Orduan bai

Victoriano Pecharromán: olibondo bat Talaimendin

Imanol Azkue Ibarbia 2018ko aza. 1a, 09:00

Arrantzan askotan esku hutsik, baina beste batzuetan ale ederrekin; adibidez, itsas aingira honekin.

Aspaldi komentatu nion Victorianori baleikeko txoko honetara ekarri nahi nuela, banekielako izango zuela zer kontatua, eta harrituta utzi ninduen baiezkoarekin batera eman zidan erantzunak: “Liburu baterako eta pelikula baterako ere badaukat!”. Arrazoi zeukan, eta zer kontatua izateaz gain, kontalari bikaina da, umoretsua eta gatzduna; oraingoz, ordea, orrialde hauekin konformatu behar…

Victoriano Pecharromán Sacristán 1934an jaio zen Cuevas de Provancon, Segoviako herri txiki batean. Herriko jarduera nagusiak nekazaritza eta artzaintza ziren. Sei anai-arrebatatik hirugarrena, sei urte zituenetik aitari laguntzen ibili zen, artzain: “Martxotik uztailera aitarekin, ardiekin; eta urritik otsailera, eskolara. Han lau erregelak ikasi nituen, baita egurra jaso ere”. Hamalau urte betetakoan, ekainean, aitak harakin batekin ajustatu zuen (hau da, lanerako akordioa itxi), baina harekin haserretuta, bere kasa hasi zen lanerakoak adosten; 11 urterekin nekazari batzuekin aritu zen, abarka parearen eta eguneko pezetaren truke. Hamalau urterekin, ordea, aita hil egin zitzaien, eta artaldeaz arduratu behar izan zuen. Baina hura ez zitzaion gustatzen, arrastaka zeraman, eta ardiak utzita, uztarriekin hasi zen lanean, lurra lantzen. Lehenengo nagusiarekin gosea pasa zuen, eta ondo ikasi zuen hurrengoarekin zer baldintza jarri: despentsako eta bodegako giltzak bere esku egotea. Neguko hiru hilabeteetan, berriz, etxera bueltatzen zen lanera: lurra landu, txerria hil... Ogi goserik ez zuten pasatu, baina olioa, arroza eta horrelakoak, falta.

20 urte bete arte laborantzan aritu zen, baina buruan sartu zitzaion honantz etorri behar zuela: “Nik beste bizimodu bat nahi nuen, ikusi nahi nuen hor zehar zer zegoen, eta okerrenera, banekien zer neukan zain han”. Horrela, 1955ean, lehenengo Bilbora joan zen, eta gero Zarautzera, bietan ere lehengusuen etxeetara. Zarautzen urtebete egin zuen, Oriora bideko harrobi batean lanean; baina ez zitzaion gustatzen bizitzeko, eta Astilleroan lana lortuta, Zumaiara etorri zen. Ilusioz zetorren, baina bidean ezusteko handia izan zuen: “Maletarekin, hartu nuen azken trena; jaitsi nintzen, eta segituan konturatu nintzen hura ez zela Zumaia, Oikiako geralekua baizik; baina trena bazihoan, eta ezin igo. Han lanean ari ziren batzuei galdetu nien, nola joan Zumaiara, eta esan zidaten pulmana pasatu zain egoteko, eta gero joateko lasai trenbidetik; zain egon, pasatu zen, sartu nintzen tunelean, 5 metro egin eta.... atzera!, beldurtuta. Berriz ere geralekuan eseri, eta erabaki nuen gaua han pasatzea. Orduan, 00:30ak aldera, ikusi nuen norbait zetorrela argiarekin, eta mutil hari kontatu nion zer pasatzen zitzaidan; ‘Ez larritu, ni Zumaiakoa naiz eta’, esan zidan; maleta hartu zidan, eta tuneletik etorri ginen biok”; emozionatu ere egin da pasadizoaz akordatzean, ez baitaki zein izan zuen salbatzailea, baina betirako esker ona gordeta dauka.

Zumaian apopilo egon zen zenbait etxetan (Goikotorren, Casasbaratasen...); lanean, berriz, Astilleroan “sufridore” aritu zen, errematxatzen zuenari beste aldetik laguntzen. Behin batean, galdetu zioten ea prest zegoen baratze batean laguntzeko, eta baiezko erantzunak bizitza aldatuko zion, horrela ezagutu zituelako Joxe Mari Alkorta Otzango eta haren emazte Maritxu; baratzeko lehen lanegunean, patata-tortilla ederra egin zien Maritxuk, eta Victorianok ondo igarri zion etxe hura beretzako modukoa zela: “Etxea behar nuen, eta Maritxuk eskaini zidan bi asterako, beste zerbait aurkitu bitartean... Bederatzi urte egin nituen haiekin, ezkondu bitartean...”. Astilleroa utzita, Debako barra konpontzen aritu zen hilabetez, eta gero, Torreagara etorri zen. Lan ona zeukan: goizetan, piezak moldeetatik ateratzen; gero, esmerilarekin piezak garbitzen; eta arratsaldeko 17:30ean, galda gori-goria; beroa, zarata, hautsa, zikina..., denak ezagutu zituen. Behin batean, galtzek su hartu zioten: “Ez ziguten ematen ez mantalik, ez botarik... Lankideek trapuak bota zizkidaten gainera eta ez zitzaidan ezer pasatu. Baina ikusi nuen nire etorkizuna ez zegoela han”. Izan ere, Victorianok lanbide bat ikasi nahi zuen, eta horretarako aukera sortu zitzaion Satesa enpresan; han makina batzuk probatu zituen, ofizioa ikasi zuen eta han aritu zen, itxi zuten arte. Gero, bi hilabete egon zen langabezian, eta ondoren Ayra Durexen hasi zen lanean; handik jubilatu zen, 58 urterekin. Langile porrokatua izan da Victoriano, lanbide eta lan ugari ezagutu dituena, lanaren aurrean inoiz kikildu ez dena.

Victoriano (ezkerrean) Cirilo lagunarekin, Sacramenian (Segovian), 1954 aldera

Etorri zeneko Zumaiaz galdetuta, gogoan dauka txikia zela, eta txikiteoan aritzen zirela gizonezkoak, batez ere euskaldunak: “Erdaldunok gehiago egiten genuen eseri eta porroia eskatu, hitz egin, beste porroi bat eskatu... Askoz geroago hasi ginen gu ere txikiteoan, herrian”. Zumaian ezagutu zuen Pura Rueda, eta ondo gogoan dauka noiz ikusi zuen lehen aldiz gero emaztea izango zuena: “Aldapan behera [Sastreenekoan] zetorren, eta gu Hotel Zumaian geunden, kanpoan; han hasi zitzaizkion batzuk oihuka, txistuka, eta Purak buelta eman eta gora alde egin zuen; atzetik joateko tentazioa izan nuen, baina ez, ez nintzen joan; handik bi hilabetera ikusi nuen berriz, Goiko plazako merkatuan, dantzara joana, eta han kateatu nuen”. Urte asko egin zituzten elkarrekin, eta oso zoriontsuak izan ziren, nahi zuena eman ziolako: familia bat eta semea-alabak, eta gero etorri ziren bilobak.

Victoriano Esther bilobarekin, Talaimendiko baratzean

Victoriano beti aritu da baratzean; hasieran, Basusta inguruan bizi zirenean, Estazio aldean izan zituen; orain, berriz, Talaimendin dauka, Elizaren terrenoetan. Animaliarik ez dauka, baina fruta arbolak kontatzen hasita, a zer zerrenda: bi olibondo, mertxikondo bat, sagarrondo bat, bost pikondo, aranondo bat, udareondo bat, mahasti bat..., eta berdura klase guztiak. Oraindik joaten da ahal duenean, baina orain gehiago kostatzen zaio aldapa igotzea.

Victoriano arrantzale amorratua da, eta berez lehorrekoa izanik, galdetu diot nondik datorkion afizioa: “Ni harrapakari hutsa nintzen herrian, ez zegoen bizirik egon eta hartuko ez nuen ezer: txoriak habietatik, tranpak jarri eta muxarrak…, baita jan ere”. Herriko ibaian hamarra kantitatea zegoen, eta ijitoek erakutsi zioten jostorratzarekin amua egin eta arrain txikiak harrapatzen. Hona etorritakoan ere ehizan jarraitu zuen, tranpekin: “Batzuetan ehun txori baino gehiago harrapatzen nituen. Badakizu zenbat tranpa jartzen nituen? Laurogeita hamabost. Eta akordatu beharra zegoen, gero, non utzi nituen...”. Haitzean ere asko ibilia da, baina batez ere kainarekin arrantza egitea gustatzen zaio, eta gogoan dauka lupia gehien arrantzatu zituzten gaua: “Talaipen, 28, eta denak kilotik gorakoak; orain, hotza... Kristorena! Kainaren muturrean izotz txupetea zegoen, anillan...”. Izkiretan eta hamarretan ibiltzen da askotan, salabardoekin, eta pasadizo bat badauka, duela egun gutxi gertatua: “Han nengoen ni Moilaberriko zubian, izkiretan, eta hamarra handi bat hartu nuen; gero, txiki-txiki batzuk ere bai, eta gorde egin nituen baldean, arrantzarako, amuan jartzeko. Etorri zitzaidan bat eta esan zidan: ‘Eta txiki hauek zertarako dituzu?’, eta nik erantzun: ‘Txikiak? Nik ez dut txikirik hartu, nik handia hartu dut, baina emea izan eta kumeak egin ditu’, eta bost metro aurrerago joan zenean, entzun nion nola esan zion beste bati: ‘Victorianok hamarra bat hartu du eta kumeak egin dizkio!’. Sinetsi egin zuen!”, eta barre algara egin du, hori baita Victorianoren ezaugarrietako bat: bizipoza eta umore ona, edozein momentutan txiste edo pasadizo egokia kontatzeko prest.

Victoriano igel eta toka jokalari ona da, eta sari batzuk irabaziak badauzka

Jaioterriaz galdetuta, aitortu du ez daukala herrimin handirik: “1955ean alde egin nuen, eta esku bateko hatzekin nahikoa dut kontatzeko zenbat aldiz joan naizen hara”. Talaimendiko olibondoez akordatu naiz; Kordobatik ekarri omen zizkion landareak lagun batek, eta ondo zainduta, sustraiak bota dituzte, baita azeituna bereziak eman ere. Olibondoak gogoan, noizbait entzundakoarekin akordatu naiz: ez omen gara jaio ginen lekukoak, bizi garen lekukoak baizik.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide