Udal ordezkariek eta jaialdian parte hartuko duten herriko musika taldeetako kideek gaur aurkeztu dute 35. jaialdiko egitaraua. Musikari bezala bakarrik ez, kide hauek antolakuntzako aholkulari lanak ere egin dituztela goraipatu dute Udaletik. Bere historia osoan gertatu bezala, musika klasikoa da jaialdiko ardatza, baina beste estilo batzuek ere izango dute bere tartea. Jazzak eta folkak, hurrenez hurren.
Jaialdiaren historian denetarik izan dela, izan du gogoan Marina Bidasoro kultura zinegotziak. Hasiera hartan ikastaroak eta nazioarteko harremanak izan zirela gogoratu du. "Aurtengo programarekin pozik gaude. Musikarekin aretoak eta txokoak beteko ditugu, eta zumaiarrek parte hartzera gonbidatzen diegu", adierazi du.
Zumaiarren presentzia
Herriko talde eta musikariek presentzia handia izango dute aurtengo jaialdian. Lehen taldea agertokira igotzen Zumaiako Udal Musika Banda izango da. Uztailaren 31n, asteazkenean, John Williams presents kontzertua eskainiko du Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen bandak. Williams zineko historiako konposatzaile handienetakoa da, eta bereak dira Steven Spielbergen pelikuletako ia musika denak. "Banda bezala oso interesgarria da Williamsen musika jotzea. Ohiko lanak egongo dira, Indiana Jones-enaren kasu, baina hain ohikoak ez direnak ere joko ditugu", azaldu du Azkuek. Musika irudiekin jantzita joango dela ere adierazi du. Kontzertua 22:00etan hasiko da, Odietan.
Egun bat geroago, abuztuaren 1ean, San Pedro Abesbatzaren txanda izango da. Bertsoak eta musika uztartuko ditu Amaia Aldalurrek zuzendutako koroak Doinu zahar, kantu berri izeneko ikuskizunean. Abesbatza ez da bakarrik izango hitzordu honetan: Maria Zubimendi akordeoilaria kide duen Trio Zukan hirukoteak, eta Amets Arzallus bertsolariak ere parte hartuko dute saioan. "Gogoan dut Joanito Dorronsorok bertso zaharrak erakusten zizkigula Ikastolan, eta hariari tiraka sortu dugu Iker Gonzalezek eta nik ikuskizun hau", azaldu du Aldalurrek. Gonzalez berak konposatutako obrak ere abestuko ditu koroak. Ikuskizuna Aitzuri frontoian izango da, 22:00etan hasita.
Abuztuaren 4an Sapere Aude Sinfonietta igoko da Zumaiena ikastetxeko agertokira. Aurreko urteotan bezala, Fernando Velazquez arituko da zuzendari lanetan, eta Georgy Vasilenko biolin jotzailea izango da solista. Mendelssohnen 1. biolin kontzertua eta Mozarten 35. sinfonia 'Haffner' joko du orkestrak. Marixi Sesma orkestrako kideak gogoratu du gaur egun orkestran jotzen duten musikari batzuk udako ikastaro haietan parte hartu zutela. Kontzertua 20:00etan hasiko da.
Bai San Pedro abesbatzaren kontzertua, eta baita Sapere Aude Sinfoniettakoak ere ordainpeko kontzertuak izango dira. Sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan, 10 euroan; 4 euroan haurrentzat. Egunean bertan 12 euroan izango dira salgai.
Zumaiako musikariekin jarraituta, jaialdiko azken egunean, abuztuaren 11n, Trizak jazz taldearen kontzertua izango da Mari kalean, 20:00etan. Hirukote hau Jon Pirisek (kontrabaxua), Hasier Oleagak (bateria) eta Julen Izarra zumaiarrak (saxofoia) osatzen dute.
Beste kontzertuak
Jaialdiaren aurkezpena uztailaren 31n izango da, baina egun bat lehenago, hilaren 30ean, Giacomo Pucciniren Madama Butterfly operaren proiekzioa egingo da Aita Mari zinean, 19:30ean hasita.
Asteazkena 31n, 13:00etan, Mari kalean, Ganuxi klarinete laukotearen kontzertua izango da.
Abuztuaren 2an, ostirala, musikatutako zine klasiko saioa egingo da Oxford aretoan, 22:00etan. Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak musika jarriko dio Robert Wieneren El gabinete del Doctor Caligari film klasikoari.
Abuztuaren 6an, asteartea, San Telmo ermitan, musika barroko saioa izango da. L'Estro D'Orfeo taldeak In stil moderno kontzertua eskainiko du 20:00etatik aurrera.
Abuztuaren 7an, asteazkena, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua egingo da San Pedro parrokian. Ensemble 442ek Mendelssohnen eta Piazzolaren obrak joko ditu, 20:30etik aurrera.
Abuztuaren 8an, berriz, Alboka folk taldearen kontzertua izango da Mari kalean, 20:00etan.
Dantzak ere izango du presentzia aurtengo jaialdian. Abuztuaren 10an, larunbata, 20:00etan, Odietan, bi obra labur ikusteko aukera izango da: Amaia Elizaranen Block, eta LaRutanen Out of the blue II.
Abuztuaren 11, igandea, haurren eguna izango da, eta Donostiako Musika Hamabostaldiko bi saio izango dira. Goizean, 11:00etan, Maushausen Hitzak tailerra egingo da Oxforden. Tailer honetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da hemen. Arratsaldean, 18:00etan, Kantu kontariren Bertoko eta urrutiko ipuinak ipuin kontaketa musikatu saioa egingo da Mari kalean.