Gorka Iribar: "Gertatzen ari dena erakusten digutena baino larriagoa dela iruditzen zait"

Juan Luis Romatet 2020ko ots. 7a, 14:00

Duela hiru urtetik Shangaien bizi da Gorka Iribar. Mondragon Korporazioaren parte den enpresa batek eskaini zion lana bertan, eta bikotekidearekin erabaki zuen baiezkoa ematea. Shangaiko bizitzaz, koronabirusaz eta sortu den alarma sozialaz aritu da Iribar Baleikerekin.

Noiztik bizi zara Shangaien?

2017ko urrian pentsatu nuen lehengo lana uztea. Beti nahi izan dut kanpora joan. Mondragon Korporazioaren parte den enpresa batekin sortu zitzaidan aukera, eta hartu egin zidaten. Bikotekidearekin hitz egin nuen, eta joateko erabakia hartu genuen biok. Bera lanik gabe zegoen hasiera batean, baina nik lan egiten dudan parkean bertan lortu zuen lana gero, beste kooperatiba batean. 

Ingeniaritza ikasi nuen, eta hango enpresako erosketen sailaren ardura izan nuen hasiera batean lanean. Orain proiektuen arduraduna naiz. Josebek, aldiz, finantzetan egiten du lan. 

Ezberdina izango da Shangai hemengo eguneroko bizitzarekin alderatuta. 

Hasieran askok galdetzen zidaten ea nora nindoan. Txinako hiri bat izan arren, ez du Txina izateko itxurarik. Denetik dago han. 

Hiri garbia da, kaleak txukunak dira, metroa ondo dago, munduko txoko guztietako jatetxeak daude… 

Orain bestelako irudiak ikusten ditugu komunikabideetan. Kale hutsak, esaterako. 

Nire hango lagunen arabera, Txinako gobernuak beldur handia sartu die herritarrei, eta etxean daude guztiak. 

Nola izan zenuten koronabirusaren berri?

Urtarrilaren 24an etorri ginen hona, eta aste horretan bertan izan genuen koronabirusaren berri. Gobernuak abisua eman zuen, jendea maskarak janzten hasi zen… eta egoerak asko egin zuen okerrera egun gutxian. Hona iritsi ginenean ohartu ginen larria zela. Oso azkar gertatu zen dena.

Hasiera batean ezkutatzen ibili direla dirudi, baina eskutatik ihes egin die kontuak. 

Nire lankideak esaten zidan ez zela normala. Abenduaren amaieran kasu dezente zeuden Wuhanen, baina ez zituzten publiko egin urtarrilaren 20ra arte. Ez da gobernu gardena. 

Publiko egin badute, gaixoen eta hildakoen kopurua ezagutzen duguna baino altuagoa dela esaten duenik ere bada Shangaien. 

Zein da koronabirusaren jatorria?

Wuhanen merkatu bat omen dago, oso handia, animalia basatiekin. Bertan saldu, hil eta jaten dituzte. Sugeak, saguzaharrak, txakurrak… esaten dute suge batengandik datorrela guztia. 

Zein neurri hartu zituzten hasieran?

Gu joan ginenean zabaldu gabe zegoen alarma hori. Gerora, gobernuak hartu beharreko neurrien berri eman zuen. Maskarak janztea, eskuak garbitzea, eta norbaitek doministiku eginez gero, ez gerturatzea izan ziren neurri horietako batzuk. Orain etxean geratzeko aholkatzen dute. 

Oporretan etorri zarete Zumaiara. 

Bai, ez gara koronabirusaren kontuagatik etorri. Gabonetan nire lan proiektu bategatik geratzea erabaki genuen, eta gero bi aste hona etortzea. Jokaldia primeran atera zaigu egia esan… 

Itzul zaitezkete orain?

Bai, baina ezin dugu lanik egin. Dena dago itxita. Ez dugu itzultzeko beldurrik, baina ez da gozoa egunero maskara jantzita ibili behar izatea. 

Zer esaten dizuete han daudenek?

Oraindik hegaldia hartu gabe daukagu, eta oraindik hemen lasai egoteko esaten digute. Printzipioz, dena itxita dago hilaren 10era arte. Egunero jasotzen ditut hango berriak lankideen aldetik. 

Shangaien 40 dira dagoeneko hildakoak, baina kontuan izan behar da 23 milioi biztanle dituela. 

Alarma sozial handia sortu da guztira 300 hildako egoteko.

Arraroa da. Batzuk diote gobernuaren asmakeria bat dela, adineko biztanleria txikitzeko. Beste batzuk, laborategietan sortutako arma bat dela, baina eskuetatik ihes egin dietela. 

Eta zuek zer pentsatzen duzue?
Nik ez dut lehen aipatutako teoria horietan sinesten, baina arraroa da. Gertatzen ari dena erakusten digutena baino larriagoa dela iruditzen zait, eta ezkutatzen ari zaizkigula. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide