Orduan bai

Luis Mari Aizpurua, kronikak baino gehiago

Imanol Azkue Ibarbia 2019ko mar. 30a, 09:54

Hogarreko taldea. Zutik, ezkerretik eskuinera: Tere Ostolaza, Miren Laskibar eta Edurne Egino; makurtuta, Alberto Uranga, Luis Mari Aizpurua, Manuel Esnal (lehendakaria), Luis Azkue, Alberto Esnal eta Jose Ramon Zubia

Beste askorentzat bezala, niretzat ere Luis Mari korrespontsala izan da beti, horrelaxe ezagutu genuelako, Zumaiaren eta zumaiarren berri ematen egunkarietan eta irratian. Baina gaurkoan beste garai batzuetako kontuak azaltzeko eskatu diogu, baita gonbidapena onartu ere.

Luis Mari Aizpurua Apestegi 1938an jaio zen, Zumaian, San Telmo kalean. Simon eta Teodoraren semea, bost anaietan erdikoa. Aita fundizioan ibili zen, moldeadore, Zumarragan eta Eibarren, eta laneko azken urteetan Fundiciones Apesteguin, enkargatu; ama, berriz, karakter handikoa zen eta etxeko martxa guztia bere gain hartu zuen. Bere belaunaldiko gehienak bezala, txikitan herriko eskolan ibili zen, Arrangoletan: “Plastada ederrak jasotakoak gara, euskaraz egiteagatik!”, dio, eta beste zerbait ere gehitu du: “Meritua bai gurea, eduki genuen pertsekuzioarekin, ez genuelako galdu euskara”; klase barruan den-dena erdaraz egiten zuten, baina kalean euskaraz, beti. Zumaiatik Arantzazura joan zen ikastera, 12-14 urte artean, musika zaletasun handia zeukalako eta idaztea ere asko gustatzen zitzaiolako, eta han ere gaztelaniaz ikasi zuen, “Verbo vasco” izeneko asignatura kenduta.

Zahagi dantza, Errotakoaren parean. Bestak beste, ezkerretik eskuinera: Migel Manterola, Sebastian Irigoien, Luis Manterola, Agustin Txapartegi, Victoriano Urkidi, Jose Luis Elosua, Dionisio Sanchez eta Joakin Urkidi (Luis Mari Aizpurua).

Gerraondorena bete-betean bizi izan zuten, eta galdetu diot ea goserik pasa zuten: “Bai galanta!”, eta errazionamendua ere ezagutu omen zuten. “Ogi koskor batekin, egun osorako, ez orain bezala! Jango bai, gogo galantarekin, baina…”. Umetan, jolasean, San Telmo kalekoak karkaban ibiltzen ziren, Balenziagaren atzealdean (gaur egungo Ondartxo plazan). “Izkiñatarrek tailerra zeukaten, eta han gasolio deposituak-eta zeuden; hantxe ibiltzen ginen, barrura sartuta, arrisku handirik ikusi gabe… Zikin-zikin egin, etxera joan, paliza hartu eta berriz ere kalera! Saltaka ibiltzen ginen asko, hantxe bueltaka”. Aitak baratzea zeukan Larretxo aldean, Elorriagari alokatuta, baina ez zuen nahi izaten han semeek laguntzea, bakarrik aritzen zen: “Gure lana izaten zen pare bat baldekada ur eramatea kaleko iturritik; gero, libre”.

Atletismoko taldea Arranplan, 1958an. Goian, ezkerretik eskuinera, Jesus Mari Aizpurua, Jose Antonio Egaña eta Joseba Sasiain; makurtuta, Luis Mari Aizpurua eta Pedro Balenziaga.

Garai hartan Elizak indar handia zeukan. “Jaiero meza nagusitara, eta arratsaldean bezperetara, bestela ez zegoen pagarik! Elizako sarrerako parean bizi ginen, eta etxetik zaintzen gintuen amak”. Behartuta joaten ziren galdetu diot: “Derrigortuta zen, eta derrigortuta egiten dena, ez da samurra izaten; orain ondorena pagatzen ari dira”.

Maria Frantziska Txapartegirekin hasi zen irteten, 20 urterekin, eta bost urtera ezkondu egin ziren. Sanjuaniturri parean jarri ziren bizitzen, eta gero aldatu ziren Poligonora. Hiru seme-alaba hazi zituzten, eta gero etorri ziren zazpi bilobak. Maria Frantziskak denda jarri zuen etxetik hurre, eta oraindik ere eusten diote familian negozioari.

Luis Mariri txikitatik gustatu izan zaio idaztea, eta denbora luzez aritu da kronista: hogeita bat urterekin hasi eta berrogeita hamazazpi bete arte, herrian gertatutakoen berri ematen. “Periodiko denak pasatu nituen!”, dio, eta arrazoia dauka: La Voz de España (1960an Paoleko istripuaren berri ematea tokatu zitzaion), Egin, Deia, La Voz de Euskadi eta El Diario Vascon; azken horretan 13 urte egin zituen, eta herriko berriak emateaz gain, 20 orrialdeko gehigarria ere egiten zuen santelmoetan, laguntzaile onekin. Cadena SERen ere hamabost urte egin zituen, astean hirutan Zumaiako, Getariako eta Zarauzko berriak ematen, eta igandeetan euskaraz, Jose Ramon Belokirekin. Luis Marik ondo ezagutu du kazetaritzan izandako bilakaera: “Lehen, atzo idazten zen, gaur eraman eta bihar argitaratu, eta argazkiak errekadista bidez bidali. Periodikora bisitan joandako batean, harrituta geratu nintzen, han nola egiten zuten konposizioa: letrak pintzekin hartu, banan-banan jartzen… Orain berriz…”, dio, lehengo garaiak gogoan. Afizioa zeukan idazteko, baina erraztasunak ere izan zituen: “Bankuan egiten nuen lan, eta arratsaldeak jai neuzkan”. Bankuan lanean hasi aurretik, Arantzazutik etorri zenean, alemanenean (Oto Holken) ibili zen, tornulari, eta arratsaldeetan profesionalera joaten zen, ikastera; gero Lagun Artean ere ibili zen, eta orduan komentatu zioten bankuko aukera, 1976an; Madrilera joan, azterketa gainditu eta bankuan aritu zen lanean, 55 urterekin jubilatu zen arte.

Julio Beobide Parrokirako bidean, 1968-04-28an, Oarguik antolatutako omenaldi egunean (Luis Mari Aizpurua).

Baina inguruko gertaeren eta ekitaldien berri emateaz gain, horiek antolatzea eta parte hartzea ere gustatu izan zaio, eta hainbat talde eta elkartetan aritua da: luistarretan diruzain (“Hilero laurehun errezibo egin behar izaten nituen, banan-banan!”), Oarguiko presidente, atletismoko klubean, Zumaiako Herri Batzokian, Hogarreko juntan... Ekitaldi ugari antolatu zituzten, baina bereziki gogoan dauzka hiru: Santaeskean atera zirenekoa; Beobideri egindako omenaldia (1968an) eta Aita Mari elkarteko danborrada berezia. “Beobideren omenaldia biribila izan zen, oso hunkigarria, eta handik urte eta erdira hil zen; garaiz ibili ginen...”; ondo gogoan dauka programa: meza nagusia, Aita Mari zinemako erakusketa, bazkaria (250 lagun Etxabe Kuarton eta Hotel Zumayan banatuta)… ; akordatzen da, baita ere, Juliok jarri zuen baldintzarekin: “Aurrealdean ez zuen nahi autoritaterik, herriak parte hartzea eta protagonista izatea nahi zuen”. Danborradari dagokionez, “Kaskagogortuta antolatu genuen, elkartea inauguratzeko; hasieran danborrero izan behar nuen, baina Angelito Goiko zuzendariak istripua izan zuen, eta baten bat behar, eta ‘Hik badakik musika pixka bat…’ eta Luis Mari zuzendari…”; arrakasta handia izan zuen, eta bereziki gogoan dauka Beheko plazan sartzen, Aupa gizona jotzen, jendearen txalo artean.

Badator Aita Mari elkarteko danborrada!

Abestea izan da Luis Mariren afizioetako bat: “Oso ahots ona neukan. Txikitan tiple edo bakarlari izan nintzen Arantzazun, irratian ere kantatu nuen”. Parrokiako eta Hogarreko koroetan aritua da, eta Gabon Koruan ere bai; baita Bazkalondo koruarekin ere: “Parrandarako taldea zen. Ematen zigutena ez genuen banatzen, ‘jan’ egiten genuen, beste ospakizun batean, anbiente ederrean”; Truebaren salbea lau aldiz kantatu du bakarlari; “Orduan bai ahotsa…”, dio...

Beste afizioetako bat argazkilaritza izan du, eta galdetu diot nondik datorkion zaletasuna: “Jesus anaia hasi zen ikasten, eta ni harekin; gero, hark utzi eta nik jarraitu nuen; ondo etortzen zitzaidan kroniketarako”. Dena berak egiten zuen: argazkiak atera, errebelatu, anpliatu… Bodak ere egiten zituen. Beraz, idatziz bakarrik ez, irudi bidez ere ederki jaso zuen Luis Marik orduko Zumaiako egunerokoa, ehunka argazkitan, eta ganbaran dauzka jasota. Kontziente da gordeta daukan altxorraz: “Hiltzen naizenean, azkar ibili, bestela denak derrepente botako dituzte-eta basuretara”, dio barrez.

Txaranga Txikito Artadiren aurrealdean, Juanin Sanchez zuzendari (Luis Mari Aizpurua).

Laurogeiak beteta, lehengo afizioei eusten ahalegintzen da, baina beste erritmo batean, lasaiago. Ordenadorearekin asko entretenitzen da, eta irakurtzea ere gustatzen zaio.

Gaurkoan besteena ez, berearen berri ematea egokitu zaio Luis Mariri, atal honen protagonista izatea, eta hizketan hasita, erakutsi dugu badaukala zer kontatua. Gustura egin dugu kronika!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide