Herri kazetaritza azken 30 urteotan
-Duela 30 bat urte hasi ziren sortzen, herriz herri, euskarazko hainbat komunikabide. Gaur egun, zorionez, herri askok dute euskarazko komunikabide propioa. Zumaiak ere badu bertan sortutako komunikabidea: Baleike.
-Data batzuk ikasi behar izan dituzue euskarazko prentsaren historia aztertu duzuenean... Nik bakarra jarriko dizuet hemen: 1994ko ekaina. Data horretan argitaratu zen lehen Baleike aldizkaria. Duela ia 27 urte.
-Gazte koadrila batek sortu genuen Baleike. Herriko gazteen artean bazegoen kezka, herriko informazio gehiena gaztelaniaz zelako eta ez zegoelako gazteentzako komunikabiderik. Beraz, geuk egitea erabaki genuen.
-Orduan ez zegoen Internet, ez zegoen mugikorrik, ordenagailuak ere ez ziren gaur egun bezalakoak... Lehen aldizkariak Zumaiako Institutuko informatika gelan maketatu genituen.
-Lehen Baleike haietan gazteen intereseko gaiak lantzen genituen: ingurumena, sexualitatea, antimilitarismoa, gaztedia... Baina pixkanaka Baleike herri osoari zuzendutako komunikabidea bihurtu zen.
-2000ko hamarkadaren hasieran –zuek artean jaio gabe zineten– , Internet bidez kazetaritza egiteko aukera sortu zitzaigun. Hilean behin argitaratzen genuen aldizkariaz gain, sortu genuen baleike.com (gaur egun baleike.eus) egunero Zumaian gertatzen ziren albisteen berri emateko eta herritarrek beraien iritziak plazaratzeko. Pentsatu ze aldaketa: hilean behin aldizkaria argitaratzetik, egunero egunero albisteak argitaratzera. Urtean 352 orri sortzetik, 3.300 sortzera. Ia hamar aldiz gehiago!
-Baleike bezala herriz herri sortutako komunikabideak elkarlanean ere aritzen dira, zorionez. Urola Kostan, adibidez, Urola Kostako Hitza egunkaria sortu genuen denon artean. Euskal Herri mailan, Tokikom izeneko elkarte batean bildu gara, bat eginda gaitasun handiagoa daukagulako gauza berriak egiteko. Pentsatu behar duzue gure herrietako komunikabideetako lan taldeak oso txikiak direla: batzutan lagun bat edo bi, hiruzpalau asko jota.
-Hori dela eta, duela bi urte Urolako Komunikazio Taldea sortu genuen inguruko herrietako beste komunikabideekin batera. Talde handiago bat osatu dugu, denon artean gure komunikabideak hobeto kudeatzeko eta bide berriak jorratzeko. Beraz, orain Baleike UKT kooperatibako parte da, Orioko Karkara, Azpeitiko Uztarria, Azkoitiko Maxixatzen, Urola Kostako Hitza, Zarauzko Hitza eta Erlo Telebistarekin batera.
-Kontuan izan behar duzue 30 urte hauetan ikaragarri aldatu dela komunikabideen mundua. Baleike sortu zenean, paperezko prentsa zen, hilean behin kaleratzen zen aldizkaria. Baina gero Internet etorri zen, mugikorrak, argazki kamera digitalak, ordenagailu modernoak, sare sozialak... eta komunikabideak multimedia bilakatu dira: papera, webguneak, bideoak... Denetik egiten dugu.
Kazetaritzaren oinarriak
-Kazetariaren oinarrizko lana da gertaeren berri ematea. Baina gertaera guztien berri? Ez, dena ez da albiste. Gertaera bat albiste bihurtuko du kazetariak, informazio horrek interes publikoa duenean, informazio berria denean. Hori Zumaiara ekarrita, Baleikeren lana da zumaiarren intereseko gertaeren berri ematea. Eta lan hori oso garrantzitsua da, herritarrak informatuta egon daitezen.
-Baina gertaera baten berri ematea, besterik gabe, nahikoa da kazetariak bere lana ondo egiteko? Kazetariak baditu oinarrizko betebehar batzuk informazioa publiko egin aurretik:
-Informazio hori interesekoa dela baloratu behar du. “Gaur ikasleak eskolara etorri dira”, hor ez dago ezer ezohikoa, ez dago ezer berririk, ez dago gatazkarik, ez dauka aparteko interesik. Albistea izango da “Gaur ikasleak ez dira eskolara etorri”, baldin eta eskola eguna bada.
-Ziurtatu behar du informazio hori egiazkoa dela. Imajinatu: “norbaitek esan dit beste norbaitek esan diola gaur ikasleak ez direla eskolara joan”. Horrek ziurtasun gutxi ematen du. Zuek whatsappen agian jar dezakezue, baina kazetariak ezin du hori argitaratu. Zer egin beharko du? Informazioa kontrastatu. Zer da hori? Kasu honetan, nahikoa izango du eskolara deitu eta zuzendaritzako norbaitekin hitz eginda. Hark esango dio ikasleak eskolara joan diren edo ez.
Baina beste kasu askotan, gutxienez bi edo hiru iturri ezberdinetan konfirmatu beharko du iritsi zaion informazioa egiazkoa dela.
-Informazio ahalik eta osoena eman behar du. Saiatu behar du galdera hauei erantzuten: Zer gertatu da? Nork egin du edo nor da protagonista? Nola gertatu da? Noiz eta non? Eta zergatik gertatu da?
-Oso garrantzitsua da ikuspegi etikoa, zintzotasunez jokatzea eta albistea argitaratu aurretik zenbait galdera egitea bere buruari. Adibidez, informazio hau argitaratzeak nori egiten dio mesede? Eta nori egiten dio kalte? Mesede edo kalte hori justifikatuta al dago? Ematen ditudan datu guztiak beharrezkoak al dira? Istripu bat gertatu bada, beharrekoa al da hildakoaren argazkia ateratzea?
-Kazetaria gertakariaren lekuko izan daiteke eta kasu horietan informazio asko lehen eskutik jasoko du.
Baina normalean ez da hala izaten. Beraz, beste informazio iturri batzuk behar ditu informazioa lortzeko. Hori da kazetariaren funtseko lanetako bat: informazio iturri onak lortzea.
Laburbilduz, kazetariak gertaera baten albistea argitaratu aurretik:
-Interesekoa dela baloratu behar du.
-Egiazkoa dela kontrastatu behar du.
-Ahalik eta informazio osoena lortu behar du.
-Albiste horren ondorioak neurtu behar ditu.
Bakarrik kontu bat gehiago honen inguruan: zer gertatu den kontatzea bezain garrantzitsua da zergatik gertatu den kontatzea. Garrantzitsua da herritarrek jakitea zabortegi bat autopistaren gainera amildu dela, baina are garrantzitsuagoa da azaltzea zergatik gertatu den hori, berriro gertatu ez dadin.
Hau guztia beharrezkoa da kazetariaren lanean, horiek beteta lortzen du sinesgarritasuna. Sinesgarritasuna da kazetaritzaren altxorra: kazetariak argitaratzen duena sinesten du irakurleak, badakielako pauso horiek denak egin dituela argitaratu aurretik. Hor kale eginez gero, akabo.
Nola egiten du lan kazetariak?
Kazetariek normalean komunikabideetan egiten dute lan, talde lanean antolatuta. Badaude komunikabide oso handiak, milaka langile dauzkatenak ;eta bagaude beste batzuk oso txikiak, bizpahiru lagun dauzkagunak. Badaude telebista kateak, irratiak, egunkariak, Interneteko komunikabideak, eta bakoitzak du lana antolatzeko bere modu propioa. Baina guzti-guztietan oinarrian dago aurrez aipatu dizkizuedan kazetaritzaren printzipioak. Horiek ez dira aldatu: hala zen duela ehun urte eta hala izango da ehun urte barru.
Orohar, erredakziotan antolatzen dira kazetariak. Lan taldeko arduradunak daude, maila ezberdinetan: zuzendaria, erredaktoreburua, erredaktorea, argazkilaria, kameralaria, diseinatzailea... Bakoitzak du bere funtzioa eta denek egin behar dute lan modu antolatuan egunkaria edo telebistako saioa garaiz iritsi dadin irakurle edo ikusleengana.
Baleikeren kasuan, talde oso txikia daukagunez, tokatzen zaigu pixkat denetik egitea: albisteak idatzi, bideoak grabatu eta editatu, argazkiak egin... Eta gaiak ere denetatik lantzen dugu. Komunikabide handietan kazetariak espezializatu egiten dira gai jakin batean: politika gaiak, Realaren informazioa, berdintasuna, musika... Guk denetik egiten dugu: egun batean herri lasterketa eta hurrengoan antzerki bati buruz... Baina guk ere gure lana modu antolatuan egiten dugu. Astero biltzen gara jorratuko ditugun intereseko gaiak zein izan daitezkeen erabakitzeko, lanak banatzeko eta abar.
Herriko komunikabidea izateak baditu berezitasun batzuk komunikabide handiagoekin alderatuta. Nabarmenena, gertaeretako protagonistengandik oso gertu gaudela. Askotan gure lagunak, senideak edo bizilagunak dira gertaerako protagonistak.
Horrek baditu bere alde onak eta bere zailtasunak. Ona da, informazioa lehen eskutik jaso dezakezulako, harreman estua sor daitekeelako eta konfiantza handia izaten duelako jendeak herriko kazetariarengan, bertakoa eta gertuko delako. Baina zaila ere bada, batzutan albiste txarrak kontatzea tokatzen delako, eta zure lagun edo bizilagun bati buruz informatzea gertaera txar bat denean ez da batere erraza. Eta haserretu ere egiten da jendea, eta gero segurunez kalean edo dendan egingo duzu topo berekin...
Baina, orokorrean, oso esker onekoa da herriko kazetaritza. Zure lanaren emaitza oso erraz neurtu dezakezu. Albiste bat ondo landu baduzu edo elkarrizketa eder bat egin baduzu, jendeak zuzenean esaten dizu eta hori ederra da. Ikusten duzu zure lanari esker herritarrak informatuta daudela eta informazioa ezinbestekoa da gero erabaki zuzenak hartzeko, gizartea hobetzeko. Hori da gure lanbidearen muinean dagoena, azken batean.
Zerbitzu publikoa
Ez dut bukatu nahi esan gabe pandemia egoera honetan inoiz baino nabarmenago ikusi dela jendeak herriko komunikabideak behar dituela. Akordatuko zarete nola duela urtebete etxean sartuta egon ginen, martxotik ia uda arte. Egoera larri hartan jendeak jakin nahi zuen zer gertatzen ari zen herrian, jendea gaixo zegoen edo ez, zer neurri hartu behar ziren, kalera atera zitekeen edo ez... Zerbitzu hori oso garrantzitsua da jendearen eguneroko bizitzan, eta hori zumaiarrei Baleikek eman zien. Eta ez bakarrik informazioa. Entretenimendua ere momentu gogorretan. Herritar piloak bidali zizkigun bere bideoak etxean musika jotzen, eskulanak egiten edo dena delakoa, denok entretenitzeko. Eta akordatuko zarete santelmoak ere ospatu genituela nola edo hala, orduan ere Baleike bezalako komunikabide bat izateak lagundu zuen denok elkarrengandik gertuago egoteko.
Galderen txanda!