Oinak lurrean, begirada zeruan

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2019ko urr. 17a, 09:03

2018. urtean ehun urte bete dira Gipuzkoako eta Bizkaiko lehen ornitologia katalogoa egin zela, eta zerrenda hori Julian Aldaz zumaiarraren lana izan zen. Mende erdi bat geroago Aranzadi Elkarteko Alfredo Novalek lan hura errebisatu, garaiko errolda idatzi eta Munibe aldizkarian argitaratu zuen. Gizaldi batzuk igarota, beraz, momentu ona izan daiteke behatzaile haien lana gogoratzeko, eta inguruko zenbait hegaztik izandako bilakaerari erreparatzeko.

Eusebio Julian Aldaz Emazabel Zumaian jaio zen 1861ean, eta, anaia Jose Cayetano bikiarekin batera, lau anai-arrebaren artean bigarrena zen. 2015ko martxoan Pello Etxabek Baleiken argitaratu bezala, musika irakaslea eta orkestra zuzendaria izan zen eta XX. mendearen hasieran Zumaiako Udalean zinegotzi lanetan ere ibili zen.

Dena den, hona ekartzeko arrazoia oso bestelakoa da. Izan ere, 1918an Catálogo de aves observadas en Guipúzcoa y Vizcaya idatzi zuen, Real Sociedad Española de Historia Natural izeneko erakundearen oroitza txostenetan. Katalogokoa hegazti zerrenda luzea da, 287 espeziekoa, eta Zumaia erdigunean kokatu eta legoa eta erdian (zortzi bat kilometro) ikusitakoak izartxo batekin adierazita ageri dira. Katalogoa ehizatutako animalien lista bat da, baina Aldazek testuaren lehen lerroetan argi eta garbi azpimarratzen du asmo zientifikoa, Natur Zientzietan egin nahi duen ekarpena aitortu, eta beste ikertzaile batzuen akuilua izan nahiko lukeela nabarmentzen baitu.

Aldazen liburuaren azala

Zumaiako ingurune hurbiletan 210 hegazti deskribatu zituen Aldazek, euren maiztasuna, indarrean zeuden legeen arabera nekazaritzarako kaltegarria edo onuragarria zen, eta izenak aipatuta, baita euskal izenak ere. Azken horiek J. Francisco Aizkibelen Diccionario Vasco-Español lanean, Pedro Novia de Salcedoren Diccionario Etimológico del Idioma Vascongado liburuan eta tokiko izenetan oinarrituta daude. Era berean, Aldazek berak hala aitortuta, izen batzuk berak itzulitakoak dira.

Noval, Aldazen lanaren orraztailea

Alfredo Noval Xixonen jaio zen 1929an, eta lanbidez aduanazaina izan zen. Txorizale amorratua, besteak beste, Sociedad Española de Ornitología eta British Trust of Ornitology izeneko elkarteetako kidea zen, eta 1972an Asociación de Amigos de la Naturaleza Asturiana natur taldearen sortzaileetako bat ere izan zen. 1967an Novalek Julian Aldazen eginiko lanak berrikusi zituen, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe aldizkarian Estudio de la avifauna de Guipúzcoa delako ikerketa argitaratu zuen.

Ikerlana egiterakoan, Novalek metodologia zorrotzagoa erabili zuen, eta Aldazek aztertutako eremu berbera arakatu zuen; hala, Artadi, Bedua, Andikara, Aizarna edo Meaga aipatzen dira naturazale asturiarrak idatzitako txostenean. Hala ere, Novalek onartzen du bi azterlanak ez direla guztiz konparagarriak, ikertzeko teknikak eta gaiaren inguruko ezagutzak ez baitira berdinak. Horrez gain, ornitologoak hegaztien bizitokiaren egoeraren aldaketak ere azpimarratzen ditu, pagadiak, hariztiak edo artadiak ia desagertutzat jotzen baititu, pinudien mesedetan.

Lanotan, Telesforo de Aranzadik 1961ean bildutako hegaztien euskal izenak erabili zituen ikertzaileak, baita Domingo de Epalzak zuzenean proposatutakoak ere.

100 urte pasatu eta gero, halako ahaleginik ez

Aldazek bere katalogoa argitaratu eta mende bat geroago hegaztiak behatzeko baliabide teknikoak egokiagoak dira, eta haiek ikertzeko metodologia zehatzagoa da. Gainera, zale gehiagok pasatzen du bere denbora teleskopioaren atzean, geldi-geldirik, padura, baso eta belardiei so. Hala eta guztiz ere, XX. mendearen bukaeran Itsas Enara elkarteak Gipuzkoako urtekari ornitologikoa argitaratzeari utzi zionez geroztik, Zumaiako txoriei buruzko halako lan zabalik ez da egin.

Artikulu honek jakin-mina piztea du helburu, eta hain lantegi nekosoari ez dio helduko. Horregatik, bisitari hegaldun gutxi batzuk adibide hartuta, Zumaiako hegaztiek izandako gorabeherak erakusten saiatuko gara. Txori batzuk oso erraz ikusiko dituzue errioko bazterretan; beste batzuk, berriz, inguruotan bizirauteko egoskorkeriaren eredua dira. Parentesi artean, Julian Aldazek jasotako euskal izena ageri da, hark idatzita bezala.

Antxeta mokogorria (Kayocho aotzigorria)

 

Gure inguruan ikus daitezkeen ohiko kaioetik txikiena da. Ez mokoa bakarrik, hankak ere gorriak ditu. Ugalketa garaian buruko lumak txokolate kolorekoak izan ohi ditu.

Aldazen sasoian ez bezala, gaur egun oso arrunta da, batez ere migratzeko garaian. Novalek pasean aipatzen du, baina gaur egun negua hemen igarotzen du. Euskal Herrian ez da ugalketarik aipatu.

Ubarroia (Itsasbelea)

 

Hegazti handia da, eta, papar zuria izan ezik, beltz kolorekoa. Lehorrean baldarra, ur azpian harrapakari trebea da. Sarritan, haitzetan edo adarretan egoten da, hegoak zabalduta, lumajea lehor dadin.

Txori honen bilakaera ulertzea ez da erraza. Izan ere, Aldazen arabera, duela ehun urte oso arrunta zen, eta urte osoa pasatzen zuen inguruotan. XX. mendearen erdialdean, berriz, udazkeneko pasean ugaria, neguan apenas ikusten omen zen. Alabaina, 80ko hamarkadatik oso arrunta zaigu bai neguan, baita pase garaietan ere. Inoiz ugaldu izan da Euskal Herrian.

Garaiko legearen arabera, Aldazek kaltegarria dela dio; eta, harrigarria bada ere, argudio zientifikorik azaldu gabe –ibaietako arrantzaleen jomuga– mende bat igarota ere ezin izan du ospe beltza gainetik kendu, arrain gehiegi harrapatzen omen baitu.

Koartzatxo txikia

 

Lumaje zuri-zuria dauka, hanka beltz luzeak eta behatz horiak ditu. Adi!, inguruan ganaduari lotuta bizi den koartzatxo itzainetik bereizteko ezaugarri horiei guztiei erreparatu beharra dago eta.

Aldazek eta Novalek ez dute hegazti hau aipatzen, baina gaur egun pasean arrunta da eta ale kopurua nabarmen hazi da; udazkenean bereziki. Negua ere gure artean igarotzen du. Azken urteotan habiak egiaztatu izan dira Arabako urtegietan eta Txingudin.

Basahatea (Ugalea, Ugata)

 

Inguruko ahaterik arruntena da, zalantzarik gabe. Hegaletan nabarmena du urdin koloreko gunea (ispilua) eta hortik datorkio gaztelaniazko izena: azulón. Harraren burua berde kolorekoa da, distiratsua.

1918an neguko bisitaria zena, habia gutxi batzuk egiten omen zituen Alfredo Novalaren garaian. Aldiz, egun oso hegazti arrunta da ibaietan, urtegietan eta zenbait parketako urmaeletan. Zumaian erraz ikusten dira heldu zein txitak osatutako kohorteak, ibaiertzetik ogia edo litxarreriaren bat botako dion jendearen enkontrura bidean.

Txirritxo txikia (Lepandedun ibaichori chikia)

 

Txori txiki hau oso ondo kamuflatzen da, eta habia egiteko hondar, hartxintxar edo harri bankuak ditu gustuko. Kopetaldea zuria dauka, beltz koloreko maskara batez inguratuta, eta begi inguruan eraztun hori bat du.

Aldazek pasean ikusten zituen, eta Novalek habiagile urria izan zitekeela aipatu zuen. Kirol portuak lokatzak irentsi zituenetik bizimodu latza dute txirritxo eta enparauek. Zumaiako paraje horien inguruan habia egin ohi duen limoetako hegazti bakarra da, eta urtez urte saltoka ari da arrautzak jartzeko toki egokiaren bila. Hala, Santiagoko Jardineroetxearen ondoko harritzan saiatu eta aparkalekua egin zuten; GKN enpresaren aldameneko futbol zelai izandako gunera joan, eta han ere makinak sartu dira; Santiagoko paduran ere ezin, hesiak zeharkatzen dituzten jende eta txakur andana dela medio.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide