Urola Kostan, gutxienez, 24 dira koronabirusak jotako herritarrak

Baleike 2020ko mar. 23a, 14:18

Azken 24 orduetan beste bi kasu baieztatu dituzte eskualdean, bata Zarautzen eta bestea Azkoitian. Zarautzen daude gaixo gehien, hemezortzi; Getarian eta Azkoitian, bina; eta Azpeitian eta Zumaian, bana.

Tantaka bada ere, hazten ari da Urola Kostan koronabirusa duten herritarren kopurua. Azken 24 orduetan beste bi kasu baieztatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak: bat Zarautzen eta bestea Azkoitian. Horiekin, dagoeneko 24 dira eskualdeko herrietan egiaztatu dituzten kasuak. COVID-19a duten gaixo gehien Zarautzen daude, hemezortzi; Getarian eta Azkoitian bina daude; eta Azpeitian eta Zumaian bana dago. Baieztatutako kasuak horiek diren arren, gehiago izan daitezke gaixorik dauden herritarrak.

Urola Kostan ez ezik, Euskal Herrian ere geroz eta gehiago dira koronabirusak jotako herritarrak. Azken 24 orduetan beste 411 kasu baieztatu dituzte eta, guztira, 3.310 dira gaixoak. Gaitzak hil dituen herritarrak, berriz, 145 dira dagoeneko. Horietatik 33, azken 24 orduetan zendu dira. Hego Euskal Herrian, gaixorik dauden 1.344 herritar daude ospitaleratuta eta 290 lagun sendatu dira.

Datuak herrialdeka aztertuz gero, ikus daiteke joerak aldatzen ari direla. Orain arte Araban zeuden gaitzak jotako herritar gehien (1.009), baina Bizkaiak aurrea hartu dio (1.032). Nafarroan ere asko hazi da kopurua azken egunotan, eta dagoeneko 886 dira kutsatuak. Gipuzkoan, berriz, 380 lagun daude gaitzak jota. Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 32 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez hamahiru eri badirela. Gainera, duela egun batzuk gaitzak jotako zuberotar bat hil zen Paueko erietxean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgaren arabera, koronabirusa atzemateko 7.047 proba egin dituzte orain arte. Horietatik 800, atzo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide