketarako erabat prestatua".

Hautagaiak

1- Iñaki Ostolaza Esnal

"Industria ingeniaria da eta Ostolaza Zumaia S.L enpresa zuzentzen du. Udal politikan eskarmentua du, 2007-2011 udal gobernuko zinegotzi izan baitzen".

2- Arritxu Iribar Egaña

"Euskal filologoa da ikasketaz, eta aspalditik Euskadi Irratian kirol kazetari ezaguna da. Herriko hainbat kirol taldetan parte hartu eta laguntzen du". 

3- Alex Oliden Antia

"Kimikan lizentziatua da eta berak sortutako pinturen produkzioko enpresa bat zuzendu du urte askoan. Eskubaloiko entrenatzailea izan da urte luzez". 

4- Maider Alberdi Yeregui

"Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientzietan lizentziatua izateaz gain, mugimendu feministako eta gazte mugimenduko kidea da".

5- Asier Arakistain Alberdi

"GKN-Ayra Durex enpresako langilea da, eta bertako komiteko langile ordezkaria LAB sindikatutik. Horretaz gain, idazlea ere bada, eta Julene Azpeitia ipuin lehiaketan lau aldiz lortu du Zumaiar onenaren saria". 

6- Marina Bidasoro Arozena

"Soziologia eta zientzia politikoetan lizentziatua. Eskarmentu handia du politikan. Zumaiako alkate izan zen, eta zinegotzi hainbatetan; aldi berean, Gasteizko legebiltzarkide. Enpleguratze enpresa bateko zuzendaritzan aritu da eta baita Aldundian ere, Giza Eskubide eta Oroimen Historikoaren zuzendari gisa". 

7- Jose Maria Azkue Castillo

"Oboe eta Ganbera musikako goi mailako ikasketak egin zituen, Donostia eta Baionako kontserbatorioetan lehenik, eta Londreseko Guillhall School Of Music and Drama eskolan ondoren. Europako orkestra askorekin lan egin du. Zumaiako musika eskolako irakaslea eta Zumaiako Musika Bandaren zuzendaria da". 

8- Maddi Aldalur Osa

"Ingurumen zientzietan lizentziatua eta Haur Hezkuntzan diplomatua da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa egiten du lan". 

9- Arantxa Gajate Telleria

"Enpresaritza ikasketetan lizentziatua, enpresen finantza arloan eta zerga aholkularitzan espezializatua. Gaur egun berak sortutako enpresa bat zuzentzen du. Udal kudeaketa ezagutzen du, zinegotzi izana baita". 

10- Aitor Manterola Garate

"Euskal Filologoa da ikasketaz, eta Berria egunkarian eta Harmaila kirol aldizkarian ari da lanean kazetari gisa. Horrez gain, futbol entrenatzailea ere bada". 

11- Leire Garate Olaizola

"Haur Hezkuntzako eta Gizarte Hezkuntzako diplomaturak ditu eta haur hezkuntzako irakasle gisa egiten du lan. Txinparta euskara taldean aritua, egun Txiribuelta 0-6 urte bitarteko haurren guraso elkartean parte hartzen du, baita Herri Eskolako Guraso Elkartean ere". 

12- Iker Zulaika Loiola

"Gaur egun Zumaian bizi den oikiarra, tornuko langilea. Oikiako Mantzior Kultur Elkarteko lehendakaria". 

13- Miren Osa Galdona

"Kazetaria da, eta gaur egun multimedia eta komunikazio enpresa batean egiten du lan. Mugimendu feministako kidea da". 

14- Unai Aizpurua Telleria

"Mekanika ingeniaria da eta industria ingeniaritzako masterra du. Ingeniari gisa ari da lanean herriko enpresa batean. Kirol zalea izaki, herriko hainbat kirol klubetan hartu du parte". 

15- Alaitz Gorostiza Egaña

"Mekanizatuko Lanbide Heziketa zikloa ikasi zuen eta urte luzez Alfan aritu zen lanean. Gaur egun zerbitzari bezala dabil Zumaiako taberna batean". 

16- Ane Osa Barrena

"Kazetaritza ikasketak ditu eta Kultur teknikaria da Donostian, Intxaurrondo Kultur Etxeko zuzendaria. Lau gazteren ama ere bada". 

17- Iñaki Agirrezabalaga Alkorta

"Zumaiako alkate ohia (2007-2015). Zuzenbide ikasketak ditu".

Ordezkoak: 

18- Lorea Mendiola Egaña

"Ekonomilaria da eta Ingurumen Zientzietan doktorea. EHU-UPVn ekonomia irakaslea da". 

19- Juli Agirretxe Galarraga

"Jubilatua, etxeko eta zaintza lanetan aritzen da".  

20- Joanito Dorronsoro Goikoetxea

"Jubilatua da, Zumaiako ikastolaren sorrerako lanetan ibilia, baita ondoren irakasle gisa ere. Bertso munduan eta euskalgintzan aski ezaguna, Zumaiako bertso eskolaren sortzailea ere bada eta bertsolaritzarekin lotutako hainbat liburu idatzi ditu".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide