Arritxu Marañon: "Legealdi honetan akordioetara heldu gara EAJrekin eta EH Bildurekin, beraiek gurekin akordiotara heldu diren bezalaxe"

Baleike 2019ko mai. 21a, 17:16

Arritxu Marañon: "Legealdi honetan akordioetara heldu gara EAJrekin eta EH Bildurekin, beraiek gurekin akordiotara heldu diren bezalaxe"

Bukatu da Arritxu Marañonekin egindako elkarrizketa. Hemen dauzkazue galdera-erantzun guztiak.

1. Demagun Bilduk 8 zinegotzi lortzen dituela, PNVk 7 eta zuek 2. Azken 4 urteak eta beste herri batzuetako esperientziak kontuan hartuta, garbi izango zenukete zer egin?
Aukera

Hasteko, igandeko emaitzak zein diren ikusi behar dugu, eta herritarrek zer dioten. Egoera guztietara zabalik gaude.

2. Alkatetza PNVri emango diozu alderdi bozkatuena ez bada ere?
Aran

Igandeko emaitzak zein diren ikusi arte zain egongo gara. Garbi egon behar duena da legealdi honetan lanean egon garela Zumaiaren alde, ikusi ahal izan den bezala, autonomia osoarekin. Eta bide horretatik jarraituko dugu.

3. Kaixo, Pentsa ezazu boto gehien EH Bilduk ateratzen dituela datorren igandean. Nahiz eta bigarren indarra izan, EAJko hautagaiak PSOEren botoarekin/botoekin alkate izateko aukera balu, EAJri botoa(k) emateko prest zaude? Ala ez zenuke negoziatu ere egingo EAJrekin, eta ondorioz, EH Bilduk lortuko luke udal gobernua?
Ni neu

Aurreko bi galderen antzerakoa da. Amaitzear den legealdi honetan ez dugu gobernu akordiorik izan EAJrekin. Ikusiko dugu zer gertatzen den igandean. Zumaiaren interesen alde lan egingo dugu.

4. Udal mailan erabakiak hartzeko zenbaterainoko autonomia duzu? Hau da, hurrengo alkatea Oier Korta bada, euskadi mailan indarrean dagoen EAJ-PSE ituna kasu guztietan aplikatuko al duzu, azken legealdian bezala? Eta hurrengo alkatea EH Bildukoa izanez gero, elkarlanerako aukerarik egongo al litzateke?
Maddi

Autonomia osoa dugu. Azken legealdi honetan Gipuzkoako udalerri askotan gobernu akordioak zeuden, eta Zumaian ez da izan. Legealdi honetan akordio batzuetara heldu gara EAJrekin, eta baita EH Bildurekin ere, beraiek gurekin akordiotara heldu diren bezalaxe. Bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu, beti ere Zumaiaren interesen alde.

5. Azken legealdian, eta kaleko adierazpenen aurrean (pankarta, kartel, pegatina) alkateak hartu duen debekuzko jarrera gotortuak herrian zalaparta sortu du, eta Erribera kalean ia 100 mural margotu dira, alkatearen aginduz marroiez estali direnak. Berriz ere zinegotzi aukeratzen bazaituzte, udalaren eta eragileen arteko partehartze prozesu ireki bat bultzatzearen aldekoa al zara? Orokorrean herritar eta udalaren artean partehartze prozesuak martxan jartzearen aldekoa al zara?
ibon

Pentsatzen dut ez direla gauza bera pintadak eta mural artistikoak. Pintaden kasuan, uste dut seriotasunarekin jokatu behar dela eta herria garbi mantentzeko neurriak hartu behar direla, ordenantza baten edo beste neurri batzuen bidez. Baina, bestalde, badago beste errealitate bat kontutan hartu behar dena, muralena, eta zer ikusirik ez duena pintaden kasuarekin. Nik uste lan mota hauek, muralek, herria aberasten dutela, eta espresatzeko modu bat direla. Hori denon artean bideratu behar dugu.

6. Komentuaren berritzearen inguruan azken legealdian PNVk aurretik eginda zeuden ikerketa eta zatika berritzeko proiektu guztiak geldiarazi eta ezer ez egitea erabaki du. Ze iritzi duzu horren inguruan? Zure proposamena Algorri interpretazio zentrua komentura eramatea da eta erromesen aterpetxea arrangoleta aldera, ez al duzu uste horrek alde zaharrari bizitza kenduko dionik? Azkenik, zer iruitzen EH bilduren komentua kulturgune izateko proposamena?
koko

Legealdi honetan proiektu asko izan dira, baina gutxi jarri dira abian. Guk, herriko eraikinei dagokionez proposamen desbedinak planteatzen ditugu, eta proposamen hauek legealdi honetan aurkeztu ditugu. Lehenbizi, Moilaberriko estazio zaharrean industria-ondarearen zentroa jartzea proposatzen dugu, herriko ondare hori ezagutzera emateko. Oso ondare aberatsa da, eta etorkizunera begira aukera bat ere izan daiteke. Komentuak Flyscharen interpretazio zentroa hartzea planteatzen dugu, Alde Zaharra biziberritzeko aukera ematen duelako eta Alde Zaharra berari garrantzia ematen diolako. Kontutan hartu behar dugu flyscha gizateriaren ondarea dela gaur egun, horrek inplikatzen duen guztiarekin. Arrangoletako eraikinean erromesen aterpea jartzea egoki ikusten dugu. Orain Erkibe etxea berreskuratu dugunez, espazio horrek beste behar batzuei eta aldarrikapenei erantzuna eman diezaioke, Emakumeon* Etxeari eta beste elkarte batzuei, adibidez.

7. Estazioko Kalea 20, Zumaiako Udalak dioenez gure etxebizitza blokea ordenamendutik kanpo dago. Guretzat lehentasuna da egoera hau bideratzea (ordenamenduan jasotzea). Nire galdera da: hain erraz utzi bazuten ordenamendutik kanpo, orain hain zaila al da berriro egoera legeztatzea? Lizentziaren zain gaude fatxada konpontzeko, egoera tamalgarrian baikaude hormetatik sartzen zaigun uragatik. [erredakzioan itzulita]
Lourdes

Gaia oso ondo ezagutzen dut, eta arrazoi guztia duzue. Estazioko auzoa Zumaian erabat ahaztuta dago. Ez da inbertsio bat egin azken 30 urtetan. Auzoaren eraberritzea hauteskundetako programan daramagu. Aurreko legealdian hala esan genuen, eta ez dugu gelditzeko asmorik.

8. Narrondo eta Iraeta arteko zatia falta da urola osoko bidegorria bukatzeko. Sozialisten esku egon da departamentua azken urteotan baina bidegorria oaindik ez da bukatu. Bidegorri hau bukatzearen alde egingo dezula konprometitzen al zara?
Miren

Bidegorria bukatzeko proiektua orain hilabete batzuk aurkeztu zuen Aldundiak. Baina, bai, behar dena eskatzeko eta erreklamatzeko konpromisoa hartzen dut. Gainera, zentzu guztia du, Zumarragatik Zumaiarako bidegorria bukatzeko zati hori bakarrik geratzen da eta.

9. Zumaia beti izan da herri industriala eta inportantia da horri eustea, baina oain badirudi zumaiak herri turistikua izan behar dula. Zer egingo zenuke zumaian enpresa berriak sortzeko?
Etxebeste

Zumaia herri industriala izan da betidanik, eta hala jarraitu behar du. Gipuzkoa eta Espainia osoko langabezia tasa txikiena du Zumaiak. Industria-sarea sustatu behar dugu, orain arte egin den bezala. Baina, etorkizuneko beste ekonomia aukerei ez diegu muzin egin behar, turismoari, adibidez. Baina turismo arduratsua eta jasangarri baten apostua egiten dugu.

10. Zer egingo zenuke eraikin hauekin: estazio zaharra, komentua, foronda eta erkibe etxea? Denak udalak behar ditu? Baten bat salduko zenuke? Eskerrik asko erantzuteagatik.
Ziri

Aurreko galdera batean erantzuna eman dut.

11. Zer iruditu zaizu gaur bertan, hauteskunde kanpaina erdian Zumaian, espainiar armadako kideek egindako okupazio eta maniobrak? Zer egin beharko litzateke honen aurrean zumaiarren gehiengoaren nahi antimilitarista errespetatzeko? Eskerrik asko.
josu

Hona etorri naizenean enteratu naiz, baina ez diet zentzurik ikusten maniobra mota hauei.

12. Kaixo Arritxu! Zenbaki kontuengatik EAJri bozka emanda EH Bilduk gobernatzea oztopatzeko aukera badago, zer egingo duzue? Ez duzu uste EH Bilduren programarekin adostasun gehiago dituzula?
Post

Aurretik erantzun ditut antzerako galderak.

13. Kaixo Arritxu! Kartel, pankarta eta muralen gaia konpontzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietan elkarrizketa eta adostasunaren alde hitz egin zenuen. Baina Zumaian hori praktikan jartzeko aukera izan zenean, gaiari buruzko azken mozioan, kontrakoa bozkatu zenuen alkateari men eginez. Hurrengo lau urteetan ere parte-hartze prozesuaren kontra agertuko zara? Eskerrik asko
Kalea Guztiona Da

Batzar Orokorretan esan nuena mantentzen dut. Aurreko galdera batean erantzun dudan bezala, ez da gauza bera pintadak garbitzea eta muralak estaltzea. Mozioak, berriz, dena nahasten zuen.

14. Zumaian etxebizitza arazoa daukagu, oferta gutxi dago era demanda handia. Zer proposatzen dezu arazoa konpontzeko?
Josean

Torreagaberriko hitzarmena hor dago, alderdi sozialistaren aldeko botoarekin onartu zen. Babes ofizialeko eta tasatutako etxebizitza ugari egitea jasotzen du hitzarmen honek. Horrez gain, alokairuko politiken alde indarrarekin lanean jarraitu behar dugu, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmenetara helduta. Etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko neurriak ere hartu behar dira, Jaurlaritzaren etxebizitza legearen bidetik. Lege hau Espainiako aurrerakoienetakoa da zentzu honetan.

15. Herrian leku estali bat falta da eguraldi txarra egiten duenean haurrak egoteko eta ekitaldiak egiteko. Adibidez, odietako frontoian ondo egongo litzake. Proposamenik ba al dakazue horren inguruan?
Marian

Legealdi honetan Herri Eskolako patioa estaltzeko erabakia hartu genuen. Beheko plazan Torreberriko estalpea ere badago, eta Zumaiena berak ere estalitako guneak ditu bere ikasleentzako. Bide horretatik jarraitu behar dugu, baina ez dut uste, momentuz, behintzat, Odieta estali behako genukeenik.

16. Azkenaldian jakin degu pnvk kiroletako instalazio danak puntanuetara eraman nahi ditula, polideportibua txikia gelditu dalakoan. Puntanuetako lur hoiek ez al dira ba etxebizitzak egiteko? Zure postura zein den jakin nahi det. Eskerrik asko.
Aizpuru

Programan daramagu. Ikusten dugu txikia bakarrik ez, kiroldegia zaharkituta geratu dela. Guk uste dugu kiroldegi berri bat egin behar dela, eta ez aurrekoa partxeatzen jarraitu. Gure ustetan gaur egungo lekuan mantendu daiteke, herriko erdigunean dagoelako. Gainera, frontoia, eskolak, horiek denak hurbil ditu.

17. Eskola pribatuak edo eskola publikoak, zerk izan behar du lehentasuna udalarentzat?
Julen

Eskola publikoa beti, legealdi honetan erakutsi dugun bezala. Baina kontutan izan behar dugu Zumaian hiru ikastetxe ditugula, Oikiakoa barne, eta haur guztiei era berean tratatu behar zaiela.

18. EH Bilduk eta UCINek pentsionistei gutxienez 1080€ pentsio minimoa jarriko dutela iragarri dute, zu ere neutra honen aldekoa zara? eta horrela bada beste herrietako bizilagunak Zumaian bizi den alabaren etxean erroldatu eskero kobratzeko aukera lukete?
Ernest

EH Bilduri eta Uzini errespetu guztiarekin, baina hau ez da Udalaren eskumena. Ezin zaio jendeari promesa faltsurik egin, Udal batek ezin dituelako bete. Beste gai bat da, oso desberdina, aldarrikapen honen alde gauden edo ez.

19. Pasa den ostegunean eta egun berean, 39 urte bete ziren Zeferino Peña ETAk hil zuela "herraturik" eta bestetik Josu Ternera alpetan izan zen atxilotua, Hipercor eta Zaragozako atentatu krudelekin lotura omen du, zuk epaitua eta kartzel zigorra irteten badu, kartzelaratzearen aldekoa izango zinateke?
lluch

Legeak denontzako berdina izan behar du, eta guztiek beraien ekintzengatik erantzun behar dute. Justizia aplikatzearen alde nago kasu guztietan.

20. Kaixo Arritxu, lehenik eta behin nere bozka alderdi sozialistarentzat izango dela aurreratzen dizut, nire galdera 5-garren galderarekin lotura dauka(Ibon), zuretzat edonork, edonon, edozer marrazteko eskubidea dauka espazio publikoan adierazpen askatasunaren izenean? nere aitona Betiseko zale amorratua da, bihar margotu dezaket adibidez erribera kaleko paretean?
Santiago Oleaga

Lehen ere esan dut ez dela gauza bera kalea zikintzea edo pintadak egitea, edo herritar askok partekatu dezaketen artelan batzuk egitea. Nik uste dut akordio batera heldu behar garela, eta kanal bat zabaldu behar dugula espresio hauek bideratzeko. Adibidez, badakigu zertaz ari garen Erriberako muralaz hitz egiten dugunean. Demagogia pixka bat egitera noa: bihar Banksyk mural bat egiten badu Erriberako horman, eta sinatzen badu, inork ez luke diskutituko hori mantendu behar denik. Garrantzitsua ez da Banksy izatea, obra baizik. Akordio batera heldu behar gara gai honen inguruan.

Agurra

Eskerrik asko eta plazer bat izan da zuen galderak erantzutea. Hauteskundeen ondoren Zumaiaren alde lanean jarraitzea espero dut, eta zuen galderak erantzuteko prest izango naiz. Ondo izan!


Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide