Negu luzea arraunlarientzat

IƱigo Gaiton 2020ko api. 1a, 19:33

Koronabirusak bete-betean eten du arraunlarien prestaketa, uretan ordu gehiago egiten hastera zihoazen urte garaian. Udan zer gertatuko den jakin gabe, etxean entrenatzen jarraitzen dute. Telmo Deun arraun taldeko Iñaki Larrañaga entrenatzailearekin eta Uxoa Irigoien arraunlariarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak, eskualdeko arraunlariekin egin den erreportaje baterako.

Traineru baten errendimeduan talde indarra da faktorerik erabakigarrirena: tripulazioko kide guztien arteko kohesioa.  Estropaden osteko adierazpenetan, oso ohikoa da arraunlariek edo prestatzaileek blokearen garrantzia azpimarratzea; alegia, arraunlari guztien indarrak norabide berean joatea eta arraunketa konkretu bati leial izatea. Horrek ematen dio txalupa bati abiadura. 

Normalean, arraun taldeek udaberritik aurrera lantzen dute aipatutako kohesio hori. Negua lan fisikoa egiteko baliatzen dute; “lan zikina”, arraunlarien ahotan: korrika egin, ergometroan orduak sartu, gimnasioan indarra landu… Hilabete horietan, ordea, gutxi ateratzen dira uretara. Udaberriarekin batera iristen zaie traineruan orduak sartzen hasteko tenorea; hitz gutxitan esanda, arraunaz gozatzen hasteko garaia. Aurtengoan, ordea, beren ohiko zikloak etena izan du koronabirusaren ondorioz. Arraunlariak etxean entrenatzera behartu ditu COVID-19 gaitzak; tableta edo ordenagailuetan itsasoko estropadei begira dabiltza asko, etxeko egongelan ergometroan ari diren bitartean. Ohi baino gehiago ari zaizkie luzatzen neguko lan zikinak.

Baikor udari begira

Zumaiako arraunlariak ere etxean entrenatzen dihardute. Itxialdia hasi baino lehenago ergometroak elkarteko arraunlarien artean banatu zituzten, eta orain, nolabait, lehorrean uretan egin beharreko lana ordezkatzeko ahaleginean ari dira. Hala azaldu du Iñaki Larrañaga gizonezko traineruaren entrenatzaileak. “Egoera honetan, arraunlariak ez ditut aurrez aurre ikusten, eta niretzat zailena, beharbada, haiei animoak ematea da, distantziatik motibatzea”, zehaztu du. 

Larrañagak ere ez daki udan zer gertatu daitekeen: “Oraindik ez dakigu egora hau zenbateraino luzatuko den. Badakit antolakuntzakoak bilerak egiten jardun direla, koronabirusaren arazoak iraun dezakeenaren arabera, estropadak jokatzeko aukera desberdinak aztertzeko, baina oraindik goizegi da ezer zehatzeko”, dio Larrañagak. 
Taldeko partaideei dagokionez, oraindik ondo ikusten ditu entrenatzaileak: “Bai, oraindik gogotsu daude. Egoera honetan maiatzean egongo bagina, beste gauza bat izango litzateke, baina oraindik badute gauzak hobera egingo duen esperantza, denbora tarte pixka bat badugu alde”, dio baikor. Uztaila hasieran lehiatzen hasteko aukera jarri du mahaigainean. 

Koronabirusak ekarritako etenak udako denboretan izan dezakeen eraginaz galdetuta, denboraldi hasieran atzeman daitekeela uste du Larrañagak. “Aurreneko estropadetan, beharbada, ohi baino denbora txarragoak egin ditzakete txalupek, erritmo faltagatik. Gero, ordea, asteak aurrera joan ahala, uste dut bakoitzak emango duela betiko maila”. Gaitzak eragindako osasun larrialdiak luzerako jo dezakeela uste arren, baikorra da: “Aste Santua pasata, jendea pixkanaka lanera itzuliko dela iruditzen zait, eta udan, zorte pixka batekin, estropada batzuk ere jokatuko ditugula uste dut”.  

Kasta atera eta aurrera

Uxoa Irigoien Zumaiako emakumezkoen traineruko arraunlaria da. Mendi lasterketetan goi mailan ibili ostean, iaz hasi zen arraunean. Etxean, lana eta entrenamenduak uztartzen dihardu. “Irakaslea naiz ofizioz, eta nahikoa lan badugu egunotan. Hala ere, gaitzerdi, lanari esker eguna azkarrago pasatzen delako. Eskolako zereginak bukatutakoan, ergometroan aritzen naiz balkoian, bizilagunen animoekin!”, poztu da. “Aurretik mendian ibilia izanik, entrenamenduetan naturarekin harreman zuzena izatera ohituta nago. Orain, etxean, burugogorkerian aritzen naiz agindutako lanak egiteko”. 

Zumaiako traineruak baja batzuk izan dituela eta, aurten kosta egin zaie martxa hartzea. “Aste hauek eten handia izango dira. Poliki-poliki, martxa hartzen hasiak ginen, palada altuagokoetan arraun egiten, eta denboraldiaurreko puntu garrantzitsuan harrapatu gaitu birusak”, zehaztu du. Bere kasuan, arraunean bigarren urtea izanik, etenak gehixeago eragin diezaiokeen galdetuta, zera erantzun du: “Aurten erosoago sentitu naiz ergometroan eta uretan. Teknikari dagokionez, iaz oinarria hartu nuen, eta aurten, lasaiago ari nintzen arraunean, gozatzen”. Etenak eten, badaki tostartean konfiantza hartzeko zer egin behar duen: “Kasta eta gogoa jarrita, hartuko ditut berriz arraunketa eta konfiantza”. 

Zumaiako tripulazioan, eskualdeko gainontzekoetan bezala, ez da motibazio faltarik. “Taldekideon artean giro bikaina dugu, birtualki bada ere. Koronabirusarekin bizitako honek mentalki indartsuagoak egingo gaituela uste dut, eta itzuleran, gogo handiagoarekin helduko diogu arraunari”, dio baikor Irigoienek. Tripulazioko lagunez eta itsasoaz gain, kaleko giroa ere botatzen du faltan : “Getariarra izanik, herriko saltsa faltan sumatzen dut. Udaberrian kaleak bizi-bizi egoten dira, eta gauza ederra da batekin eta bestearekin juntatzea”. Izate baikorrekoa da, eta bi aste barru etxetik ateratzeko esperantza duela esanez agurtu da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide