Ibai zabaleko estropadei buruz

Ibon GaztaƱazpi 2019ko uzt. 23a, 14:28

Pasa berrian den arraun jardunaldiko balorazioa egin du Ibon Gaztañazpi oriotarrak audio honetan. 

Urtero bezala, Sestaoko bandera heltzearekin batera entzun dugu nola den posible Portugaleten estropadak botatzea. Hura loteria dela eta estropada eremua legez kanpokoa dela. Ez nago konforme eta hara nire arrazoia: esan diezadatela kaleen artean diferentziarik ez dagoen itsasoko eremu bat. Zenbat txarragoa da, esaterako, Donostiako lehen kalea, ipar mendebaldeko itsasaldiarekin eta marea bizitan? Duela bi urte Kontxako bigarren egunean bezala. Edo Getxon, lehen kaletik zenbat aldiz ikusi duzue irabazten errepunparen erdian? Lekeition laugarrenetik, giro gallegoarekin? Zarautzen estropada jokatzen zen lekuan itsasaldi garaian surflariak egoten ziren bigarren kalean olatuak lehertuz, eta handik hogei metrora beste lagun surflariak geldirik. Axi Muniain ere gogoan dut Kontxako estropadan hirugarren kalean, olatu erraldoiak hartuz. Orioko barran ere, zenbait garaitan aparejoa bota eta korronteak beruna irentsi egiten du. Coruña, Santander, Hondarribia marea erdian ur bizitan... Asko esatea izango da akaso, baina nire ustez itsasoan errioan baino alde gehiago dago kaleen artean. Kontua da ibaian ikusi egiten direla korronteak, eta jokatzerako dakigula, herenegun bezala, zein kale den hobea eta zein kaskarragoa. Herenegun txarrak hiru eta lau eta onenak bi eta bat. Itsasoa, ordea, misterio hutsa da, eta besteak zioen moduan, gehien dakienak ez daki ezer.

Bestetik, ibai zabalean beste era bateko demak ikusten ditugu. Kaleak arauzkoak eta estuagoak dira, eta patroiak batetik bestera mugitzen dira, azeri, eta hauskor, korrontea saihesteko edo bilatzeko, zakur. Kirol legez ez dakit, ez naiz horretan sartuko, baina itsasoko legez jokatuz, bere kalean ondoko trainerua jo nahi duenak ere horretarako aukera izaten du. Halako estrategia zakurrezko estropadak gustatzen zaizkit. Arraunlariek eta patroiek ere zenbait garaitan oihu egiten dute, beste inon baino gertuago daudelako kontrarioak, eta aurkariek entzun diezaien. Ikusleek ere bertatik bertara estropadak beste inon baino hobeto ikusten dituzte.

Hirugarren arrazoia, historikoa. 1865ean ondarrutarrek irabazi zuten Euskal Herrian jokatu zen lehenbiziko bandera, eta harrezkero, arraunketaren tenplua izan da. Lasarte eta Orio, Kaiku eta Santurtzi, San Juan eta San Pedro, Castro eta Astillero, Urdaibai eta Hondarribia... auskalo zenbat gerren lekuko. Gogoan dut gure aitona zenak ere nolako solemnidadez aipatzen zuen Bilbaoko estropada. Azkenik, iruditzen zait ibai zabalean ere, normalean, onenek irabazten dutela. Lehengora etorriz, itsasoko proportzio berean, edo handiagoan.

Beste kontu bat da, ordea, urtean lau estropada jokatu behar ote diren goren mailakoak. Ur bizitan eta ez ur hiletan. Garai bateko ohitura onari eutsi gabe, marea orduaren punta errespetatu gabe. Baina hori beste upeleko sagardoa da, hemen kontua, euskaldun jator, gure buruaren aurka aritzea baita. Hori bai Eusko Labela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide