Karea kaltzio oxidoa da, hau da, konposatu kimiko bat, giro tenperaturan dagoenean kolore zurikoa, kaustikoa (erre egiten duena) eta alkalinoa. Normalean, karea lortzeko kareharria (edo kare haitza, gaztelaniaz “caliza”) erabiltzen da, beroaren bidez (harria erreta).
Lehenagotik ere ezaguna zen, baina Euskal Herrian, XVIII. mendearen hasieran ugaritu zen karea nekazaritzan, konturatu zirelako berez hotza zen lurra berotu egiten zuela. Halaber, ikusi zuten karea oso egokia zela beste erabilera batzuetarako: eraikuntzan, paretak egiteko eta harriak lotzeko, masa gisa (garai batean oso ezaguna zen, adibidez, Zumaiako hiraulika, inguruko fabriketan egiten zelako); etxeetako eta baserrietako hormak zuritzeko (kare esne edo letxadarekin, hau da, karea urarekin nahasita); gaixotasunen edo izurriteen aurrean erabiltzeko, oso desinfektante ona zelako; animalia batzuengandik (karakol, bare...) eta gaitz batzuetatik (gorni, lizun...) babesteko laboreak; arrautzak kontserbatzeko edo gehiago iraunarazteko... Karea oso presente egon zen gurean azken bi mende eta erdiko bizimoduan, baina XX. mendearen erdialdean, ongarri kimikoen eta porlanaren industri ekoizpenarekin lehiatu ezinik, baserrietan lurra lantzeari utzi eta abeltzaintza nagusitzearekin batera, karea egiteari utzi zioten baserritarrek eta karobiak itzali egin ziren.
Karea karobietan egiten zuten. Labe bereziak ziren, kareharria kiskalduta kare bizia egiteko erabiltzen zirenak, eta lehengaiak non, handik hurbil eraikitzen zituzten; labearen paretak gehienetan arbelezkoak edo harearrizkoak izaten ziren (suak ez dituelako erretzen), hiru metro zabal inguruko zuloa eta altueran beste horrenbeste izaten zuten, biribilean. Labera materiala inguratzen zuten: erregaia (egurra) eta kare harriaren koskorrak, txikituta. Karobiaren azpialdean, lehendabizi, egurra jartzen zuten; horren gainean, kare harria eta gainean berriro erregaia, txandan-txandan. Dena prest zegoenean, karobiari su ematen zioten beheko ahotik, eta beste zulo batetik airearen sarrera erregulatzen zuten. Kea behatuta, karegileek bazekiten egosketa nola zihoan: kearen kolore zuriak adierazten zuen tenperatura behar baino baxuagoa zela; urdinxkak, berriz, ondo berotzen ari zela. Labea piztuta mantentzen zuten hiru egun eta astebete artean, dena erre arte; gero, sua itzali eta pare bat egunez hozten utzi ondoren, kare bizia ateratzen zuten. Normalean, hiru edo lau lagun aritzen ziren lanean, txandaka, eta gehienetan inguruko baserrietakoak izaten ziren, auzolanean.
Karobiak batez ere baserri inguruetan eraiki zituzten, eta batzuen arrastoak badauzkagu Zumaian. 1997an marraztu zuen leku izenen mapan, Arantxa Ugarte oikiarrak bi karobiren kokalekuak jasota dauzka: bata, Meaga aldera, Urteagazar inguruan, Soburuzkoa; bestea, berriz, Oikiatik Ibañarrietarako bidearen ondoan, Iparragirre baserritik hurbil, Goiburukoa. Horiez gain, jakin badakigu beste karobi bat izan zela Jesuskoa baserriaren ondoan, eta beste baten aztarnak ikusteko moduan daude oraindik Zubitxotik Lore baserrirako bidearen bazterrean, landarediaz estalita eta ondo gordeta. Artadi aldean, beste baten aztarnak ere badaude, Flores baserriaren ondoan, hau ere landaretzak hartuta.
Lehengo paperetan begiratuta, karea eta karobiak mintzagai dituzten dokumentu ugari daude. Horrela, gure herrian ekitaldi bereziren bat zenean (Probintziako Junten bilera, erreginaren edo erregearen etorrera, ospakizunen bat...), Udalak eskatzen zien herritarrei etxeak zuritzeko eta edertzeko, baina garai hartan ez zen pinturarik erabiltzen horretarako, baizik eta letxada; adibidez, herrian Probintziako Juntak egin behar zirela eta, 1801ean: “que a los dueños de las casas que tienen en el cuerpo de esta villa en la carrera en donde deven pasar las Procesiones de Juntas se les haga una insinuación, a fin de que las compongan y en el caso de que se escusasen a lucirlas o blanquearlas”[1]; 1868an: “Se acordó también oficiar en nombre de esta Municipalidad al Señor cura de esta Parroquia para que invitara al vecindario al blanqueo de sus casas”[2]; edo 1900ean, Euskal Jaiak Zumaian izango zirela eta: “se ordene se arreglen y blanqueen las fachadas de las casas de esta población para las fiestas Euskaras”. Gaitzen bat zenean, are arrazoi handiagoarekin zuritzen zituzten etxeak; adibidez, 1865ean, “cólera morbo asiática” gaitza zela eta, Udalak erabaki zuen “que se haga acopio de lechada”[3] (eta horrekin batera, bitxikeria gisa, “que se extraigan de la población todos los pulpos podridos que hubiese en las casas”); beste zita hau 1885ekoa da, berriro ere “cólera morbo” gaitza etor zitekeela eta: “En vista de que se había agenciado la cal, se acordó se deposite bajo los soportales de la entrada de la Iglesia o en el depósito allí existente, y se reparta a domicilio como está ordenado”[4], eta ondoren beste erabaki bitxi bat: “Por unanimidad se acordó el establecimiento de 5 hornos en distintos puntos del pueblo para purificar la atmósfera y la cal que produzcan dichos hornos, se destine a desinfectar las letrinas, blanqueo de habitaciones y cementerio”. Garai batean, zementua egiteko labeak ere bazeuden herrigunean bertan; Zumaia Historia liburuan jasota dagoenez, Gurrutxaga familiak hiru labeko zementu fabrika izan zuen 1894ra arte Petxatokiko kalestuan[5]. Azkenik, beste adibide bitxi bat: 1893an, Jose Maria Arrizabalo herritarrak udaletxearen ondoko terrenoetan bi metro koadro eskatu zituen, “para formar un depósito para lechada de cal, previo canon anual”[6].
Duela gutxi egur ikatza egiteko txondorra piztu zuten Aizarnazabal aldean, eta asko joan ginen hura ikustera; ezagutu ez dugunok, ikusiko ote/ahal dugu karobiren bat martxan gurean? Horra hor enbidoa...