Kauldi Odriozola: "Ez dakigu jokatuko ote dugun, baina entrenatzen jarraitzen dugu badaezpada"

Baleike 2020ko api. 1a, 15:30

"Gogorra" egiten ari zaio Kauldi Odriozola Bidasoa-Irungo eskubaloi jokalariari itxialdia. Ez daki Asobal ligak aurrera jarraituko duen ala ez, eta entrenatzen jarraitzen du, egunean bi aldiz. Konfinamenduaren berri jakin zuenean, "pena" sentitu zuen, baina argi du halako egoera larrietan jendearen osasuna dela garrantzitsuena.

Nola ari zara bizitzen itxialdiko garai hau?
Sufritzen. Denbora ateratzen dugu beste gauza batzuez gozatzeko, baina luze egiten da hainbeste ordu etxean sartuta pasatzea. Aprobetxatzen ari naiz ikasteko eta ahal den heinean entrenatzen jarraitzeko, baina gogorra egiten ari zait. Ez zait gustatzen etxean egotea. 

Koronabirusaren krisialdia sortu zenean klub askok entrenamenduekin eta ikuslerik gabeko partidekin jarraitu zuten. Zein izan zen zuen kasua, Bidasoan?
Madrilen jokatu genuen azken partida, Errege Kopakoa, martxoaren 8ko asteburuan. Zalantzak izan genituen partida hori jokatuko ote zen, baina azkenean aurrera egin zuten, eta ohiko baldintzetan jokatu genuen, ikusle eta guzti.

Madriletik itzuli eta aste horretan entrenatzen jarraitu genuen, ostegunera arte. Okerrera zihoan egoera, eta hurrengo bi jardunaldietako partidak ikuslerik gabe jokatuko genituela esan ziguten. Partida horiek, ordea, ez ziren iritsi; berehala erabaki zuten txapelketa bertan behera uztea.

Nola gogoratzen dituzu egun haiek?
Egun horietan ezjakintasuna zen nagusi. Ikusleak beraien artean kutsatzeko arriskua bazegoen, gu geure artean kutsatzekoa ere bazegoela uste genuen. Egunez egun egoera larritzen ari zela ikusi genuen.

Gogoratzen naiz konfinamenduaren berri jasotzean pena sentitu nuela, baina argi dago horrelako egoera batean garrantzitsuena jendearen osasuna dela. Egoera nahiko larria da, eta guztiok jarri behar dugu geure partea egoera honetatik onik ateratzeko. 

Goi mailako kirolaria izanik, itxialdian ere forma fisikoa mantendu beharko duzu?
Oraindik ez dakigu jokatzen jarraituko dugun edo bertan behera utziko duten Asobal liga. Entrenatzen jarraitu behar dugu badaezpada. Etxean eliptika bat daukat, goma batzuk ere bai, eta erresistentzia lantzen dut.

Egunean bitan egiten dut lan: goizean indarra lantzen dut flexio, abdominal eta gomekin ariketak eginez. Arratsaldean lan aerobikoa egiten dut eliptikaren bidez edo sokasaltoan arituta. Ez dakigu jokatu beharko dugun, eta forman egotea komeni zaigu, baina egia da bestela ere ariketa egitea gustatzen zaidala. 

Klubeko prestatzaileekin baduzu halako programarik egiteko egunean zehar?
Entrenatzaileak bidali zizkigun ariketak, egunero ariketa ezberdinak lantzeko, aukerekin. Adibidez, erresistentzia eta ariketa aerobikoak lantzeko bizikleta, zinta edo eliptika dutenak entrenamendu mota hori gomendatu diete, eta ezer ez dutenei zumba, aerobik eta halakoak. Interneten badaude adibideak, eta horietako batzuk bidali zizkigun. 

Etxe barruan egonda ez da ba izango erraza halako prestaketak egitea.
Ez. Gainera, ohituta gaude gimnasioan egitera, material askorekin, denetarik lantzeko. Etxean ahal den moduan aritzen gara. Aerobikoa lantzea ez da zaila, entrenamendu horietako bat eginda ez duzulako material askorik behar. Indarra lantzea zailagoa da, etxean ez daukazulako, esaterako, pisurik. Hala ere, saiatzen gara ahal den moduan lantzen. 

Sailkapenean goi postuetan zeundeten. Txapelketarekin zer gertatuko den ba al dakizu? Horrela geratuko den, aurrera jarraituko duen...
Duela egun batzuk batzar bat izan zuten, eta talde batzuk maiatzaren erdialdetik aurrera jokatzearen alde agertu ziren. Beste batzuen ustez, denboraldia bukatzea zen justuena: haiek diote denbora asko igaroko dugula etxetik irten gabe ahal den moduan entrenatzen, eta denbora bat beharko dugula berriz ere forma hartzeko.  

Laugarren geunden, Bartzelona, Ademar eta Logroño genituen aurrretik. Guk Bartzelonaren eta Ademarren aurka jokatu genuen. Ez dakigu liga bertan behera geratzen bada oraingo sailkapena hartuko duten kontuan, edo lehengo urtekoa. Ez dakigu zer gertatuko den, eta adi egongo gara, gauza asko daudelako jokoan: Europan jokatzeko aukera datorren urtean, igo edo jaitsiko diren taldeak... erabaki zaila da, eta uste dut ezinezkoa dela talde denekin justua izatea. 

Klub askotan lana aldi baterako erregulatzeko txostenak (ERTE) ari dira zabaltzen. Zuen kasuan, Bidasoan, halakorik izango ote den badakizue?
Kirol talde askok, eta Asobal ligako batzuk ere bai, lana aldi baterako erregulatzeko txostena aplikatu diete jokalariei. Guri oraingoz ez digute ezer esan, printzipioz normal jarraituko dugula besterik ez. Beraiek ere ez dakite zer gertatuko den, baina eskertzekoa da klubaren aldetik konpromiso hori. 

Zer eragin izango du krisi honek zuen munduan, eskubaloian? Talde batzuk desagertuko ote dira? Normaltasunera itzuliko ote da?
Ez dakit, baina duela urte batzuetako krisiaren ondoren eskubaloiak asko sufritu zuen. Babesle askok krisiaren ondorioz publizitatea kendu zuten, eta ondorioz, talde askok indarra galdu zuten. Jokalariekin zorretan geratu ziren ekipoak, fitxatzeak ere egin gabe utzi zituzten... Asobalek maila galdu zuen, eta talde asko desagertu ziren.

Azken urteotan ligako maila goraka zihoan, eta ekonomikoki ere hobetzen ari zen. Espero dut honek ez duela horren gogor joko. Ea horrelako beste egoera bat bizi beharrik ez dugun, eskubaloiarentzat eta guretzat txarra izango litzateke eta. Espero dut taldeak ez desagertzea eta honi aurre egiteko gai izatea. Azken urteetako lerro hori jarraitzea gustatuko litzaidake. 

Ikaslea ere bazara, ezta? Honek ere eragin zuzena izango zuen zure ikasketetan.
Ondo etorri zait ikasketetarako. Eskubaloiarekin ia ezinezkoa egiten zait klaseetara joatea, eta nire kontura egiten dut dena. Egun hauetan online ari dira klaseak ematen. Jarraitzen ari naiz, apunteekin, eta ondo ari naiz. Entretenituta egoten naiz, eta eskertu ta dena egingo dut alde horretatik. Nire ikaskide askok diote ez dela gauza bera bertatik bertara edo online, baina niri behintzat, ikasteko balio dit. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide