Geoparkeko barnealdeko hezeguneak, edanleku soilak baino gehiago

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2019ko mai. 14a, 07:01

Artutzango putzua

Kostaldekoek hezegune hurbilenak padurak ditugu, baina barnealdean ere badaude mimoz zaindu beharreko bustiguneak. Horregatik, otsailaren hasieran ospatu ohi den Hezeguneen Munduko Egunaren harira, mendira begira jarri da Geoparkea, eta barnealdeko putzuak ezagutarazteko hainbat ekimen abiatu du.

Intuizioari kasu eginez gerturatuko gara, baina ez da erraza hezegune bat zer den definitzea. Umorez, batzuek diote oinak bustitzeko bai, baino bainua hartzeko adina urik ez duen tokia dela; halere, badaude urik ageri ohi ez duten hezeguneak. Argibide gehiago eman nahian, besteek esango dute hezeguneetan uretan zopatuta ondo moldatzen diren landareak daudela, baina landareak agerian ez dituzten hezeguneak ere badira. Amaitzeko, egongo da defendatuko duena hezeguneak lurra eta uraren arteko iragate eremuak direla, baina muga horietatik urrun kokatutako hezeguneak existitzen dira.

Beraz, har dezagun definizio bakoitzetik pittin bat, eta esfortzu handirik gabe irudikatuko dugu hezegune bat nolakoa den. Izan ere, hezeguneak urak baldintzatutako sakonera txikiko eremuak izan ohi dira, sarritan lehorreko eta uretako inguruetako mugetan daudenak, eta eremu horietara ondo egokitutako landareen eta animalien bizileku direnak. Hori izan daiteke, bada, nahiko hurbil dagoen deskribapena.

Urritzuko putzua

Definizioez gain, ekologiaren ikuspuntutik ingurune hezeak leku aberatsak dira. Aipatu bezala, eremuotako bizidunek moldaerak dituzte bertako baldintzei aurre egiteko, eta, horregatik, biodibertsitate bereziko inguruak dira. Bestalde, uraren zikloan erregulatzeko funtzioak dituzte, tokiko kliman eragina izaten dute, paisaiari aniztasuna ematen diote eta materialak sedimentatzeko tokia izaten dira, besteak beste.

Ingurune babestuak

Ezinbesteko funtzio ekologiko horiek eta bertako flora zein faunaren garrantzia aitortzeko, hezeguneak kontserbatzeko nazioarteko hainbat hitzarmen daude, ezagunena 1971n Irango Ramsar izeneko hirian sinatutakoa. Hasieran hegaztiak babesteko zena, denbora aurrera egin ahala hitzarmen hura ekosistema hezeen balioa azpimarratzeko erreminta da gaur egun, eta mundu mailan garrantzitsuak direnak Ramsarko listan daude. Halako zortzi Euskal Herrian: Viana, Pitillas eta Guardiako urmaelak; Urdaibai eta Txingudiko padurak; Uribarri-Ganboa urtegiko Mendixur aldea; Añanako Gatzaga-Arreo-Caicedo Yusoko multzoa; eta Salburua.

Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian garrantzizko beste hezegune asko ere badago, esaterako kostaldeko padurak, mendiko zohikaztegiak (gaztelaniazko turberak) eta modu naturalean sortutako laku, aintzira edota ur putzuak; baita ere jatorri artifiziala dutenak, adibidez, urtegiak edo meatze ustiaketetako zein ureztatzeko baltsak.

Geoparkeko mendiko hezeguneak

Deba eta Urola ibaietako padurez gain, Geoparkeak hezegune asko ditu mendian sakabanatuta. Horrelako batzuk, Laranga, Larrazkanda, Ormola edo Uzkangakoak kasu, Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak babestuta daude; beste batzuek, aldiz, garrantzi bera badute ere, ez daude lurraldea antolatzeko arauetan –eta ez da espero egotea–; besteak beste, Artutzangoa, Urritzukoa edo Etxaizkoak, hirurak ere Itziarko hirigunetik gertu daudenak.

Bistan denez, zerrenda horren mendiko putzu ugari jatorri karstikoko eremuan daude, eta bat edo beste gizakiak egindakoa bada ere, gehienak paisaia karstikoa modelatzen duten prozesu geomorfologikoen ondorioak dira: urak kareharria disolbatzeko gaitasuna du, eta arrakala, zulo eta haustura franko eragiten ditu. Zulootan buztina metatzen denean, hondoa iragazgaitza bihurtzen da, ura pilatu egiten da, eta baltsa edo putzuak sortzen dira.

Pyrrhosoma nymphula. Argazkia: IñakiMezquita

Hezeguneetako bizidunei dagokienez, esan behar da horiek putzuaren itxuraz guztiz baldintzatuta daudela. Izan ere, sakonera txikikoak baina ertzak aldapa handikoak direnean, ur dilistak, urrebotoiak eta antzeko uretako landareak dira nagusi; aldiz, sakonera handiagoa eta ertz leunagoak dituzten urmaeletan, lezkak eta ihiak nabarmentzen dira. Bi mota horien artean adibide asko dago, jakina. Gainera, mendian klimaren baldintzak gogorragoak dira, eta, horrenbestez, altitudeak ere eragin zuzena du inguru hezeen biodibertsitatean.

Animaliei dagokienez, ornogabe txiki askok (intsektuak, krustazeoak zizareak...) hezeguneetan topatzen dute aterpea, eta beste batzuentzat funtsezko elikagaiak dira. Harrapakari horietatik aipagarrienak anfibioak dira, halabeharrez, ugaltzeko ur masa hauen menpe dauden animaliak. Arrabio arrunta, uhandre palmatu eta marmolairea, txantxiku arrunta, baso igel gorria, ur igel arrunta eta apo arrunta dira Geoparkeko mendiko istilei lotutako anfibioak.

Uhandre palmatua. Argazkia: Egoitz Alkorta

Berreskuratu beharreko ekosistemak

Orain arte gizakien eta hezeguneen arteko harremana argi-ilunez betetako erlazioa izan da. Maiz, hezeguneak ustiatu egin dira elikagaiak lortzeko, baina beste askotan lehortu eta suntsitu ere izan dira, izurrite fokuak zirelakoan. Nekazaritzarako lurrak zabaltzeko, ura hartzeko edota urbanizazioak egiteko, azken 50 urteotan munduko hezeguneen % 35 galdu egin da; eta biziraun dutenak, ongarri edo pestizidak kutsatuta edo espezie exotikoez josita daude nahi baino gehiagotan.

Baina, azken urteotan, naturagune hauen garrantziaz jabetuta, asko dira mendiko putzuak lehengoratzeko egin diren lanak. Are gehiago, hainbat tokitan hezegune berriak eraiki dira, batzuetan auzolanean. Edozein kasutan, lortutako emaitzak itxaropentsuak dira, gehienetan, esku hartzeen ondoren ingurunearen bilakaera azkarra eta egokia izaten baita.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako txangoan leku hauek sortzen duten interesa eta jakin-mina agerian geratu dira, eta bertako bizidunak ezagutzeak liluratuta utzi ditu irteeran parte hartu duten ume zein helduak. Denok ikasi dugu mendiko hezeguneak ganaduak edateko bide bazterreko putzuak baino zerbait gehiago direla.

Hortaz, jarrai dezagun elkarlanean hezeguneek Geoparkeko paisaian duten berebiziko garrantzia etorkizunean ere eduki dezaten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide