Pasajeko ontziaren lehen aipamenak oso antzinakoak dira: Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoaren arabera, 1578an emakumezko bat, Maria de Elola alarguna, arduratu zen txalupa zerbitzuaz, sei urterako (“ha tomado en renta el barco público del río de esta villa”[1]); Martínez Kleiserrek, berriz, 1585eko aipamen bat aurkitu zuen udal agirietan[2], eta harrezkero sarritan ageri dira dokumentu zaharretan ur gaineko zerbitzuaren berriak, batez ere nola edo zenbatean ematen zuten zerbitzua enkantean.
Ontzia hartzea herritarrentzat ez zen kapritxoa, beharra baizik, eta oso zerbitzu garrantzitsua zen zumaiarrentzat eta bidaiarientzat; izan ere, kostako errepidea (eta Zubiaundia) eraiki arte, txalupa hori zen garraiobide nagusia herritik ekialdera irteteko edo Getaria edo Artadi aldetik zetozenentzat, Urolaren itsasadarra zeharkatzeko. Ontziak Santiagoko hondartza eta Arbustain ingurua lotzen zituen, baina hori esatearekin batera, komeni zaigu orduko Zumaia imajinatzea: Santiago ia hondartza hutsa zen, Paolalde osoa padura, Amaiako plazan ura zegoen, moila ere urbanizatu gabe…
Txalupa udal ondasuna zen, eta Udal Artxiboan sarritan aipatzen da zaharkituta edo hondatuta zegoela eta berria egin beharra, baina orduan ere beste premia batzuek izango zuten lehentasuna, eta hoberik ezean, sarritan hondatuarekin moldatu behar izaten zuten; beste batzuetan, berriz, txalupariak berak jartzen zuen ontzia, eta horregatik ez zion ordaintzen Udalari zegokion kanona. Udal zerbitzua izanik, zenbaitetan herritarrentzat doakoa izan zen (eta urteko hainbestekoa ematen zion Udalak txalupariari), beste batzuetan kobratu egiten zieten herritarrei (pobreei eta militarrei izan ezik), tarifa desberdina izaten zen egunez eta gauez… Adibidez, 1865ean, Jose Zubia zen txaluparia; kontratua amaitu behar zitzaiola eta, berritzeko ordua iritsirik, kexu zen: “tenía algunas diferencias sobre la retribución con los vecinos de Artadi”; orduan, Udalak hau erabaki zuen hurrengo kontraturako: “que todo vecino tanto de esta villa y su jurisdicción, como forastero, pague al barquero por cada paso de la ría dos cuartos de día y cuatro de noche”[3]; urte batzuk geroagokoa, 1876koa, da beste aipamen hau: “Se trató sobre el paso de la Barca y se acordó era muy conveniente se formaran condiciones, y en su vista se sacaría a remate, debiendo pagar los forasteros por ida y vuelta medio real y los del casco de la población gratis, advirtiendo que los de Artadi, como es muy frecuente el paso, y además se dedican a la industria de la plaza debían ajustarse con los Barqueros”[4].
1877an, L. Louis Lande idazle frantsesak Trois mois de voyage dans le Pays Basque liburua argitaratu zuen. Landek egonaldi luzea egin zuen Euskal Herrian Bigarren Karlistaldiaren (1872-1876) ondorioak aztertzen, eta Zumaiatik ere pasatu zen. Gau ilunean iritsi zen Santiagora Getariatik, eta han, karabinero batek hauxe galdetu omen zion: “[Getariako emakumeak] Nola ez dizu, ba, esan herrira iritsi aurretik Urolaren itsasadar zabala aurkituko duzula, eta ez dagoela zubirik edo pasabiderik hiru legoatara ez bada, eta ordu honetan pasatzeaz arduratzen dena oheratuta dagoela, eta ez duela egiten zerbitzurik?”[5]; gaua hantxe pasatu zuen Landek, Santiagon, hondar gainean etzanda, eta goizean goiz hartu zuen txalupa: “Hurrengo egunean, bostetan, errioa pasatzeaz arduratzen zenak ontzian eraman ninduen eta Zumaiako moilan ezarri nintzen, ibaiaren beste aldean”[6]. Txalupariak ederki zaintzen zituen herriko sarrera-irteerak, zein joan zen nora edo zein etorri zen nondik zertara; adibidez, 1813an, epaiketa batean, hauxe deklaratu zuen Udaleko probestuak (alkatearen aginduak betearazten zituenak), Artadiko Gorostiaga baserrian bizi zen Ibargurenen arrastoaren atzetik: “y se informase del barquero si dicho Ibarguren había pasado el barco hacia la parte de allá de esta villa, y habiéndolo hecho y cercionadose [sic.] el de ponente [sic.] en que sí, volvió a esta sala y les hizo presente que Ibarguren havía [sic.] pasado efectivamente en el barco al otro lado de la Ría”[7].
Garai batean, belaontziak nagusi zirenean, atoian laguntzen zieten txalupek portura sartzen eta portutik irteten, sokari tiraka, arraunean. Txalupa hau belaontzi baten bila doa, barraren irteeran (argazkia: Ricardo Ascunce).
Urte luzez, zubiatarrak (Mari ospetsuaren senideak) arduratu ziren txalupa zerbitzuaz, eta enkantean emateko, Udalak beste subastetan bezala jokatzen zuen: hasierako kopuru bat ezarri eta subastarako hitzordua jarri; egun horretan, kandela bat piztu eta suak irauten zuen bitartean zegoen aukera pujatzeko; zenbatean ematen zuten? Urte batetik bestera bazegoen aldea, bazegoenez: 1876an, Manuel Zubiak eskuratu zuen zerbitzua, 560 errealetan; 1877an, berriz, Pedro Txapartegik, 1.660 errealetan; 1878an Manuek Aldazek, 200 errealetan… 1885ean eraiki zuten Zubiaundia, eta horrek hondoratu zuen pasajeko ontzia. Une hartan, bi ontzi zeuzkan Udalak, eta Pasaiara saldu zituzten: “El concejal Don Bibiano Olaizola hace presente, que desde Pasages había tenido aviso del ofrecimiento de ciento cincuenta pesetas por las dos barcas propiedad de esta villa, y se acordó cederlas por dicha cantidad”[8].
Zerbitzua kendu egin zuten, beraz, baina herritarrek jarraitu zuten Santiagorako joan-etorriak egiten. XX. mendearen erdialdean, manterolatarrak aritu ziren Izaro txaletaren pareko eskaileretatik ibaiaren bestaldeko eskaileretara jendea eramaten eta ekartzen: Joakin, hasieran; Jakob, tarteka; eta azkenaldian Migelek bidaia asko egin zituen errioa zeharkatzen.
2019an, bi txalupa dabilzkigu ibaian, atzera-aurrera: bata, Moilatik Santiagoko pantalanera; bestea, Moilatik Sarauneko zabalgunera. Baina garai batean bezala, pasatu orduko desagertu egiten da horien ubera, eta ez zaigu geratzen arrastorik uretan.
[1] AZPIAZU ELORZA, José Antonio: “Las mujeres vascas y el mar”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 8, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia, 2016, 818. or.
[2] MATÍNEZ KLEISER, Luis: La Villa Villagrana de Zumaya, Voluntad, Madril, 1923, 153. or.
[3] Zumaiako Udal Artxiboa, 1865-02-09, 73.01.
[4] Zumaiako Udal Artxiboa, 1876-08-26, 73.02-33v
[5] Trois mois de voyage dans le Pays Basque, Martín de Anguiozarren itzulpena, RIEV, 1930, 110. or.
[6] Trois mois de voyage dans le Pays Basque, Martín de Anguiozarren itzulpena, RIEV, 1930, 111. or.
[7] Zumaiako Udal Artxiboa, 1813-05-10, 223.02-38v.
[8] Zumaiako Udal Artxiboa, 1885-07-09, 2823-111.