Askotariko egitaraua osatu dute Zumaiako Udalak eta herriko zenbait eragilek Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Bihar hasi eta abenduaren 2ra arte, ikus-entzunezkoen emanaldiak, erakusketak, tailerrak, performanceak zein kontzertuak izango dira. Gaur aurkeztu dute Zumaiako Udalak herriko eragileekin batera ondutako egitaraua. Bertan izan dira Udaleko Berdintasun Saileko kideak, udal gobernuko kideak, EAJko udal ordezkariak, Maider Alberdi Berdintasun zinegotzia, eta ondorengo elkarteetako ordezkariak: Zumaiako Insitutua, Herri Eskola, Zumaiena,Soldadura Eskola, Berritzegunea, Aldarte, Udal Musika Banda, eta Emakumeon* Etxea, Malen Etxea, Berdintasun Foroa eta Mugimendu Feminista.
"Indarkeria matxistatik libre" egongo den gizartea eraikitzearekin Udalean duten konpromisoa eta betebeharra aipatu ditu Alberdik. Haren hitzetan, "lehentasunezko konpromiso politikoa" da indarkeria horren adierazpen guztien kontrako borrokan lanean jarraitzea.
Bat eginda, indarkeria matxistaren aurka
Herriko eragileek beren alea jarri dute indarkeria matxistaren aurkako jarduerak antolatzen. Aldarte gay, lesbiana eta transexualen arreta zentroak, esaterako, OSGI gorroto delituei buruzko dokumentala eskainiko du bihar. Aldarteko kideek azaldu dutenez, LGTBI+ kolektiboko kideek jasaten duten indarkeria izango dute hizketagai.
Eskolek, aldiz, giza-katea egingo dute azaroaren 25ean, Tratu ona guztiona lelo hartuta. Eskualde osoko heziguneekin batera eta Hezkidetza Foroaren barruan antolatu dute ekintza (hezkidetzaren eremuan elkarrekin, herri desberdinek eta herri bakoitzean udalak eta ikastetxe desberdinen arteko erakundea da Hezkidetza Foroa).
Malen Etxea emakume migranteen elkarteak etxeko langileen egoeran jarriko du fokua. Elkarteko kideek performance batekin salatuko dute indarkeria matxista. Horrez gain, elkartearen historia laburbiltzen duen eta Maitane Subijanak zuzendu duen Malen Etxea dokumentalaren proiekzioa ere antolatu dute.
Iazko dinamikatik abiatu dira mugimendu feministako kideak aurtengoari heltzeko. Hain zuzen ere, iaz jasotako testigantzetatik osatze prozesu bateranzko jauzia egingo dute. Zumaiako bederatzi emakume artistak ahalduntzea eta osatze feminista gai hartuta sortu dituzten lanak bilduko dituen erakusketa antolatu dute. Azaroaren 21ean zabalduko dute, osteguna, eta abenduaren 8an itxi. Emakumeon* Etxearekin elkarlanean antolatuta, umoretik estereotipoak hautsi nahi dituen Erradikalak ginen saioa ere izango da azaroaren 29an.
Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzen
Indarkeria matxistaren kasuak izan ditu hizketagai Alberdik: 2019an indarkeria matxistaren 5 kasuren berri izan dute, eta 2018ko 3 kasu artatu dituzte. Datu horiek eman arren, kasu bakarra asko litzatekela nabarmendu dute Udaletik. "Jakin badakigu kasu gehiago daudela, baina kasu guztiak ez dira instituzioetara iristen", gaineratu du Alberdik.
Erasotzailearen eta erasotuaren arteko harremana ere aztertu nahi izan dute. Kasu guztietan, ezkontidea, bikotea edo ezkontide ohia izan dira erasotzaileak. Gatazkaren garrantziaren erakusle dira datuok, Alberdiren hitzetan: "Emakumeok indarkeria gehienak etxean eta gertugoengandik jasotzen ditugu". Emandako datuetatik batek jaso du indarkeria fisikoa soilik, eta lauk indarkeria fisikoa eta psikologikoa. Gainera, bost kasu horietatik hiru izan dira salaketa jarri dutenak. "Datu horrek adierazten digu eremu judiziala eta poliziala ez direla behar adina konfiantzaz bizi", nabarmendu dute. Datuok Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez jasotakoak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, sei izan dira kasuak, baina ez dute kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik.
Indarkeria matxistaren egiturazko izaera gogora ekartzeko baliatu du Alberdik. Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio direla nabarmendu du. Indarkeria matxista izeberg baten antzekoa da, Alberdiren arabera: "Erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeok bizi behar ditugun mila eraso ezberdinek osatzen dute".
Indarkeria matxistari aurre egitea "denon ardura" dela nabarmendu dute Udaletik. "Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da". Azaroaren 25aren harira izango diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, baita mugimendu feministak egun horretan bertan egingo duen elkarretaratzera ere.
Egitaraua
Azaroak 19, asteartea · 18:00etan, Alondegiko Oxford aretoan.
OSGI gorroto delituei buruzko dokumentala (gazteleraz) eta solasaldia (elebitan). Aldarte zentroaren eskutik.
Azaroak 21-abenduak 8 · Alondegian
Kontatu·Osatu erakusketa. Zumaiako Mugimendu Feministak antolatuta.
Azaroak 22, ostirala · 19:00etan Kofradian
OCP & ZUMB banden kontzertua. Zumaiako Udal Musika Bandak antolatuta.
Azaroak 24, igandea · 12:00etan
Performancea: "Camino de las flores (desfile de novias)"
Azaroak 25, astelehena
- 11:00etan Zumaiako eskolen giza katea Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita. Hezkidetza Foroak antolatuta.
- 19:00etan elkarretaratzea Saregileen plazan, Mugimendu Feministak deituta.
Azaroak 28, osteguna
BERDINTASUNERAKO GUNEA (Emakunderen autobusean), Eusebio Gurrutxaga plazan
- Goizean eskolekin tailerrak.
- 18:00etan dokumentala: Malen Etxea.
Azaroak 29, ostirala
BERDINTASUNERAKO GUNEA (Emakunderen autobusean), Eusebio Gurrutxaga plazan
- 10:00etan Lanbide Hastapeneko ikasleekin tailerra.
- 18:00etan "Klimática, la lucha de las mujeres de Puerto Rico", Malen Etxeak antolatuta.
- 20:00etan Erradikalak ginen emanaldia Oxforden, Mugimendu Feministak eta Emakumeon* Etxeak deituta.
Abenduak 2, astelehena
BERDINTASUNERAKO GUNEA (Emakunderen autobusean), Eusebio Gurrutxaga plazan
- Goizean eskolekin tailerrak