Itzurun hondartzara jaisteko goiko zabalgunean, A07 adierazten duen karteltxoa dago horman iltzatuta. Aldameneko flysch geruza ezagunekin alderatuta, Talaimendiko igoeran hasten den horretan, bistakoa da itsaslabarraren zati hori ezberdina dela. Izan ere, tarte batez, gure itsasertzeko paisaia definitzen duten kareharrizko xaflak desagertu egiten dira, eta horien tokian gorri koloreko buztin zerrenda bat ageri da. Gune zehatz horretan ikertzaileek Paleozeno eta Eozeno aro geologikoen arteko muga antzeman dute, eta hor aurkituko dituzte atmosferak jasan zuen beroketa izugarri baten eta itsasoaren azidotzen ziklo baten zantzuak.
Dirudienez, garai hartan atmosfera karbono dioxidoz (CO2) eta metanoz (CH4) bete zen, eta gas horiek negutegi efektu handia eragin zuten. Horrenbestez, tenperatura bospasei gradu igo zen, eta, orain gertatzen ari den bezala, Lurraren klima aldatu egin zen. Alabaina, klimarena ez zen izan aldaketa bakarra; izan ere, itsasoen pH-a jaitsi egin zen, azidoagoa bihurtu zen, eta izaki oskoldunek bizirik irauteko baldintzak erabat okertu egin ziren. Zergatia geroxeago azalduko dugu, baina orain aurreratuko dugu foraminifero bentoniko (itsas hondoko sedimentuetakoak) asko behin betiko desagertu egin zirela.
Atmosferara isuritako emisioek 10.000 urte inguru iraun zuten, eta, apurka-apurka, egoera orekatura berriro heltzeko, 100.000 urte behar izan ziren.
Eta itsasoa, nola bihurtzen ari da azidoa?
Prozesua uler dezagun, oinarrizko kimikari errepasotxoa emango diogu. Ura izan daiteke azidoa, neutroa edo basikoa. Zenbat eta hidrogeno disolbatu gehiago eduki, ura azidoagoa izango da, eta kimikariek maila hori neurtzeko pH-a erabiltzen dute. Hala, urak pH-a 7 baino baxuagoa baldin badu, azidoa izango da, eta altuagoa bada, berriz, basikoa. pH-aren balio neutroa 7 da.
Normalean, ozeanoaren pH-a 8,0-8,3 arteko balioetan egoten da, eta karbonoaren ziklo naturalari esker orekan mantendu da milioika urtetan. Hala ere, XVIII. mendeko industria-iraultzatik hona, atmosferako CO2 maila handitu egin da: 250 milioiko parte izatetik, 415 milioiko parte izatera pasatu da, eta oreka galdu egin da. Izan ere, itsasoek gas hori xurgatzeko gaitasun oso handia dutenez, atmosferako karbono dioxido estraren laurden bat ozeanoetan disolbatu da, eta azido karbonikoa sortu da. Uretan, baina, azido karbonikoa bi ioietan dago disoziatuta, alde batetik ioi bikarbonatoa, eta, bestetik, ioi hidrogenoa. Azken ioi horren kontzentrazioa igo denez, oreka hautsi egin da, uraren pH-a jaitsi, eta itsasoaren ura azidoagoa da.
3. irudian, karbonoaren oreka kimikoaren ekuazio dinamikoa ikus daiteke: edozein gaitan aldaketa bat gertatuz gero, egoerak beste aldera egingo du. Hau da, CO2 sartzen bada, oreka lortzeko azido karbonikoa sortuko da; eta alderantziz, azidoa gehituz gero, sistemak “ezkerretara” egingo du, CO2 sortze aldera, hain zuzen.
Etenaldi nabarmenik gabe, azken 150 urteetan ozeanoaren pH-a hamarren bat jaitsi da; eta beheratze txikia badirudi ere, zifra horrek itsasoaren azidotasunaren % 30eko igoera adierazten du. Adibide bat jartzearren, hainbat ugaztunetan, odoletan halako jaitsiera batek koma egoera eragin dezake.
Ozeanoen azidotasunaren ondorio biologikoak
Itsasoko izaki gehienak ingurune egonkorretan bizitzera daude egokituta, eta bizi baldintzak aldatzen direnean, ondorio larriak (eta, sarritan, itzulezinak) izan ohi dira. Orduan, itsasoetan gehiegizko karbono dioxidoa disolbatzen denean, inguruneko ioi bikarbonatoa azido karbonikoa osatzera bideratzen da, eta, nolabait esateko, beste hainbat erabileratako bahituta gelditzen da. Esaterako, karbonatoaren faltan, fitoplanktoneko alga askok, koralezko arrezifeek, moluskuek, krustazeoek edota ostarrenek, maskorrak edo kanpoko eskeletoak eratzeko zailtasun handiak dituzte.
Parentesi bat eginda, horixe da, hain zuzen, Paleozenoko bizidun askori gertatu zitzaiena; hazteko karbonato eskuratu ezean, ale kopurua murriztu egin zuten edo desagertu egin ziren. Era berean, izaki horiek utzitako sedimentu karedunak falta dira, eta, Itzurungo geruza gorria testigu, horien lekuan buztina besterik ez da aurkitzen.
Bestalde, azidotasunak metabolismoaren hainbat prozesu ahultzen ditu, hala nola, fotosintesia, elikadura, arnasketa edo ugalketa. Horrenbestez, itsas ekosistemek produktibitatea galduko dute, aberastasun biologikoa txikiagoa izango dute, eta aldaketei aurre egiteko duten gaitasuna murriztuko da. Modu berean, piramide trofikoaren katebegi asko kaltetuta izango dira.
Etorkizuna
Iragarpenak ez dira baikorrak, azidotasuna gehiago jaistea espero da, eta 2100. urtean pH-a 7,8ko balioan koka daiteke. Azken 20-25 milioi urteetan inoiz ez da halako aldaketa bortitzik eman, itsasoen ura ez da hain azidoa egon, eta zaila da etorkizunean zer gertatuko den aurreikustea.
Hala ere, labarretan grabatutako historiak garbi erakusten du egoerak ez duela erraz atzera egingo, eta nekez bueltatuko dela toki berdinera. Gainera, joera bihurtzeko denbora agortzen ari da, nonbait; izan ere, IPCC edo Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeko adituek hurrengo hamar urteetan jarri baitute muga. Ordurako, ondorioak itzulezinak izan ez daitezen, berotegi efektuko gasen igorpenak 350 milioiko parteetan egonkortu beharko lirateke. Hortxe, bada, guztion erronka.